Infantil nesken A taldea finalerdietan

Infantil nesken A taldeak daraman denboraldia aipatzekoa da. Larunbatean Añorgako futbol zelaian Ligako Azken faseko finalaurrekoa jokatuko dute beste multzoan lehen postuan gelditu den Añorga K.K.E. taldearen aurka. Aleson eta Aliren neskek sekulako denboraldia daramate, partida bakarra galdu baitute gaur arte.

Gure taldeak datu aipagarriak eman ditu. Jokatutako 22 partidetan 164 gol lortu dituzte. Lehen fasean hamabi partida jolastu eta guztiak irabazi ostean, multzoko lehen postuan amaitu zuten eta ia ehun gol egitera iritsi zen Aleson eta Alik gidatzen duten taldea. Jaso berriz bederatzi egin zituzten.

Bigarren fasean gauzak zaildu eta aurkari gogorragoak aurkitu ditu Anaitasunak. Hala ere, zazpi partida irabazi, bi berdindu eta bakarra galdu dute. Aldeko 67 gol egin dituzte gure neskek eta 14 gol jaso zituzten.

infantilneskaka

Infantil neskak denboraldi bikaina ari dira burutzen eta larunbatean finalaurrekoa jolastuko dute

Egindako lanak bere fruituak eman ditu eta larunbatean Añorgako Rezola futbol zelaian etxeko taldearen aurka neurtu beharko dituzte indarrak gure neskek. Aurrean talde sendo eta gogor bat izango dute. Añorgarrek ere jokatutako 22 partidetatik bakarra galdu dute eta lehia estua eta polita espero da larunbat eguerdian. Defentsa lanean gogor aritzen den taldea izango du aurrean Anaitasunak, 15 gol jaso baitituzte añorgarrek denboraldi osoan zehar.

Gureek finalaurrekoa irabazten baldin badute datorren asteburuan jolastuko den finalean izango dira. Beste finalaurrekoan Tolosarren arteko derbia izango da. Tolosa A taldeak, Tolosa B taldearen aurka jolastuko du eta horko irabazlea izango dute aurrean gureek finalerako sailkatzen badira.