Infantilen 1go mailakoak finaletik kanpo

Errenterian bi eta huts galdu ostean, agur esan diote finalean egoteko aukerari eta baita denboraldiari ere

Partida garrantzitsua zuten aurretik Infantilen 1go mailako mutilek eta urduritasunak nabari ziren berdegunean. Anaitasuna jokatzeko intentzioarekin zelairatu zen eta futbol zelaian ere nabaritu egiten zen gure taldea gehiago zela. Etxekoak kontraerasoan irteten ziren, aurrelari azkarra baitzuten eta Anaitasunaren atzelarien bizkarra aurkitzen saiatzen ziren unero.

Etxekoek bi aukera arriskutsu egin zituzten, batik bat geldikako jokaldietan, baina Anaitasunak ere izan zituen bereak. Atsedenaldira hutsena iritsi ziren, baina bigarren zatian hobeto zelairatu zirela ematen zuen. Hala ere, gola egin zutenak etxekoak izan ziren. Falta ez zen jokaldi batean falta adierzi zuen epaileak Beti Onaren alde eta ederki baliatu zuten etxekoek aukera bat eta huts aurretik jartzeko.

Partida asko zaildu zion gol honek Anaitasunari, baina gola egiteko aukerak ere izan zituen. Gureak aukerak izaten ari zela ikusita, etxekoak denbora galtzen hasi ziren. Amaitzeko minutu gutxi falta zirela bigarrena egin zuten errenteriarrek.

Pena handiz agurtu zuten denboraldia Infantilen 1go mailakoek, baina denboraldi polit eta serio bat burutu eta gero, finalera sartzeko pauso batera gelditu baitira Tomax Guembe eta Mikel Antsorregiren mutilak.