Sorkunde Garate: "Emakumezkoen futbola ez da asko aurreratuko egungo baliabideekin"

Ez du gaur egungo futbolariek duten sonik, baina Sorkunde Garate ere goi mailako futbolaria izandakoa da. Azkoitiko C.D. Anaitasunan eta Oiartzun futbol taldean aritzeaz gain, Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako selekzioekin jokatua da. Berdeguneetan eta berdeguneetatik kanpo irabazitako esperientzia gaur egungo gazteei erakustea du xede eta horretan dihardu bere gaztaroko taldean Ohorezko kadete neskak entrenatzen Ibon Orbearekin batera.

Sorkunde01

Sorkunde Garate eta Ibon Orbea Ohorezko kadete nesken partida bat zuzentzen (Argazkia: Nagore Orbea)

Gaurko eta lehengo futbolaz, mutilen eta nesken artean dagoen aldeaz eta beste hamaika kontuz hitz egin digu Sorkunde Garatek. Anaitasunak gaur nesken taldea izatea bere errua da. Izan ere, 90eko hamarkadan nesken taldea sortzea pasatu zitzaien burutik. Emakumezkoen futbolak merezi duen omenaldi xume bat besterik ez da ondorengo elkarrizketa.

Orduko nesken futbolaren eta gaur egungoaren artean zer desberdintasun aurkitzen dituzu?

Uste dut gure garaian futbolean jokatzen zuten gehienek asko gustatzen zitzaigulako jokatzen genuela eta ez lagunek futbolean jokatzea aukeratzen zutelako. Futbolagatik beste gauzak egin gabe gelditu behar bagenuen ez zitzaigun hainbeste axola guri. Iruditzen zait gaur egun jokalarien konpromisoa eta inplikazioa ez dela hainbestekoa, asko lagunak daudelako joaten direla edo gurasoek nahi dutelako. Baina, hau ez da nesken kontua bakarrik, mutilekin ere gauza bera gertatzen da.

Emakumeen futbola ez dakit baztertua den hitza, baina ez du gizonezkoenak duen bezalako jarraipenik, indarrik. Zure ustez zer behar da arlo horretan oreka lortzeko?

Emakumezkoen eta gizonezkoen futbolaren artean ez dugu inoiz orekarik lortuko eta dagoen desoreka gutxitzen saiatu behar gara. Adibidez, oroitzen naiz duela 25 urte inguru Espainiako Selekziora joan nintzenean dieta batzuk ordaintzen zituztela eta bertara joateagatik lana utzita dirua galtzen genuela. Orduan, Bulgariako Txapelketa baterako deitu ninduten, hamar eguneko deialdia zen eta ezezkoa eman nien. Orain ere eguneko dieta hori ez dut uste asko igo denik. Gustora jakingo nuke mutilena zenbatekoa den.

SorkundeEspainiarekin

Sorkunde Garate Espainiako selekzioarekin, beheko iladan eskuinetik lehena

Orain entrenatzaile moduan aritzen zara. Zeri ematen diozu garrantzia gehien?

Futbola taldeko kirola izanik, seriotasuna eta inplikazioa dira niretzat garrantzitsuenak. Partidak jokatzerakoan eskatzen dizkiedan bi gauza dira, baina batez ere entrenamenduetan saiatzen naiz bi arlo hauek lantzen.

Emakumezkoen futbola nola ikusten duzu etorkizunean?

Azken hiru urte hauetan Anaitasunako Zuzendaritzan nago eta Futol Federazioko hainat bileretara ere joan naiz. Etorkizunera begira, hor ikusitako ganorarekin eta gaur ditugun baliabideekin iruditzen zait ez dugula asko aurreratuko. Bakoitza bere aldetik doa eta horrela ez dago asko egiterik.

Eta nolakoa nahiko zenuke izatea?

Pentsatzen dut neska edo mutilak entrenatzea ez lukeela ezberdina izan behar. Denak kirolariak dira eta inplikazio berdina eskatu eta eman behar zaie.

Hainbat taldetan jokatu duzu. Non gozatu duzu gehien?

Gozatu denetan egin dut. Ni egon naizen klubetan zorionez neskak ondo tratatuak izan gara. Eta selekzioan, berriz, nahiz eta ez izan profesionala hala sentitzen nintzen eta hori oso polita da futbola afizio moduan hartzen duen ororentzat.

Futbolistikoki, zein da duzun ametsa?

Orain ez dut ametsik, baina jokalari garaian banituen batzuk. Txapelketa garrantzitsuren bat jokatzea izan da nire ametsik handiena, hau da Europako edo Munduko Txapelketaren batean parte hartzea, eta nola ez, Joko Olinpikoetan egotea.

Urte batzuk atzera eginez gero, Anaitasuna gizonezkoen taldea zein soilik. Zuek Iraurgi izeneko taldea osatu zenuten, emakumezkoena. Nola izan zen sortzen horren prozesua eta Anaitasunan sartzekoa?

Niri txikitatik gustatu izan zait futbola. Betidanik izan dut futbolerako gogoa, nire anaiek bezala. Futbol talde batean jokatzeko orduan, herrian aukerarik ez zegoen. Orduan, Xabier Munibe ikastolako nesken talde bat entrenatzen genuen nire bikotekide Miguelek eta biok. Neska hauei eskola kiroleko adina amaitu zitzaienean, talde federatu bat osatzea proposatu genien eta ingurua futbola gustatzen zitzaien neska denei ere gonbidapena zabaldu genien. Horrela, 1986-87 denboraldian, Iraurgi Kirolak taldea osatu genuen eta hurrengo denboraldian jada Anaitasunan sartu ginen. Erregional mailan hasi ginen lehiatzen eta zortzi urte geroago iritsi ginen Espainiako Ohorezko Liga Nazionalera, gaur egungo emakumezkoen lehen mailara, hain zuzen.

Espainiako Ohorezko Liga Nazionalean jokatutako urteen inguruan zer oroitzapen gordetzen dituzu?

Orain askotan jartzen naiz pentsatzen urte haietaz, eta iruditzen zait maila handiko taldea izan genuela. Anaitasunan geunden bost edo sei jokalarik Espainiako selekzioan jokatzeko deituak izan ginen. Espainiar selekzioan hainbeste jokalari egotea gaur egun sinestezina da ia edozein talderentzat eta zer esanik ez Anaitasunarentzat.

Zer eman dizu Anaitasunak?

Anaitasunak gauza asko eman dizkit, baina futbol jokalari izateko aukera eman didan klub bat bezala dut gordeta barnean, eta ondorioz lagun asko egiteko aukera eman didan talde bezala kontsideratzen dut.

SorkundeGarate

Sorkunde Garate goiko iladan, ezkerretik lehena

Orain gutxira arte Anaitasunak neska nagusien taldea eduki du. Orain kadeteetatik behera hiru talde daude. Zerbaitek huts egin al du nagusien talderik ez egoteko?

Orain dela hiru urte, berriro Ibon Orbearekin batera, Anaitasunan sartu nintzen. Gure nahia futbola egitea nahi duten neskak herriko taldean aukera izatea da. Lehen urtean infantilak eta bigarren urteko alebinak genituen. Bigarrengoan infantilak, kadeteak eta nesken futbol eskola ere sortu genuen. Datorren urterako edo hurrengorako erregionalen taldea izateko saiakerak egiten ari gara, baina ikusi egin behar da. Nesken taldeak jarraipena izatekoo bertako nesken inplikazioak ere handiagoa izan behar du. Gainera asko kostatzen da talde guztientzat entrenatzaileak bilatzea. Bertatik pasatu diren jokalariei ere laguntza eskatu diegu, baina jendeari asko kostatzen zaio ardurak hartzea. Orbea eta biok gara kadete nesken entrenatzaile, nesken futbol koordinatzaile eta zuzendaritzako partaide. Honek neke asko sortzen du.

Emakume gutxik egingo zuten futbolean zuen haurtzaroan. Nondik nora hasi zen Sorkunde Garate futbolean?

Auzoko mutilekin jokatzen nuen. Ni baino urte bat zaharragoa den anaiak esaten dit, etxera etortzen zirela era jokatu nahi nuen galdetzera eta taldeak egiterakoan bera baino lehenago aukeratzen nindutela. Horrek ez zion graziarik egiten.

Futbola asko maite izan duzu eta maite duzu oraindik. Nolakoa izan zen berdeguneak uzteko unea?

Futbola uztea ez zen traumatikoa izan nire kasuan. Espainia mailako txapelketa jokatzea gauza handia izan zen, baina oso neketsua ere bai. Hamabostean behin bidaia luzeak egin behar izaten genituen, Oviedora, Bartzelonara, Madrilera... eta astelehenean, berriz, lanera joan behar.

Bizi izandako urte hauetatik bat aukeratzeko esanez gero, zein aukeratuko zenuke?

Futbolari batek dituen sentsazioak sentitzea, hori da gehien gogoratzen dudana. Aldagelan egoten zen giroa, bidaietakoa, futbol zelaira irteterakoan dituzun sentsazioak. Zer esanik ez futbolaren bitartez egin ditudan lagunak ere, nire familiakoak egin dira hauek. Oraindik ere beraiekin joaten naiz oporretara.