Harrobiko talde askoren denboraldiko azken partiden kronikak

Pasa den asteburuan ezeren gainetik Infantil nesken A taldeak Añorgan egindako balentria aipatu behar da. Rezolan bi eta hiru irabazi ostean, asteburu honetan jokatuko den finalerako txartela lortu baitzuten. Honez gain, Infantil Txikiek egindakoa ere azpimarratzekoa. Sailkapeneko liderrari irabazi bi eta huts irabazi baitzioten. Parte-hartzeko alebinek ere modu ederrean agurtu zuten denboraldia, Bergarari 9-1 irabazita.

Harrobia

 Ohorezko kadete mutilek Txerloian jokatutako partidaren argazkia (Argazkia: Nagore Orbea)

Preferente maila

Lagun Onak 4
Anaitasuna CD 1

Denboraldia eta maila agurtu zituzten Preferenteek larunbatean Garmendipen

Denboraldi luze honetako azken partida zuten Preferenteek aurretik larunbatean. Azpeitiarren aurka, Lagun Onaken jolasten zuten. Partida berezia da, eta oraingoan bereziago izan zen etxekoek mailari eustea zutelako jokoan, baina bereziki gureentzat, taldeko kide batzuk azkeneko aldiz jantziko zutelako Anaitasunaren elastikoa.

Partida hasieratik jokatzeko ideiarekin irten zen taldea. Azpeitiarren presioa ona izan zen hasierako minutuetatik eta horrek ez zieten utzi gureei nahi adina jolasten. Hala ere, partidan aurrea hartzea lortu zuen taldeak Igor Suduperen gol bati esker. Argi ibili zen Sudupe eta bere azkeneko partidan gola egitea lortu zuen.

Esan bezala, etxekoek jaitsiera zuten jokoan eta hori horrela izanik partidaren bila joatera behartuak izan ziren. Kosta zitzaien aurrerapauso hori ematea, baina atsedenaldira iritsi aurretik partida berdintzea lortu zuten.

Bigarren zatian, intentsitatean behera egin zuen taldeak eta ez zen partidan guztiz sartuta egon lehen zatian egon zen bezala. Inork partida kontrolatzea lortzen ez bazuen ere etxekoak izan ziren gola egin eta markagailuan bigarren gola egitea lortu zutenak. Handik minutu gutxira partida erabakita utzi zuen Lagun Onakek hirugarren gola eginda. Epaileak amaiera eman aurretik laugarrena ere egin zuten etxekoek.

Helburuak betetzerik ez dute izan denboraldian, baina lagunarte eta momentu on asko utzi dituen urtea izan dela adierazi dute entrenatzaileek

Ohorezko kadete mutilak

Anaitasuna CD 0
Amaikak Bat 1

Ostiral arratsaldez Txerloian jokatu zuten Ohorezko kadete mutilek denboraldiko azken partida

Jokalariek ilusioz ekin zioten partidari, Txerloian jokatu duten partida bakarrenetarikoa izan baitzen ostiralekoa. Egunean zehar botatako euriak zelaia azkarra egotera eraman zuen eta taldeari asko kostatu zitzaion. Baloiaren bote azkarrek eta kontrolak egiteko zailtasunegatik taldeak ez zuen duen bertsiorik onena erakusterik izan.

Partida aukera gutxikoa izan zen. Amaikak Batek pare bat garbi izan zituen eta horietako batean Anaitasunaren atea zulatzea lortu zuten jokaldi polit baten ostean. Anaitasunak ez zuen asmatu baloiarekin aurrera egiten eta ez zuen aurpegirik ematerik izan debarren aurrean. Mikel Zubizarretak izan zituen garbienak. Lehena area barruan atezainak kornerrea bidali zuena eta bestea zelai erditik egindako jaurtiketan eta atezainak gaindituta zegoela, gutxigatik kanpora joan zitzaion.

Nahiz eta porrota jaso, etxera gustora joan ziren gazteak. Txerloian jokatzeak eragiten duen pozaren ondorio. Modu honetan amaitu dute denboraldia Ohorezko kadete mutilek.

Ohorezko kadete neskak

Oiartzun 0
Anaitasuna CD 2

Larunbat goizean beste garaipen bat lortu zuten Ohorezko kadete neskek

Kadete neskak bigarren itzuli bikaina ari dira egiten eta larunbat goizean, huts eta bi garaitu zuten Oiartzun Karla Lekuona futbol zelaian, Nagore eta Maiderrek lorturiko bi golei esker.

Datorren asteburuan denboraldiari agur esango diote Sorkunde Garate eta Ibon Orbearen neskek. Txerloian jokatuko dute sailkapeneko azken postuan den Ordiziaren aurka.

Kadeteen 1go maila

Anaitasuna CD 2
Aretxabaleta 2

Igande goizean azken hatsean lortu zuten berdinketa Kadeteen 1go mailako mutilek

Partida berdinduta hasi zen, nahiz eta lehen 20 minututan Aretxabaletak bi aldiz jo zuen langa. 25. minutuan kontraeraso batean Emmanuelek gola egin zuen gureentzat eta atsedenaldira arte golari eutsi eta bat eta huts joan ziren aldageletara.

Bigarren zatia hasi eta berehala banakoa egin zuen Aretxabaletak. Anaitasunak eraso egiteko aukera handirik ez zuen izan, baina atzeko lerroan ere estuasunik ez zuten pasa. Luzapenera iristeko bost minuturen faltan hegaleko falta batean, bat eta bikoa egin zuten kanpokoek. Zalantzako jokaldia izan zen, etxekoek jokoz kanpo eskatzen baitzuten. Luzapeneako azken minutuan Anaitasunak partida berdindu zuen korner jokaldi batean, Julen Olaizolak buruz berdinketa ezarri zuen Txerloian.

Modu honetan amaitu dute denboraldia Kadeteen 1go mailako mutilek. Igoera fasean ez dira fin ibili, baina denboraldi txukuna burutu dute Aitor Azpitarte eta Xabier Andreuren mutilek

Infantilen 1go maila

Beasain 0
Anaitasuna CD 11

Larunbat goizean gol erakustaldia eman zuten Infantilen 1go mailako mutilek Beasainen

Bosgarren minuturako aurretik jarri zen Anaitasuna. Joanes orbeak zelai erditik egindako falta jaurtiketa zuzenean sareetara joan zen. Beasaini baloiak ez zion ezer irauten eta Anaitasuna lasai aritu zen, nahi bezala. Gauzak horrela atsedenaldira hust eta bosteko emaitzarekin joan ziren.

Bigarren zatian berdin-berdin irten ziren zelaira gureak berdegunera. Beasainen partetik zerbait gehiago espero arren, alderantziz izan zen, oraindik eta lasaiago aritzeko moduan izan ziren gureak. Anaitasunako atezainek ez zuten lanik izan ia, etxekoek ez baitzuten arriskurik sortu. Anaitasunak golak egin eta egin jarraitu zuen, hamabigarreneraino iritsi arte.

Golegileak: Unai Guembe (3) Jon Zubizarreta (2) Mikel Espinako (2) Aimar Guembe (2) Joanes Orbea, Joseba Ferriz

Orain Kopa lortzeko azken faseari ekingo diote Tomax Guembe eta Mikel Antsorregiren mutilek.

Infantil Txiki

Anaitasuna CD 2
Aloña Mendi 0

Larunbat goizean sailkapeneko liderrari irabazi zion Infantil Txiki mailako taldeak

Partida ona jokatu zuen Infantil txikiko taldeak eta oñatiarrak baino askoz gehiago erakutsi zuen. Lehenengo zatian gureek aukera batzuk egin zituzten. Aldiz, kanpokoek ia ez zuten arriskurik sortu Anaitasunako ate inguruan. Atsedenaldirako minutu baten faltan, ezker hegaletik Ander Matas eta Carlos Juaristik jokaldi dotorea burutu zuten eta azken honene erdiraketa Julen Larrañagak atea hutsik zela sareetara bidali zuen.

Bigarren zatian partida orekatuagoa izan zen eta aukera bi aldeetan izan ziren. Hasi eta hamar minutura Hegori Garatek penaltia huts egin zuen, langara jaurtiz, baina handik minutu gutxira Inhar Subinasek bi eta hutsekoa egin zuen. Hortik aurrera, Aloña Mendi gehiago izan zen, baina Joanes Errasti atezainak egindako geldiketa dotoreri esker, taldea salbatuz garaipena etxean gelditu zen.

Infantil neskak A

Añorga 2
Anaitasuna CD 3

Infantil nesken A taldeak larunbatean jokatuko den Ligako finala jokatuko du

Pasa de larunba eguerdian garaipena eta finalerako txartela lortu zuen Anaitasunako Infantil nesken A taldeak eta larunbatean Zubieta Z5 berdegunean Tolosaren aurka neurtu beharko ditu indarrak.

Lehen zati borobila izan zen eta errenta ona hartu zuten ondorengo bi zatietara begira. Leire Uzinek lehena eta Jone Larrañagak bigarrenez egindako golari esker huts eta bikoarekin amaitu zen lehen zatia.

Bigarrenean Ihintza Arakistainek gol bat egin eta errenta handitzearekin batera finalerako txartela erdi lotuta utzi zuen. Baina azkeneko zatian gauzak estutu egin zizkien Añorgak eta bi gol egin ostean amaieran sufritzea egokitu zitzaien Aleson eta Aliren neskei.

Larunbatean jakingo da, beraz, Ligako txapeldun gelditzen diren edo ez gure neskak

Alebin parte-hartzea

Anaitasuna CD 9
Bergara 1

Igande goizean jokatutako partidan Anaitasunak erraz gainditu zuen Bergarako taldea denboraldiko azken partidan

Lehen zatia ez zen nahi bezela hasi eta partida nahiko parekatua izan zen. Nahiz eta Anaitasunak aukera batzuk izan zituen markagailuan aurretik jartzeko, ez zuten Bergarakoen atea zulatzerik izan eta hutsean amaitu zen lehen zatia.

Bigarrenean hobeto atera ziren berdegunera gureak eta jokaldi nahasi baten ondoren lehen gola egitea lortu zuten. Hortik aurrera partida errazago joan zen eta bi eta hutsekoa Bergarako atzelariak bere atean sartu zuen gureen jokaldi on baten ondoren.

Geldikako jokaldi batean Bergarak markagailuan aldea murriztea lortu zuen, baina Anaitasunak ondo erreakzionatu zuen gol horren aurrean eta hirugarren gola egin zuen bigarren zatia amaitu aurretik. Horrenbestez bigarren zatia hiru eta bateko emaitzarekin amaitu zen.

Azken zatian Anaitasunak bigarren zatia amaitu bezala, gogor eta gogo handiarekin irten ziren San Juaneko zelaira. Gogo hori berehala islatu zen, azken zati honi ekin eta bi gol jarraian egin eta gero. Partidak hortik aurrera ez zuen kolorerik izan eta golak erreskan iritsi ziren azken bederatzi eta batekora iritsi arte.

Golegileak: Julen Moto (5), Iñaki Pablos (2) 1 Enaitz Osa, eta bestea Bergarako atzelariak bere atean

Honenbestez, amaiera ezin hobea eman zion Anaitasunako alebin parte-hartzeak 2014-15 denboraldiari.