Harrobiko taldeen kronikak

Anaitasunak ez zuen asteburu ona izan. Ohorezko mailako taldeak berdinketa lortu zuen Usurbilen, Preferenteek 3-0 galdu zuten Zumaian eta Jubenilek bost gol jaso zituzten Durangon.

Aipatzekoa Kadete mailatik behera talde bakarrak galdu zuela, Infantil nesken A taldeak. Aurtengo denboraldiko lehen porrota jaso zuten infantilek.

Preferente maila

Zumaiako 3
Anaitasuna CD 0

Larunbat arratsaldean Zumaian jokatutako partidan porrota Preferenteko taldearentzat

Partida ez zuten gaizki hasi, baloia gureek izan zutelako, baina ez ziren gai izan arriskua egiteko. Zumaiako taldeak, berriz, baloia berreskuratzean min egiten zuen. Berreskurapen batean, 15. minutuan egin zuten arratsaldeko lehen gola zumaiarrek eta handik bost minutura bigarrena. Azken gol hau atzelarien bizkarrera egindako pase baten bitartez iritsi zen.

Ordutik aurrera, partida monotonoa izan zen. Baloia Anaitasunak zuen, Zumaiako eroso baitzen zuen emaitzarekin. Beraiek ez zuten presio handirik egiten baina Anaitasunari kosta egiten zitzaion arriskua egitea. Hala ere, izan zituen aukerak golak egiteko nahiz eta ez asmatu. Gainera, bigarren zatiaren erdialdean Ioannes Garatek bigarren txartel horia ikusi zuen eta hamar gizonekin amaitu behar izan zuen partida Preferenteko taldeak. Zorte txarreko jokaldi batean hirugarrena egin zuen Zumaiakok.

Hurrengo partida Zumarragan Urolaren aurka.

Jubenil Nazionala

Cultural Durango 5
Anaitasuna CD 0

Historia gutxiko partida jubenilek igande goizean Durangon jolastutakoa.

Partidako lehen momentutik, bizkaitarrak gure mutilak baino gehiago izan ziren. Baloia bikain mugituz, azkar eta ondo, jubenilen defentsa lana askotan gaindituz. Ez zuten aukera gehiegirik sortu lehen zatian, baina Anaitasunak egindako akats batzuk baliatu zituzten atsedenaldira hiru goleko errentarekin joateko.

Bigarren zatia ildo beretik joan zen. Anaitasunak gorago egin zuen presio-lana, baina nahiz eta hasierako minutuetan ondo ibili, nekea somatuz joan ziren gure mutilak, espazioak handitu egin ziren eta kontraerasoan Durangok aukera dexente izan zituen. Horrelako bi jokalditan Anderren atea zulatzea lortu zuten. Hala ere, aipatu beharra dago atezainak egindako bi-hiru geldiketa meritu handikoak izan zirela. Beraz, ahazteko moduko igande goiza Jubenil Nazionaleko mutilentzat.

Hurrengo partida Zarautzen aurka izango dute jubenilek.

Ohorezko Kadete mutilak

Anaitasuna CD 3
Ilintxa 1

Igande arratsaldean jokatutako partida kaskarra izan zen, baina hiru puntuak etxean gelditu ziren.

Partida txarra egin zuten Ohorezko kadete mutilek. Traba askoko partida izan zen eta lehen zatian ez zuten ohikoa duten mailarik erakutsi Borja Rocha eta Gorka Zubizarretaren mutilek. Nahiz eta lehen zati kaskarra egin, markagailuan aurrea hartzeko aukerak izan zituzten. Lehen gola Joanes Calvok egin zuen, eta berdinketarena urruneko jaurtiketa baten bitartez lortu zuten legazpiarrek.

Atsedenalditik bueltan, gauzak ez ziren gehiegi aldatu. Hala ere, bi gol egitea lortu zuten eta puntu baliotsuak batu zituzten Ohorezko kadeteek. Bigarren gola Xabier Azkoitiak egin zuen eta hirugarren eta azken gola, Ekain Anduezak.

Hurrengo jardunaldian Eibar taldearen aurka jokatuko dute Ohorezko kadete mutilek.

Ohorezko Kadete neskak

Anaitasuna CD 2
Intxaurdi 0

Larunbat arratsaldean jokatutako partidan hiru puntuak batu zituzten Ohorezko kadete neskek.

Partida polita izan zen. Lehenengo zatian aukera garbiak izan zituen Anaitasunak, baina azkeneko minutura arte ez zen iritsiko arratsaldeko lehen gola. Nagore Orbearen golak aurretik jarri zuen Anaitasuna.

Bigarren zatia ere ildo beretik joan zen, aukera garbi asko eginez eta Irantzu Albizuri izan zen Anaitasunarentzako bigarren gola egin zuena.

Hurrengo partida Urnietan izango dute gure neskek.

Kadeteen 1go maila

Anaitasuna CD 4
Kostkas 3

Larunbat arratsaldean jokatutako partidan igoera faseko bigarren garaipena lortu zuten.

Partido gogorra aurreikusten zuten entrenatzaileek, aurrean sailkapeneko bigarren sailkatua baitzuten. Hala ere partidan eroso sartu ziren, bigarren minutuan epaileak Anaitasunaren aldeko penaltia adierazi baitzuen. Emmanuel Guerrak egin zuen arratsaldeko lehen gola. Partida orekatuz joan zen minutuek aurrera egin ahala, eta 20. minutuan pixkanaka Kostkasen aldera hasi zen erortzen jokoa. Atsedenaldira 1-2 ziren atzetik gure kadeteak.

Atsedenalditik bueltan ere hobeto sartu zen Donostiako taldea eta hirugarren gola ere goiz egin zuten. 25 minutu falta ziren amaierarako eta donostiarrek aldea haunditzeko aukera bat ere izan zuten, baina ate aurrean ez zuten asmatu eta jaurtiketa zutoinera joan zen.

Ordutik aurrera aldaketa iritsi zen San Juanera. Aitor Azpitarte eta Xabier Andreuren mutilek burua jaitsi beharrean, gogor saiatu zen eta honek bere fruituak eman zizkien. Bi eta hirukoa Eneko Espinakok egin zuen. Sinesten jarraitu eta hirunako berdinketa Unai Ucinek egin zuen eta amaierarako zortzi minuturen faltan laugarrena, berriz ere, Emmanuel Guerrak egin zuen.

Amaierara bitartean ez zuten arazo handirik izan eta modu honetan bolada txarra amaitu eta arnasa hartzeko balio duten hiru puntuak batu zituen Kadeteen 1go mailako taldeak.

Hurrengo partida Lengokoak B taldearen aurka izango dute Kadeteen 1go mailako mutilek.

Infantilen 1go maila

Lagun Onak 1
Anaitasuna CD 2

Larunbat eguerdian jokatutako partidan derbia bereganatu zuen Infantilen 1go mailako taldeak.

Partida hasi aurretik Marati elkartasuna adieraziz taldekide denek argazkia atera zuten. Hasiera ez zen ona izan, huts asko eginez, baloia erraz galduz Lagun Onakek arriskua sortzen zuen. Pixkanaka lasaituz joan zen eta hobeto jokatzen ere hasi ziren gureak. 20. minutuan Jonek egin zuen gola eta gol horren ostean lasaiago ibiliko zirela ematen zuen arren, Lagun Onakek berdinketa lortu zuen jokoz kanpoko posizioan.

Atsedenaldira berdinketarekin iritsiko zirela ematen zuenean, Unai Goenagak berriz ere aurretik jarri zuen Anaitasuna nahiz eta merezimendurik ez egin. Atsedenalditik bueltan ondo hasi zen Anaitasuna, baina golik ez zuten egiten gureek eta urduritasunak sortzen hasi ziren taldean. Lagun Onakek aukera garbirik ez zuen egin, baina markagailua hain zein justua edozein momentutan berdinketa lortzeko arriskua zegoen.

Hurrengo jardunaldian Zestoaren aurka jokatuko dute Iraetan

Infantil Txiki

Trintxerpe 4
Anaitasuna CD 3

Larunbat goizean jokatutako partidan berriz ere gol bategatik galdu zuten Infantil Txikiek

Partida hasieran Trintxerpe eraskor irten zen eta arriskua egiten zuten kornerretan. Ordu laurden pasata, hegaleko falta batean Amets Anduezak buruz errematea egin eta baloia ate barrura bidali zuen. Nahiko parekatua izan zen lehen zatia orokorrean, eta 25. minutuan gola egin zuten etxekoek area barruko aldaratze bat aprobetxatu eta gero.

Atsedenaldira banako berdinketarekin joan ziren, baina hasi bezain pronto hartu zuen berriz ere aurrea Anaitasunak. Erdiko sakea luze jo zuten gureek, eta Trintxerpek egindako aldaratze txar bat balituz baloia Jokin Errazuri iritsi zitzaion eta honek bat eta bikoa egin zuen.

Orduan iritsi ziren Anaitasunaren minuturik onenak eta partidarekin amaitzeko aukerak ere izan zituen. Aldaketak egiten hasi zen Anaitasuna eta behera egin zuen taldeak. Azken hogei minutuetan hiru gol jaso zituzten Infantil Txikiek, azkena penalti bidez. Markagailua 4-2 zen atzetik Anaitasunaren aurka, eta luzapenean area ertzeko falta bat baliatuz aldea murriztu zuen, berriz ere Jokin Errazuk.

Hurrengo partida Euskaldunaren aurka jokatuko dute.

Infantil Neskak A

Anaitasuna CD 2
Intxaurdi 3

Larunbat eguerdian jokatutako partidan 2014-2015 denboraldiko lehenengo porrota jaso zuten Infantil neskek.

Partida hasiera kaskar batekin berehala aurreratu zen Intxaurdi. Lehenengo zatia bukatu aurretik area ertzetik egindako falta jaurtiketa batean huts eta bikoa lortu zuten.

Bigarren zatian, ordea, gure neskak ondo jokatzen hasi ziren eta aukera ederrak sortu arren, gol bat sartuta aldea murriztea lortu zuten.

Hirugarren eta azken zatia Intxaurdiren arean jokatu zen, baina aldaratze batean hirugarren gola egin zuten kanpokoek. Gure neskak ez ziren kikildu eta azken segundora arte ahalegindu ziren. Bigarren gola egitea lortu zuten, baina ez hirugarrenik, eta aurtengo lehen porrota jaso zuten.

Golegileak: Naia eta Josune

Hurrengo partida AƱorga B taldearen aurka izango dute.

Infantil Neskak B

Anaitasuna CD 2
Arizmendi 1

Larunbat eguerdian jokatutako partidan, Kopako bigarren garaipena lortu zuten infantil neskek.

Partida zaila izan zen hasieratik. Eguraldiak ez zuen asko lagundu eta aukera gutxi egin zituzten bi taldeek. Partidaren kontrola Anaitasunak zuen, baina ez zuen lortzen aurkariaren atera hurbiltzerik.

Lehenengo zatian hartu zuten aurrea gure neskek. Ziharak egindako jaurtiketa gutxigatik bada ere kanpora zihoan, baina Garazi Odriozola azkar ibili zen eta baloia hartu eta sareetara bidali zuen. Beste gol bat egiteko abagunea ere izan zuten infantil neskek. Karmeleren falta jaurtiketak langan jo zuen ordea.

Bigarren zatian, Arizmendi taldeak baloia hartu zuen eta eskuin hegaletik egindako jaurtiketa batean partida berdintzea lortu zuten kanpokoek.

Azkeneko zatia ez zen polita izan ikusteko. Gure neskek, ordea, beraien lanean jarraitu zuten buru belarri. Ziharak area barruan baloia hartu, bi atzelari hala moduz atzean utzi eta Anaitasunari hiru puntuak emango zizkion gola egin zuen.

Hurrengo jardunaldian Urki izango dute arerio.

Alebin Errendimendua

Billabona 2
Anaitasuna CD 4

Igande goizean jokatutako partidan bigarren faseko lehen garaipena lortu zuten alebinek.

Partida ezin hobeto hasi zuten Anaitasunakoek. Lehen minutuan jokaldi on baten ondoren jaurtiketak zutoina jo zuen eta kanpora joan zen. Azkar eman zuen abisua Anaitasunak, izan ere, handik minutu gutxira lehenengo gola egin zuten. Luken Quintanak egin zuen gola. Bigarren golaren egilea, berriz, Eritz Jacinto izan zen, aldaratze bat baliatu zuen honek markagailuan huts eta bikoa jartzeko.

Lehehengo zatia modu horretan amaitu zen, eta bigarren zatian aukera ugari izan zituzten. Horietako batean, Eneko Sarasuak jokaldi bikain bat egin eta huts eta hirukoa egin zuen. Hirugarren zatian erritmoa hartzea asko kostatu zitzaien gureei, baina beste gol bat egitea lortu zuten. Mitxel Alkortarne eskuinkada ikusgarria izan zen.

Partida kontrolatuta zutela, aldaketak egin eta mutilak nahasturik izan ziren amaieran eta bi gol egitea lortu zuen Billabonak. Partida ona alebinena eta sentsazio onak aspaldiko partez.

Hurrengo astean atsedena izango dute alebinek.

Alebin Parte-hartzea

Aretxabaleta 1
Anaitasuna CD 4

Igande goizean jokatutako partidan garaipen erraza lortu zuten parte-hartzeko alebinek.

Lehenengo zatia berdindua izan zen. Zorte handiko jokaldi batean egin zuen lehen gola Anaitasunak. Bigarrenean gehiago zela erakutsi zuten azkoitiarrek eta beste hiru gol egin zituzten.

Bigarren gola korner batean egin zuten, hirugarrena Aretxabaletako atzelarien huts bat baliatuta, eta azkena jokaldi on batetik etorri zen. Azkeneko zatian aukera asko izan arren, ez zuten golik egiterik lortu parte-hartzeko alebinek.

Goleatzaileak: Markel Albizuri, Julen Moto, Ebert Quintana eta Alex Grandoso