Harrobia asteburuan

Asteburuan Anaitasunak bi garaipen batu zituen. Infantil txiki mailakoek Euskaldunaren aurka lortutakoa bata, eta Infantil Neskak A taldeak Añorgan lortutakoa. Preferenteek Zumarragan, Ohorezko kadete mutilek Eibarren, Kadeteen 1go mailako mutilek S.A.N.S.E.ren aurka eta Infantil Neskak B taldeak Urkiren aurka porrota ikusi zuten.

Preferente maila

Urola 2
Anaitasuna CD 1

Larunbat arratsaldean partida zaila zuten Preferenteek, baina gizon bat gutxiagorekin gertu izan zuten berdinketa.

Partida zaila zuten aurreean, txapelketako laugarrenaen aurka jokatzen baitzuten Preferenteek. Hamaikako lehiakorrarekin atera ziren, gauzak ondo eginez. Aukera handirik sortu gabe iristen hasi zen Anaitasuna, areara heldu eta arriskua sortuz. Atzelarien bizkarrera egindako baloi luze batetik etorri zen etxekoen lehen gola. Atzelarien eta atezainaren arteko gaizki-ulertu batean eta atea hutsik zela egin zuten arratsaldeko lehen gola. Atsedenaldira joan baino zerbait lehenago, hegaleko erdiraketa batetik Urolako aurrelariak aurrea hartu zien berriz ere Anaitasunako aurrelariei eta bigarren gola egin zuen.

Bigarren zatian oso jarrera onarekin irten zen taldea. Taldea ondo jarrita zen eta aukera izaten hasi zen. Etxekoak ere ondo ipinita zeuden Argixaoko zelaian eta lan ona ari zirne egiten defentsan. Atsedenaldian, gainera, Anaitasunak atezaina aldatu behar izan zuela Kaietek min hartu ostean, eta partida amaitzeko 20 minutu falta zirela Kaieten ordez atera zen Jon Barquerok txartel gorria ikusi zuela area kanpoan baloia eskuarekin ukitzeagatik. Jon Uria atzelariak jarri behar izan zuen atezain moduan.

Aukera garbi bat izan zuen Anaitasunak puntu bat lortzeko borrokan sartzeko, baina etxekoen atezainak geldiketa on batekin Anaitasunaren gola ekidin zuen. Partida amaitzeko bi minutu falta zirela Iñigo Zinkunegik gol dotorea egin zuen, baina jada berandu zen ezer lortzeko.

Aste honetan sailkapeneko bigarren postuan dagoen Mutriku hartuko dute Preferenteek.

Jubenil Nazionala

Anaitasuna CD 1
Zarautz 1

Larunbat arratsalden gertu izan zuten jubenilek denboraldiko lehen garaipena.

Partida ona egin zuten, batik bat bigarren zatian, baina aurkarien ate aurrean egindako hutsek, edota zarauztarren atezainak egindako gelditu bikainek garaipena eragotzi zuten. Lehn zati berdindua izan zen, bi aldeetan egon ziren gol aukerak, baina kanpokoek lortu zuten gola sartzea. Korner jaurtiketa batean, bigarren zutoinean bakarrik zegoen Zarauzko aurrelaria, eta honek ez zuen barkatu.

Bigarren zatian gureak gehiago izan ziren eta aukera batzuk ere sortu zituzten. 60. minutuan Patxik buruz berdinketa jarri zuen markagailuan Julen Aramendiren erdiraketa bikain bat baliatuz. Hortik aurrera, garaipenaren bila atsedenik gabe jarraitu zuten, eta nahiz eta aukera dexente izan bukaeran, zarauztarren atezainaren geldituek lehengo garaipenik gabe utzi zuen Anaitasuna. Partida ona baina emaitza motza egindako merituekin alderatuz gero.

Datorren jardunaldian asteazkenean arituko dira Lezaman Athletic B taldearen aurka.

Ohorezko kadete mutilak

Eibar 1
Anaitasuna CD 0

Igande arratsaldean jokatutako partidan porrota Ohorezko kadete mutilentzat.

Lehengo zatian Eibar baloia ondo mugituz hasi zen eta Anaitasunari asko kostatu zitzaion partidan sartzea eta presionatzea. Eibartarrek pare bat aukera izan zituzten eta gureek ere, nahiz eta egunik onena ez izan, beste batzuk izan zituen.

Bigarren zatia lehenaren bidetik joan zen. Hala ere, pixkanaka min egiten hasi zen Anaitasuna eta gola egiteko lau aukera garbi izan zituzten. Azken hamar minutuak joan-etorrikoak izan ziren eta azken minutuan Eibarrek garaipenaren gola lortu zuen.

Datorren jardunaldian Lazkao hartuko dute.

Ohorezko kadete neskak

Urnieta 2
Anaitasuna CD 2

Igande eguerdian jokatutako partidan binako berdinketa Ohorezko kadete neskek Urnietan.

Partida gogorra izan zen Urnietako futbol zelaian jokatutakoa. Hasiera bikain baten ondoren, huts eta bi aurreratu ziren azkoitiarrak Nagorek eta Maiderrek egindako bi golei esker, baina urnietarrek ondo erreakzionatu zuten eta berehala bat eta bikoa egin zuten. Lehen zatiko azken jokaldi penaltia adierazi zuen epaileak etxekoen alde, baina Anaitasunako Edurne atezainak bikain gelditu zuen.

Bigarren zatian Urnietak berdinketa lortu zuen eta puntu batekin itzuli behar izan zuten etxera Ohorezko kadete neskek.

Hurrengo jardunaldian Hernani hartuko dute San Juanen.

Kadeteen 1go maila

Anaitasuna CD 1
S.A.N.S.E. 2

Larunbat eguerdian jokatutako partidan porrota Kadeteen 1go mailakoentzat.

Partidan hobeto sartu zen Anaitasuna eta baloiarekin hobeto moldatu zen, nahiz eta aukerak ez ziren iristen. Hala ere, 15. minutuan Emmanuel Guerrari penaltia adierazi zioten, berak jaurti zuen eta Anaitasuna aurretik jarri zuen. Lehenengo zatian partidaren kontrola etxekoena izan zen eta aldea handitzeko aukerak izan zituen arren, ez zuten lortu.

Bigarren zatian S.A.N.S.E. hobeto jolasten hasi zen eta San Juango berdegunean donostiarren gola usaintzen zen. Horrela, bigarren zatiko 10. minutuan gola egin zuten kanpokoek, eta hogeigarrenera iristerako aurrea hartu zuten. Anaitasuna gogotik saiatu zen berdinketaren gola egiten, baina ezerezean gelditu ziren saiakera horiek.

Hurrengo partida Errenterian izango dute Touring B taldearen aurka.

Infantilen 1go maila

Zestoa 1
Anaitasuna CD 1

Larunbat goizean jokatutako partidan puntu bat batu zuten Infantilen 1go mailako mutilek.

Partida hasier kaskarra izan zen, bi taldeek ez zuten ezer egiten. Pixkanaka Anaitasuna baloia lasaia ukitzen hasi zen, nahiz eta arriskurik ez zuten egiten. Zestoa noizean behin iristen zen azkoitiarren ate ingurura, baina ezer aipagarririk ez zen ikusi lehen zatian.

Bigarrenean aukera gehiago izan ziren. Laster iritsi zen Anaitasunaren gola, Aimar Guembek egin zuen huts eta batekoa. Golaren ostean epailea partida nahasten hasi zen, txartelak ateraz eta ez ziren faltak adieraziz. Modu horretan Unai Guemberi bi txartel hori erakutsi eta aldageletara bidali zuen.

Azken 20 minutuetan Zestoa berpiztu egin zen. Anaitasunak gola ere egin zuen korner batean, baina epaileak ezerezean utzi zuen erasoan egindako falta adieraziz. Anaitasuna sufritzen hasi zen eta falta batetik berdinketaren gola egin zuten zestoarrek.

Partidaren amaituta zela epaileak beste txartel hori batzuk atera zituen eta Aimar Guembek bigarrena ikusi zuen. Datorren jardunaldirako bi hutsune garrantzitsu izango ditu beraz Anaitasunak Beasainen aurka aritzeko.

Infantil Txiki

Anaitasuna CD 3
Euskalduna 1

Larunbat goizean jokatutako partidan bigarren faseko lehen garaipena Infantil Txikientzat

13. minutuan eskuin hegalean Sunahi eta Inharren arteko jokaldi polita egin zuten, bati-biko bat eginez eta Julen Larrañagak buruz aurretik jarri zuen Anaitasuna. Bi minutu geroago urreneko falta jaurtiketa batean Euskaldunak berdinketaren gola egin zuen. Anaitasunak erreakzio azkarra izan zuen. Golaren aurretik Inharrek aukera garbia izan zuen, baina atezainak gelditu zion honi jaurtiketa.

25 eta 30. minutuen artean lortuko zituen Anaitasunak beste bi golak, antzeko golak biak ere. Jokin Errazuk pase luzea egin zuen atzelarien bizkarrera eta Julenek abiadura baliatuz, atzelariei aurrea hartu eta atezainaren aurrean ez zuen hutsik egin.

Atsedenaldira 3-1 gureak aurretik. Bigarren zatian oso futbol gutxi ikusi zen eta Euskaldunak aukera bakarra izan zuen, Luzapeneko azken minutuan egindako jaurtiketak langa jo zuen.

Infantil Neskak A

Añorga B 1
Anaitasuna CD 8

Igande eguerdian garaipen erraza lortu zuten Infantil neskek.

Partidako lehen minutuak gogorra izan ziren. Añorgak gogor ekin zion partidari, Anaitasunako neskak kontrola hartu eta beraien jokoa egiten hasi ziren arte, Lehen zatiaren amaieran 0-2 ziren aurretik gureak.

Bigarren zatia hasi orduko hirugarrena egin zuten gure infantil eta partida Anaitasunak nahi bezala joan zen. Bigarren zatia huts eta seiko emaitzarekin amaitu zen.

Hirugarren zatian Anaitasunako jokalariak pixka bat erlaxatu eta atzealdean egindako huts baten ondorioz Añorgak gola egin zuen. Hala ere, Anaitasunako neskak aurrera egin eta berriro partidaren kontrola hartu ondoren, beste bi gol egin eta 1-8 amaitu zen partida.

Golegileak: Leire (2), Maria Juaristi (2), Jone (2), Josune 8 (1) eta Ihintza (1)

Hurrengo jardunaldian Tolosan arituko dira Infantil Neskak A taldea.

Infantil Neskak B

Urki 4
Anaitasuna CD 2

Ostegunean jokatutako partida ezin izan zuten liderraren etxean punturik batu.

Partid polita izan zen, bi taldeak jokaldi politak eginez eta partida txukuna burutuz. Lehen zatiaren erdialdera, faltatik bat eta hutsekoa egin zuten eibartarrek. Anaitasunak, ordea, gogor jardun zuen lanean eta Karmelek banako berdinketa jarri zuen area barruan lurretik egindako jaurtiketa batekin.

Lehen zatia modu horretan amaitu zen eta gureak irabazteko esperantzekin zeuden nahiz eta liderraren etxean aritu. Bigarren zatia modu berean joan zen eta lehen zatian bezalaxe falta jaurtiketa batetik bi eta batekoa egin zuen Urkik. Hirugarrena defentsan egindako akats bat baliatuta egin zuten etxekoek. Modu honetan amaitu zen bigarren zatia, nahiz eta aukerak izan ziren gol gehiago ikusteko.

Hirugarren zatia hasi eta berehala Maitaneren jaurtiketa batetik etorri zen Anaitasunaren gola. Eskuin hegaletik egindako jaurtiketak ezker aldeko zutoina jo zuen, baina Garazik eibartarren atzelariei aurrea hartu eta hiru eta bikoa jarri zuen markagailuan. Amaitzeko minutu baten faltan Urkik laugarrena egin zuen, Ane atezainari eskuetatik baloia kendu ostean.

Nahiz eta galdu sentsazio onekin itzuli ziren etxera Infantil neskak. Hurrengo jardunaldian Oñatin jokatuko dute Aloña Mendiren aurka.