Ohorezko mailaren aurredenboraldia

Liga txapelketa irailean hasiko da eta C.D. Anaitasunak jada erabakita ditu aurredenboraldian jokatu beharreko partidak. Denera sei partida jokatuko dituzte Igor Quindos entrenatzaile berriaren aginduetara. Horietatik lau abuztuan izango dira eta azkeneko biak iraileko lehen asteburuan, Liga hasi baino astebete lehenago.

LagunartekoakAnaitasuna

Lehenengo partida abuztuaren 8an jokatuko dute Ohorezko mailako mutilek aurten mailaz igotzea lortu duen U.D. Aretxabaletaren aurka Ibarra futbol zelaian. Bigarrena, abuztuaren 13an jokatuko dute Txerloian bertan. Andramari Saria izango da eta aurten arerio gogorra izango dute. Hirugarren Mailan denboraldi dotorea egin duen Beasainen aurka jokatuko dute, hain zuzen, aurredenboraldiko bigarren partida.

Abuztuaren 22an, larunbatean Zarautzera egingo dute bidaia hirugarren lagunartekoa jokatzeko. Asti futbol zelaian Zarautz eta Anaitasunaren arteko lagunartekoa izango da eta datorren larunbatean, 29an Txerloian Elorrioren aurka jokatuko dute Quindosen mutilek.

Irailean azken bi lagunartekoak joaktuko dituzte gure mutilek. Lehena bigarren egunean, Zumarragan, Urola taldearen aurka. Liga hasi aurreko azken lagunartekoa, berriz, iraileko lehen larunbatean jolastuko dute, irailaren 5ean, Karla Lekuona futbol zelaian Oiartzun taldearen aurka. Oiartzuarrak aurten Hirugarren Mailatik jaitsi dira eta beraz ez da Oiartzunera egingo duten azken bidaia izango iraileko lehen asteburuan egin beharrekoa. 

Partida hauen orduak zehaztu gabe daude oraindik eta erabaki bezain laster jakinaraziko dira partida guztiek ordutegiak.