Martxoko azken asteburuan gure harrobiak utzi diguna

Pasa den asteburuak denetarik ekarri du Anaitasunarentzat. Lau garaipen (Ohorezko kadete mutilek eta neskek, Kadeteen 1go mailakoek eta Infantilen 1go mailakoek), hiru berdinketa (Infantil neskak A eta bi alebin taldeek) eta lau porrot (Preferenteek, Jubenil Nazional mailakoek, Infantil Txiki eta Infantil nesken B taldeak).

Preferente maila

Anaitasuna CD 1
Mutriku 2

Larunbat arratsaldean ezin izan zuten punturik batu txapelketako oilarretako baten aurrean.

Hasiera nahiko txukuna egin zuen Anaitasunak, aspaldian egindako onenetarikoa. Gainera, ezker hegaletik egindako jokaldi batean Ioannes Garatek gola egin zuen Anaitasunarentzat, eta ordutik aurrera defentsa lanean zentratu zen taldea. Sakontasun gutxi izan zuen lehen zatiak eta gauzak horrela aukera gutxi ikusi ziren San Juango futbol zelaian.

Bigarren zatian minutuek aurrera egin ahala, Mutriku aurrera joan zen eta Anaitasuna pixkanaka atzean sartu zuen. Jokaldi korapiltasu batean gola egitea lortu zuten mutrikuarrek. Puntua ontzat ematen zuen Anaitasunak, Mutriku sailkapeneko bigarrena baita. Honez gain, Iñigo Zinkunegik bigarren txartel horia ikusi zuen eta honek eragina izan zuen partidan. Mutrikuarrak hazi egin ziren eta urrutiko jaurtiketa baten bitartez bat eta bikoa ezarri zuten.

Hamar jokalarirekin berdinketaren bila joateko ahalegina egin zuten Preferenteek, baina ez zen posible izan eta merezi ez zuen porrota jaso zuen Iker Epelde eta Iñigo Soraluceren taldeak.

Jubenil nazionala

Athletic Club B 3
Anaitasuna CD 0

Astezkenean Lezaman jokatutako partidan porrota jubenilentzat.

Partida hasiera kaskarra egin zuten jubenilek. Lehen ordu laurdenean bizkaitarrek erraz mugitzen zuten baloia eta lerro arteko jokoari esker, erraz iristen ziren Ander atezainaren aurrera. Behin zulatu zuten atea eta besteetan Anderren lan onari esker markagailua modu horretan mantentzea lortu zuen taldeak. Denbora aurrera joan ahala, gure mutilak hobeto kokatuta egon ziren zelaian, eta Athletici gehiago kostatzen zitzaion aurrera egitea.

Horrela, Anaitasuna ahalegindu zen aurkariaren ate ingurura iristen, baina zelaiaren azken laurdenean ez zuen asmatu nahiz eta min egiteko aukerak bazeuden. Lehen zatiko azken minutuan egin zuten etxekoek bigarren gola. Zorte txarreko jokaldi batetik egin zuten bi eta hutsekoa.

Bigarren zatia ildo beretik joan zen, bizkaitarrak ziren baloiaren jabe, Anaitasuna ondo kokatuta zegoen, baina aukerak sortzea kostatzen zitzaion taldeari. Horrela kostraeraso batean hirugarren gola egin zuten etxekoek. Azken ordu laurdenean gertu izan zuten gure mutilek gola, baina hau ez zen iritsi gutxigatik, eta markagailu honekin amaitu zen partida.

Ohorezko kadete mutilak

Anaitasuna CD 3
Lazkao 0

Igande arratsaldean jokatutako partidan garaipena Ohorezko kadete mutilentzat.

Lehenengo zatian ondo kontrolatu zuen Anaitasunak Lazkao, nahiz eta jokoan etorri handirik ez zuen izan. Aukerak egin zituen Anaitasunak, pare bat jokalditan langa eta zutoina ere jo zituzten. Lazkaoren partetik, berriz, gutxi ikusi zen. Aipatzeko jokaldi bakarra, Anaitasunak atzean egindako huts bat baliatu zuten arriskua sortzeko.

Atsedenaldira bat eta huts aurretik zen Anaitasuna, Mikel Zubizarretak area ertzetik egindako jaurtiketa batetik etorri zen etxekoen lehen gola.

Bigarren zatia hasi eta minutu gutxira, Joanes Calvok min hartu zuen eta 15 minutuan sufritzea egokitu zitzaion taldeari. Hala ere, pixkanaka lazkaotarrei tamaina hartzen joan zen Anaitasuna, eta beste bi gol egin zituen taldeak. Golak Iosu Conde eta Mikel Zubizarretak egin zituzten.

Ohorezko kadete neskak

Anaitasuna CD 1
Hernani 0

Larunbat arratsaldean beste garaipen bat lortu zuten Anaitasunako Ohorezko kadete neskek.

Bigarren itzuli polita ari dira egiten gure neskak eta garaipen berri eta baliotsua lortu zuten Hernani taldearen aurka. Azken partidetan ohikoa bihurtu zaie gure neskei hasiera ona egitea, eta Maiderrek egindako golarekin markagailuan aurretik jarri ziren.

Markagailuan aldea handitzeko aukerak izan zituen Anaitasunak, baina pare bat jaurtiketa zutoinera joan ziren eta Hernaniko atezainak ere geldiketa politak egin zituen. Gol bateko errentarekin amaitu zen partida eta denboraldiko zortzigarren garaipena lortu zuten Ohorezko kadete neskek.

Kadeteen 1go maila

Touring B 2
Anaitasuna CD 4

Larunbat arratsaldean jokatutako partidan, bigarren faseko hirugarren garaipena gureentzat.

Partida erosoa izan zen Anaitasunarentzat. Baloia ateratzeko orduan ez zuen eragozpenik aurkitzen taldeak, hein handi batean etxeko taldea atzean sartu zelako. Hasieran azkar nahi zuen jokatu Anaitasunak, ahal den azkarren gola egitea nahi zuen. Hala ere, partidak aurrera egin zuen bezala, pazientzia hartzen joan zen taldea. 25. minutu inguruan, Eneko Espinakok bakarkako jokaldia egin zuen, gero baloia erdiratu eta azkenik Emmanuel Guerrak bularrarekin kontrolatu zuen ezkerrez gola egiteko.

Atsedenalditik bueltan, lehen zatian ikusitako gauza bera ikusi zen, baina atzetik baloia ateratzen ari zela baloia galdu eta berdinketaren gola egin zuten etxekoek. Anaitasunak lanean jarraitu zuen eta hamar minutura, berriz ere Emmanuel Guerrak bat eta bikoa egin zuen. Bat eta hirukoa Julen Olaizolak egin zuen korner jokaldi batean eta berehala arratsaldeko hirugarren gola egin zuen Emmanuel Guerrak. Amaitzeko minutu gutxi falta zirela, berriz ere baloia ateratzen hutsa egin zuten gureek eta azken bi eta laukoa egin zuten etxekoek.

Infantilen 1go maila

Anaitasuna CD 5
Beasain 0

Larunbat eguerdian garaipen erraza lortu zuten Infantilen 1go mailakoek

Lehen itzulian ikusi zenaren antzekoa izan zen partida. Hasieratik nagusi Anaitasuna, futbolean jokatzen saiatu zen taldea bera izan baitzen. Gola ez zen iristen eta jokalariak urduritzen hasiak ziren. Patxadaz jokatu beharrean ahalik eta azkarren Beasaingo ate ingurura heltzea zuten helburu. Anaitasunak gola egitea lortu zuen, ordea. Beasaingo atezaina baloia hartzera zihoala Mikel Espinakok aurrea hartu eta gola egin zuen.

Bigarren zatian asko nabarmendu zen beasaindarrak hamaika jokalarirekin etorri zirela, aldaketarik gabe zirela alegia. Kanpokoen nekeak Anaitasunari erosotasun handiz jokatzeko aukera eman zion eta golak iristen hasi ziren. Bigarrena Jon Zubizarretak egin zuen, hirugarrena eta laugarrena, berriz ere, Mikel Espinakok eta azkena Joseba Ferrizek.

Lau partidaren faltan Anaitasuna lider da bere multzoan Zestoarekin berdinduta.

Infantil Txiki

Aloña Mendi 4
Anaitasuna CD 1

Larunbat goizean partida txarra egin zuten Infantil Txikiek

Ordu laurdenerako bat eta huts atzetik ziren, korner jokaldi batean egin baitzuten gola oñatiarrek. 25. minutuan, ordea, Julen Larrañagak partida berdintzea lortu zuen. Jokin Errazuk atzelarien bizkarrera egin zion pasea eta atezaina erdibidean gelditu zela baliatuz, Julenek baloia loratu eta banakoa ezarri zuen.

Bigarren zatia hasi eta berehala korner jokaldi batean egin zuten etxekoek gola. Anaitasunako atezainari eskuetatik ihes egin zion baloiak eta oñatiarrak adi egon ziren baloia hartu eta gola egiteko. Anaitasunak ere izan zuen gola egiteko aukera, baina atearen aurrean ez zuten asmatu eta azkeneko ordulaurdenean bi korner aldaratze baliatuta bi gol lortu zituzten etxekoek.

Infantil neskak A

Tolosa 1
Anaitasuna CD 1

Igande goizean berdinketa lortu zuten sailkapeneko arerio handienaren aurka.

Partida gogor eta on bat egin zuten gure neskek eta berdinketa honekin lehenengo postuan dira. Lehen zatia polita izan zen talde biak irabaztera irten zirelako, eta honek partida estua izatea ekarri zuen. Golik ez zen izan lehen zatian.

Bigarrena hasi eta lehen jokaldian, gure neskek atzean egindako huts batetik eta epailearen laguntzaz bat eta hutsekoa egin zuten tolosarrek. Gure neskek partida irabaztea nahi zuten, ez ziren behera etorri eta aurrera egin zuten.

Horren erakusle hirugarren zatia, dena eman baitzuten infantil neskek. Galdutako baloi bat Josunek errematatu eta banakoa ezarri zuen markagailuan. Azken unera arte izan zituzten aukerak, baina azkenean 1-1 amaitu zen partida.

Infantil neskak B

Aloña Mendi 6
Anaitasuna CD 4

Larunbat goizean Oñatin jokatutako partidan porrota infantil nesken B taldearentzat.

Lehenengo zatian galduta ibili ziren gure neskak, partidan sartzea asko kostatu baitzitzaien. Lehen zatia 2-1 amaitu zen. Oñatiarrek falta bat baliatu zuten lehenengo gola egiteko, eta bigarrena Udanek bere atean egin zuen hainbat jokalariren arteko gaizkiulertu batengatik. Anaitasunaren gola Udane berak egin zuen penalti bidez.

Bigarren zatian ere asko jaitsi ziren gureak, baloia etxekoena zen eta Anaitasuna ez zen aukerarik sortzeko gai izan. Aloña Mendik bi gol egin zituen, biak falta bidez. Hala ere, Anaitasunak lanean jarraitu zuen eta Ane Torronterasek ezker hegalean hartu eta urrundik egindako jaurtiketatik bigarren gola egin zuen Anaitasunak. Bigarren zati hau amaitzeko bost minuturen faltan, atzeko lerroan egindako bi hutsetatik bi gol egin zituen Aloña Mendik.

Azkeneko zatian Anaitasunako neskak gora etorri eta baloiarekin nagusitasuna erakutsi zuen. Talde osoak egin zuen azkeneko zati bikaina, baina nabarmentzekoa izan zen Zihara eta Garazi Odriozolaren lana. Azken bi hauean artean egindako jokaldi batetik etorri zen Anaitasunaren hirugarren gola, Garazik egindakoa. Laugarren eta partidako azken gola ere biek sortu zuten. Oraingoan, ordea, Zihara izan zen golegile. Aukera asko izan zituen taldeak, baina ez zen besterik egiteko gai izan.

Alebin Errendimendua

Zumaiako 3
Anaitasuna CD 3

Igande eguerdian berdinketa Zumaiako Aita Mari futbol zelaian

Partida hasi eta berehala, bigarren mintuuan, Iker Sarasuak area kanpotik jaurtiketa on baten ondoren Anaitasunarentzat gola egin zuen. Bi taldeak ondo ari ziren eta lehen zatia amaitzeko bost minutu falta zirela epaileak Anaitasunaren aurkako penaltia adierazi zuen, ez zen penaltia gainera. Zumaiarrek gola egitea lortu zuten. Lehen zatia amaiatzeko bost minutu falta zirela, ordea, bi eta batekoa egin zuten etxekoek.

Bigarren zatian golik ez zen izan, baina bi taldeak izugarrizko maila erakutsi zuten, baloia jokatuz eta aukera ugari edukiz. Hirugarren zatia hasi laster egin zuen gola Anaitasunak, oraingoan ere Iker Sarasua protagonista. Minutu gutxi barru, Anaitasuna berriz ere aurretik jarriko zuen gola egin zuen Luken Quintanak. Jokaldi polit baten ostean egin zuen gola aurrelariak. Bi taldeek aukera garbiak izan zituzten, eta halako batean Zumaiakok berdintzeko gola egin zuen. Entrenatzaileak gustora agertu ziren partidaren ostean, denboraldiko partidarik onenetarikoa izan baitzen igande goizekoa.

Alebin parte-hartzea

Anaitasuna CD 3
Aretxabaleta 3

Igande goizean berdinketarekin konformatu zen alebin parte-hartzeko taldea Aretxabaletaren aurka

Anaitasuna lo irten zen zelaira eta horren seinalea izan zen Aretxabaletaren lehen gola. Gol honen ostean ere berdin jarraitu zuen partidak eta kanpokoek bigarren gola egin zuten jokaldi nahasi batean. Horrela amaitu zen lehen zatia.

Bigarrenean Anaitasunak hobera egin zuen eta hori jokoan ikusi zen. Korner baten ondoren, eta zenbait erreboteren ondoren Julen Motoren gola heldu zen. Aretxabaletak, ordea, aukerak izan zituen bigarren zati honetan eta azken hondarrean hirugarrena egin zuten kanpokoek.

Azkenengo zatian Anaitasuna askoz gehiago izan zen eta jokaldi on baten ondoren Markelek gola erdietsi zuen erdiraketa on bat errematatu ostean. Hortik bost minutura, Alex Gonzalezek izugarrizko gola sartu zuen area ertzetik. Gure mutilak ez ziren konformatu berdinketarekin eta garaipena emango zien golaren bila jardun zuten. Lortu ere lortu zuten, baina epaileak erasoan egindako falta adierazi zuen Unaxek jaurtiketa egin zuenean. Berdinketarekin amaitu zen partida.