Jose Luis Ribera Valladolidera

Jose Luis Ribera Valladolidera joango da Gaizka Garitanorekin batera. C.D. Anaitasunaren Ohorezko mailako taldea zuzentzeko ardura hartu zuen udan. Ilusio handiz hartu zuen herriko taldea gidatzeko kargua, baina Valladolidetik iritsitako eskaintzari ezin izan dio ezetz esan eta Bigarren mailako talde honetan arituko da datorren denboraldian.

Dena egina zegoen, uztailaren amaieran hasteko prest, baina aurten ez dugu Anaitasunako entrenatzaile ikusiko Jose Luis Ribera, Bigarren Mailako Valladolid taldera joatea erabaki baituzu Gaizka Garitanorekin batera. Pasatzen uzterik ez zegoen trena?

Nire ilusioa Anaitasuna entrenatzea eta laguntzea zen, beste aukera batzuk agertu badira ere azkeneko asteetan. Nik garbi nuen hori horrela ez izateko posibilitate bakarra profesional mailatik aukera on bat etortzea zela. Egia esan ez nuen espero, baina sortu egin da eta ezin nuen ezetz esan

Garitanok zurekin bat egin nahi izan du Valladoliden. Zein izan da bere lan taldean sartzearen arrazoi nagusia?

Hori Gaizkari galdetu beharko zenioke, baina berarekin hitz egiten ostean iruditzen zait nire esperientzia eta nire analista gaitasuna hartu dituela kontuan ni beraien lan taldeko kide izateko

Maila handiko taldeetan egon zara, Lehen Mailan bereziki. Zein izan zen Anaitasuna zuzentzeko hartu zenuen erabakiaren arrazoia?

Nik profesional mailako futbola eta afizionatu mailako futbola desberdintzen ditut, eta afizionatu mailan niretzat gustora egoten ahalegindu eta ilusioa sortzen dizun lekuan egotea dira garrantzitsuenak eta Anaitasunak hori ematen zidan

Ribera Staff Teknikoa

Jose Luis Ribera Valladolideko lan taldean, ezkerretik bigarrena (Argazkia: Real Valladolid)

Herriko jokalariekin osatutako taldea nahi zenuen, gazteekin osatutakoa...

Bai, gutxienez hemengo mutilek aukera hori izatea garrantzitsua da niretzat. Dudarik gabe aurrera begira, etorkizunera begira Anaitasunantzat oso ona izango dela uste dut eta gainera une honetan taldean maila oneko jokalariak daudelakoan nago 

Anaitasunaren eskaintza onartuta zenuela, zein helburu jarri zenion denboraldi berrirako zeure buruari?

Neuk dudan ilusioa transmititzea. Jokalariek ahalik eta gehien disfrutatzea eta futbolari zein pertsona bezala hazten laguntzea

Eta zer helburu lortzeko moduan izango zinetela uste duzu?

Gure helburu nagusia futbolean disfrutatu eta ahal dugun errendimendu altuena lortzea izan beharko luke

Nahiz eta Valladoliden egongo zaren, zure prestutasuna agertu duzu urrundik Anaitasunari laguntzeko...

Noski baietz. Hasteko eta garrantzitsuena, Anaitasuna barruan dauden pertsona guztiek merezi dutelako, bai bere tratuagatik eta beraiek egiten duten lanagatik, eta bestetik Anaitasunari laguntzeko ilusioa mantentzen dudalako

Aurten gertu egon zara Gorrixen taldea zuzentzetik. Aukera sortzen bada etorkizun batean itzultzeko asmoz zoaz?

Espero dut aukera hori berriz sortzea eta Anaitasunak nigan konfiantza berdina izatea