Harrobian hiru garaipen asteburuan

Harrobiko taldeek jokatutako bederatzi partidetatik hiru garaipen batu dira soilik, baina ez edonolakoak. Infantilen 1go mailako mutilek Zestoa menderatu ostean multzoko lidertza ziurtatu dute eta Kopa lortzeko azken partidei ekingo diete. Infantil nesken A taldeak Txerloian Añorga B taldea menpean hartu ostean, asteburuan izango den finalaurrekorako txartela lortu zuen. Errendimenduko alebinek ere denboraldia garaipen batekin agurtu zuten.

Preferente maila

Anaitasuna CD 0
Ilintxa 1

Larunbat arratsaldean porrota jaso zuten Txerloian jokatutako partidan

Ilintxa jaisteko arrisku larrian da eta larunbateko partida galduz gero amildegira hurbiltzen zen. Anaitasunaren partetik aldiz, aurreko partidetan baino motibazio puntu bat gehiagorekin atera ziren zelaira, Txerloian denboraldi honetan lehen aldiz jokatzen baitzuten.

Berdegunea egoera bikainean zegoen eta partida hasieratik atzetik jokatzeko eta partidaren agintea hartzeko helburuarekin irten ziren gureak. Hala ere, gauzak ez zitzaizkien nahi bezala irten. Ilintxaren presioa ona izan zen eta ez zieten uzten agintea guztiz hartzen zeuden egoera eta zuten jokatzeko moduagatik.

Aukera handirik ez zen izan. Lehen zatia amaitu aurretik, Anaitasunaren atzeko lerroko jokaldi nahasi batean Ilintxak partidako gol bakarra egin zuen eta partida markagailu horrekin iritsi zen atsedenaldira. Bigarren zatian lasai irten ziren zelaira, intentsitatea galdu gabe. Aukerak sortzen hasi zen taldea, baina Ilintxa gogor saiatu zen defentsa lanean. Aldaketak ere izan ziren. Jokalari batzuentzat Anaitasunako elastikoa Txerloian janzten zuten azkeneko aldia zen.

Partida amaitzeko hamabost minuturen faltan Ilintxako atzelari batek bigarren txartel horia ikusi zuen. Gutxi falta zen eta gelditzen zen denbora beraien zelaian egin zuen Anaitasunak. Hala ere, ezin izan zuten golik egin eta merezi ez zuten porrota jaso zuten Preferenteek.

Denboraldiko azken partida Lagun Onaken aurka jokatuko dute Garmendipen. Beste behin bizia jokatzen duen arerio baten aurkako partida izango da eta ez da inola ere partida erraza izango Anaitasunarentzat.

Ohorezko kadete mutilak

Ordizia 1
Anaitasuna CD 1

Larunbat goizean berdinketa Ordiziako Altamira futbol zelaian

Lehen zatian oso ondo jokatu zuten gureek, intentsitate handiarekin eta baloia ondo mugituz. Hamabosgarren minutuan Joanesek lortutako gola ezerezean utzi zuen epaileak joko kanpoko posizioan zegoela argudiatuz, baina ez zen hain garbia izan. 25. minutuan jarri zen aurretik Anaitasuna, korner jokaldi batean Danelek buruz errematea sareetara egin ostean. Minutu oso onak eduki zituen Anaitasunak. Ordiziak, berriz, bi aukera sortu zituen, biak estrategia jokaldietan.

Bigarren zatiko lehen hogei minutuak orekatuak izan ziren eta ordutik aurrera Ordizia hobeto jokatzen hasi zen. Beraiek ere korner jokaldi batean lortu zuten gola. Azken hamar minutuak zoroak izan ziren eta Altamiran edozer gerta zitekeela ematen zuen. Etxekoek bi edo hiru aukera izan zituzten, bat oso garbia eta gureek beste bi. Horietako batean, Mikel Zubizarretak falta jaurtiketa bat langara bidali zuen baloia eta azkeneko jokaldian Julenek atezainaren eskuetara egin zuen jaurtiketa bakarrik zegoela.

Aurreko astetik itxura hobea eman zuen taldeak eta entrenatzaileen aburuz "hau da jarraitu beharreko bidea". Seigarren amaituko du denboraldia Anaitasunak eta datorren astean Amaikak Bat taldea jasoko dute San Juanen.

Kadeteen 1go maila

Beti Gazte 7
Anaitasuna CD 1

Larunbat arratsaldean porrot gogorra jasota itzuli ziren Lesakatik

Partida txarra burutu zuten Kadeteen 1go mailako mutilek. Orduerdirako hiru eta huts ziren atzetik, eta gureek egindako edozein huts baliatu zuten etxekoek gola egiteko. Horren ondorioz hiru gol egin zituzten nafarrek. Atsedenaldira iritsi aurretik Espinakok aldea murriztea lortu zuen, baina atsedenalditik bueltan 15 minututan beste lau gol egin eta partida ondo erabakita utzi zuten etxekoek.

Ordutik aurrera Anaitasunak markagailua itxuratzeko aukerak egin zituen, baina ez ziren oso fin ibili. Baloia izan zuen, baina ez zen minik egiteko gai izan. Etxekoak oso eroso ibili ziren eta baloia hartzen zutenean ondo mugituz areara iritsi eta aukerak sortzen zituzten.

Datorren jardunaldian goiko postuan den beste talde bat hartuko dute, Aretxabaleta.

Infantilen 1go maila

Anaitasuna CD 3
Zestoa 1

Larunbat arratsaldean beraien multzoko lehenengo postua ziurtatuta utzi zuten Infantilen 1go mailako mutilek eta Kopa lortzeko borrokan sartu dira

Partidara oso urduri atera ziren gure jokalariak, pase errazak huts eginez eta Zestoari aukerak sortzeko erraztasunak emanez. 10. minutuan, kontraeraso batean Zestoak huts eta batekoa egin zuen. Asko zuten jokoan bi taldeek, lehen postua lortuko baitzuen partida irabazten zuenak. Anaitasuna horren jakitun zela nabari zen zelaian eta ez zuen arriskurik sortu inolaz ere. Atsedenaldiaren aurretik jokaldi arraro baten ostean Jon Zubizarretak aldaratze bat baliatu zuen banakoa ezartzeko eta taldea partidan sartzeko.

Bigarren zatian beste Anaitasuna bat ikusi zen, urduritasunik gabea eta partidaren bila zihoala zirudiena. Pixkanaka Zestoa baino gehiago izaten hasi zen. 10. minutuan Unai Guembe area aurrean Zestoako hiru jokalariren aurrean aurkitu zen, baina baloiari ondo eutsi zion eta Asier Nuñezi egin zion pasea, honek atearen aurren bultzatu eta gola egiteko.

Hortik aurrera zestoarrak aurrera joan ziren, baina zelairatu berria zen Mikel Espinakok hiru eta batekoa egin zuen.  Anaitasuna lasaitasunez aritu zen honen ostean eta Zestoa etsitzen hasi zen pixkanaka-pixkanaka.

Multzoko lehen postuan amaitu dute fasea eta denboraldiaren azken txanpa honetan Koparen bila abiatuko dira Infantilen 1go mailako mutilak.

Infantil txiki

Euskaldun 4
Anaitasuna CD 1

Larunbat goizean porrotarekin goiko postuetara hurbiltzeko aukera ederra galdu zuten Infantil txiki mailakoek

Partida txarra burutu zuten Infantil Txikiek. Hasi eta hamargarren minutuan Anaitasunak partida osoan zehar izan zuen aukera bakarrenetarikoa izan zuen. Julen atezainaren aurrean bakarrik gelditu zen, baina honen jaurtiketa kanpora joan zen. Ordutik aurrera etxeko taldea nagusi. Lehenengo zatia erdi aldera iritsi zenean neurketa, bi gol egin zituen etxeko taldeak. Lehena ezker hegaletik egindako erdiraketa bat bigarren zutoinean errematatu ostean. Bigarrena, bestalde, Anaitasunak egindako urruntze txar batetik etorri zen. Etxekoek jaurtiketa egin eta atsedenaldira bi eta huts iritsi zen aurretik Euskalduna.

Bigarren zatiari hobeto ekin zioten gureek, baina zituzten asmo guztiak berehala uxatu ziren etxekoek hirugarren gola egin ostean. Laugarrena ordu laurdena igaro eta berehala egin zuten. Atezainaren aurrean bakarrik gelditu zen etxekoen jokalari bat eta lau eta hutsekoa jarri zuten markagailuan.

Amaitzeko 10 minutu falta zirela etorri zen Anaitasunaren gola. Arean jarritako falta batean Hegoik egin zuen errematea ate barrura bidali zuen. Handik bost minutura jokalari bat galdu zuen Anaitasunak Aimar Manzisidorri bigarren txartel horia atera ostean.

Datorren jardunaldian Aloña Mendi jasoko dute San Juanen.

Infantil neskak A

Anaitasuna CD 9
Añorga B 0

Larunbat goizean garaipen eta joko dotorea lortu zuen Infantil nesken A taldeak

Neskek lehen aldiz zelai naturalean jokatu zuten eta primeran moldatu ziren. Ohikoa bihurtu da joko ona egitea Infantil nesken A taldean. Talde lana eginez berehala aurreratu ziren markagailuan eta lehen zatia amaitzean bost eta huts ziren aurretik Aleson eta Aliren neskak.

Bigarren zatian lasaiago aritu ziren gureak. Añorgako taldeak aukera bat baino gehiago izan zituen, baina Oihana atezainak lan ona burutu zuen eta geldiketa dotoreak egin zituen. Bigarren zati honen amaieran beste bi gol lortuta, zazpi eta hutseko emaitza erakusten zuen markagailuak.

Hirugarren zatian aldaketa ugari egin zituzten Anaitasunako entrenatzaileek, jokalariak ohiko lekuetatik kanpo kokatuz eta postu berriak probatuz. Aldaketa hauek ere onak izan ziren eta beste bi gol lortuta, azken bederatzi eta hutseko emaitzarekin sailkapeneko bigarren postuan amaitu dute sailkapenean.

Golegileak: Jone (1), Maria Juaristi (3), Intza (1), Leire (1), Maria Santizo (1) eta Ihintza (2)

Larunbatean Liga Txapelketa lortzeko finalaurreko partida izango dute Añorgaren aurka.

Infantil neskak B

Anaitasuna CD 0
Urki 1

Infantil nesken B taldeak gauzak asko estutu zizkion sailkapeneko liderrari

Partida gogorra izan zen, Urkik hurrengo faserako sailkapena baitzuen jokoan. Lehen zatia Anaitasunarena izan zen, baloiarekin nagusi agertu baitzen eta aukera asko egin zituzten nahiz eta gero ez asmatu.

Hurrengo bi zatiak orekatuagoak izan ziren. Aukerak gureek sortu zituzten, baina Urkik izandako aukera gutxi horietako batean asmatu eta hiru puntuak patrikaratzea lortu zuten. Gogor saiatu ziren gure neskak berdinketa lortzeko, baina ezin izan zuten gola egiterik izan.

Alebin errendimendua

Anaitasuna CD 5
Billabona 4

Igande arratsaldean garaipenarekin agurtu zuten denboraldia errendimenduko alebinek

Bi taldeek gogor ekin zioten partidari eta Anaitasunako mutilek atzeko lerroan egindako huts batetik huts eta batekoa egin zuen Billabonak. Lehen zatia modu honetan amaitu zen, nahiz eta bi taldeek markagailuan berdinketa lortu edo aldea handitzeko nahikoa aukera izan zituzten.

Bigarren zatia hasi eta berehala Iker Sarasuak banakoa egin zuen jokaldi on bat egin ostean. Gola egin eta segituan kanpokoek berriz ere aurrea hartu zuten markagailuan. Jokalariak buru-makur egon ziren momentu batean, eta horren ondorioz hirugarrena egin zuen Billabonak.

Hirugarren zatia sekulakoa izan zen. 1-3 galtzen joatetik markagailua irauli eta 5-3 jartzera iritsi zen Anaitasuna. Jokaldi on batzuen ostean Javierrek, Ikerrek eta beste bi gol Billabonak bere atean egin ostean puntuak etxean gelditzea ziurtatu zuten. Amaitzeko bost minuturen faltan Billabonak aldea murriztu zuen, baina handik aurrera ez zen ezer izan berdegunean.

Garaipen batekin esan zioten agur errendimenduko alebinek denboraldiari. Entrenatzaileak pozez agertu ziren amaieran, burututako denboraldiarekin eta "asko ikasi dutela" adierazi zuten.

Alebin parte-hartzea

Soraluze 4
Anaitasuna CD 0

Porrota igande goizean parte-hartzeko alebinek Soraluzeren aurka

Lehen zatian Soraluze nagusi izan zen, baina Urkoren geldiketek Soraluzeren gol sorta ederra ekidin zuten. Modu horretan amaitu zen lehen zatia eta bigarrena aurrekoaren antzera joan zen. Hala eta guztiz ere, bost minuturen faltan atezainak luze egindako ateko sake batean Anaitasunako atezainaren aurrean botea egin eta langan jo zuen. Langan jo ostean aldaratzea egon zen eta hor egin zuen lehen gola Soraluzek.

Handik minutu gutxira jokaldi on bat burutu ostean bigarren gola erdietsi zuten etxekoek eta bi eta hutsekoarekin amaitu zen bigarren zati hau. Azken zatian gureak gehiago izan ziren, aukera asko sortuz, baina ezin izan zuten golik egin eta Soraluzek bi kontraeraso baliatu zituen beste bi gol egiteko gaitasuna izan zuen.

Datorren jardunaldian Bergara jasoko dute San Juanen.