Beste taldeen emaitzak
Pasa den asteburuak gazitik izan zuen bezala, gozotik ere izan zuen. Preferenteek hil ala biziko neurketa zuten igandean Ikasberriren aurka, baina ez zuten hiru puntuak lortzerik izan eta asko zaildu zaie aurtengo txapelketa. Jubenilek, berriz, bigarren partidaz jarraian puntua batzea lortu zuten, oraingoan Getxoren aurka, eta Ohorezko Kadete mutilek eta Infantil neskek garaipen sendoak lortu zituzten.
Ohorezko Kadete neskek ere puntu baliotsua lortu zuten Tolosan eta alebinek ere bigarren faseko lehen puntua lortu zuten. Infantil Txikiek porrotarekin ekin diote bigarren faseari, eta Kadeteen 1go Mailako mutilek burua altxa ezinik jarraitzen dute.
Preferente Maila
Anaitasuna CD | 2 |
Ikasberri | 3 |
Igande arratsaldean jokatutako partidan porrot mingarria jaso zuten Preferenteek San Juanen.
Partidari gaizki ekin zioten Iker Epelde eta Iñigo Soraluceren mutilek, bosgarren minuturako atzetik baitziren. Partida nola zegoen ikusita eta gaur egun duten egoera ikusita, hiru puntuen bila joan beharrean ziren Preferenteak eta halaxe izan zen. Markagailua irauli eta atsedenaldira bi eta bateko emaitzarekin joan ziren, nahiz eta sentsazioak ez ziren onak.
Bigarren zatiaren hasieran emaitzari eutsi zioten, Ikasberrik aukerak izan baitzituen berdinketa egiteko, baina amaierarako 20 minuturen faltan berdinketaren gola egin zuten azpeitiarrek. Golaren ostean, Anaitasunak izan zuen aukera garbi bat edo beste berriz ere markagailuan aurrea hartzeko, baina ez zuten asmatu Preferenteek atearen aurrean. 73. minutuan, zalantzarako jokaldia izan zen San Juanen. Anaitasunaren aurkako penaltia adierazi baitzuen epaileak harmailetan batu zirenen haserrerako. Azpeitiarren golaren ostean, Anaitasunak ez zuen jakin arriskua Ikasberriren ate inguruan sortzen, eta porrot gogorra jaso zuten azkenean.
Datorren jardunaldian Zumaian jokatuko dute Zumaiakoren aurka .
Jubenil Nazionala
Anaitasuna CD | 3 |
Getxo | 3 |
Larunbat arratsaldean zapore gozoko berdinketa lortu zuten jubenilek Getxoren aurka.
Bizkaitarrak gehiago izan ziren lehen zatian. Aurreko hiru jokalarien artean min handia egiten zuten, aukerak eginez eta arrisku sentsazioa emanez. Hala ere, Anaitasuna izan zen markagailuan aurrea hartu zuena. Kontraeraso polit baten ondoren, Xabier Soralucek bikain loratu zuen baloia atezainaren aurrean. Atsedenaldira joan aurretik, getxoztarrek emaitzari buelta ematea lortu zuten, Anaitasunak egindako bi akatsen ondorioz.
Bigarren zatian hobeto sartu zen partidan Anaitasuna, eta zati orekatua ikusi zen San Juanen. Aukera gutxiago izan zituzten bizkaitarrek eta gure mutilak hobeto jolasten hasi ziren. Horrela, eta korner jaurtiketa batean, Ander Larrañagak binako berdinketa egin zuen.
Partida amaitzeko ordu laurden falta zela, kontraeraso batean Getxok bi eta hirukoa lortu zuen, baina gure mutilek ez zuten etsi, eta partidako azken jokaldian, Patxi Bastarrikari penaltia egin zioten. Patxi berak, atezaina engainatuz, bukaerako hirunako emaitza jarri zuen markagailuan. Ez zen beste ezertarako denborarik izan, eta bukaeran zapore gozoarekin geratu ziren gure mutilak.
Datorren jardunaldian Durangon jokatuko dute Cultural Durango taldearen aurka.
Ohorezko Kadete mutilak
Arrasate | 1 |
Anaitasuna CD | 4 |
Larunbat goizez jokatutako partidan garaipen erraza lortu zuten Ohorezko Kadete mutilek Arrasaten.
Lehengo zatian nagusi izan ziren gureak, eta atsedenaldira hiru goleko errentarekin joan zen Anaitasuna. Bosgarren minuturako hasi zen irabazten Anaitasuna Joanes Calvoren golari esker, eta berehala lortu zuen bigarrena ere. Xabier Azkoitia izan zen bigarren golean protagonista.
Erraz sortzen zuen arriskua Anaitasunak eta Arrasate beraien zelaitik irten ezinda ibili zen. 25. minutuan hirugarren gola egin zuten azkoitiarrek. Ekain Anduezak sekulako gola egin zuen urrundik eta atsedenaldira iritseko hamar minuturen faltan, berriz ere Ekain Anduezak gola egiteko abagune garbia izan zuen Arrasateko atzelariak eta atezaina atzean utzi ostean.
Bigarren zatian, behera egin zuten Ohorezko Kadeteek, nahiz eta arrasatearrek jaurtiketa bakarra egin zuten Anaitasunaren atera. 60. minutuan laugarren gola egin zuen Anaitasunak, berriz ere Joanes Calvo golegile eta azkeneko minutuan epaileak areaz kanpo egindako falta bat area barruan zela erabaki zuen eta penaltia adierazi zuen etxekoen alde.
Datorren jardunaldian Ilintxa hartuko dute San Juanen.
Ohorezko Kadete neskak
Tolosa | 2 |
Anaitasuna CD | 2 |
Larunbat goizean jokatutako partida gogorra izan zen.
Lehenengo zatia parekatua izan zen, eta Tolosako neskek markagailuan aurrea hartu zuten arren, Nagore Orbeak egindako golarekin banako berdinketarekin amaitu ziren lehen 40 minutuak.
Bigarren zatian, berriz ere Nagore Orbea izan zen golegile eta Anaitasuna aurretik jarri zuen Tolosan. Hala ere, etxekoek lanean jarraitu zuten eta beraien fruitua batu zuten gol bat eginez. Puntuak balio handia du Ohorezko Kadete neskentzat.
Datorren jardunaldian Intxaurdi hartuko dute San Juanen.
Kadeteen 1go Maila
Hondarribia | 7 |
Anaitasuna CD | 0 |
Larunbat goizez jokatutako partidan, porrot gogorra jaso zuen Kadeteen 1.go mailako taldeak.
Hasieratik nabarmendu zen Ondartzako futbol zelaian etxeko taldea gehiago zela, batez ere fisiko arloan, nahiz eta teknikoki ere talde ona izan zuten aurrean Anaitasunakoek. Aukerak bata bestearen atzetik izan zituzten hondarribiarrek, baina ez zuten lortzen markagailuan aurrea hartzerik.
22. minutuan Anaitasunak arriskua sortu zuen etxekoen atean, goleko aukera garbia izan zen, baina ez zuten golik egiterik lortu. Hurrengo jokaldian etxekoek aurrea hartu zuten eta atsedenaldiaren aurretik bigarrena ere egin zuten.
15 minutuko atsedenaren ostean, partidan sartzeko asmoarekin irten zen Anaitasuna, baina bigarren zatia hasi orduko, beste bi gol egin zituen Hondarribiak. Gainera, Anaitasuna mutil bat gutxiagorekin gelditu zen eta hamaikarekin ezina handia baldin bazen, hamarrekin oraindik eta handiagoa bihurtu zitzaien. Azkenean zazpi gol jasota itzuli ziren Azkoitira.
Datorren jardunaldian Kostkas jasoko dute San Juanen Kadeteen 1go Mailako mutilek.
Infantil Txiki
Anaitasuna CD | 3 |
Amaikak Bat | 4 |
Larunbat goizean jokatutako partidan, porrotarekin hasi zuten bigarren fasea.
Lehenengo minuturako atzetik zen Anaitasuna, korner jokaldi batean jaso baitzuen gola. Hala ere, bost minutu geroago Inhar Subinasek berdinketaren gola egin zuen arez kanpo egindako jaurtiketa bat baliatuta. Golaren ostean, Anaitasunak aukera batzuk izan zituen, baina Amaikak Bat kontraerasora irteten zen eta min egiten zion etxeko taldeari.
25. minutuan, debarren kontraeraso bat mozteko falta egin zuten etxekoek, eta falta horretatik etorri zen Debako taldearen bigarren gola. Falta jaurtiketa atera egin zuten zuzenean kanpotarrek, baina atezainari eskuetatik ihes egin zion baloiak eta aldaratzean gola egin zuen Amaikak Batek. Berdinketaren golak ez zuen asko iraun iristen. Atsedenaldirako hiru minuturen faltan, Inhar Subinasek berriz ere berdindu egin zuen partida area barruko aldaratze bat baliatuta.
Bigarren zatia ere antzekoa izan zen. Amaikak Batek hasi eta ordu laurdenera egin zuen gola. Hegaleko falta batean Anaitasunako jokalari batek bere atean sartu zuen baloia urruntzen hasi zenean. Handik bost minutura, laugarrena egin zuten debarrek urrutiko jaurtiketa batean. Sekulako gola izan zen.
Anaitasunak bere hirugarrena luzapenean egin zuen, epaileak area barruan atzelari batek baloia eskuarekin ukitu zuela adieraziz, penaltia eman zion Anaitasunari. Hegoi Garatek jaurti zuen, eta ez zuen hutsik egin 11 metrotatik. Partida berdintzeko aukera ere izan zuten Anaitasunakoek. Sunahi Subinasek egin zuen jaurtiketa, baina baloia kanpora joan zen zuzenean. Aipatzekoa izan zen Amaikak Bat taldeko atezainak azken minutuetan egin zuen lana.
Hurrengo jardunaldian Trintxerpen arituko dira Infantil Txikiak.
Infantil Neskak A
Anaitasuna CD | 6 |
Oiartzun | 0 |
Larunbat arratsaldez jokatutako partidan garaipen borobila lortu zuten Anaitasunako Infantil neskek.
Aurkari oso gogorra aurkitu zuen etxeko taldeak. Gogor saiatu ziren gure neskak, eta partida on baten bitartez garaipena etxean gelditu zen.
Markagailuan erraz irabazi zutela ematen duen arren, ez zen horrela izan. Oiartzunek gogotsu ekin zion neurketari eta lehen zatiaren amaieran 1-0 zen markagailua. Bigarrenean, gureek garaipenaren bila jarraituz, presio handiagoa egin zuten eta jokoari erritmoa ezarri zioten. Modu horretan beste bi gol egin zituzten.
Hirugarren eta azken zatia etxeko taldearena izan zen guztiz, Oiartzungo jokalariak fisikoki jaitsi egin baitziren. Beste hiru gol egin zituzten gure neskek azken zati honetan, eta atea hutsean utzi zuten. Taldea txapeldunen fasean sartu denetik lehenengo aldia da atea hutsean uzten dutela.
Golegileak: Leire (3), Ihintza (2), June (1)
Datorren jardunaldian berriz ere etxean arituko dira Intxaurdi taldearen aurka.
Alebin Errendimendua
Anaitasuna CD | 2 |
Lazkao | 2 |
Igande goizean San Juanen jokatutako partidan bigarren faseko lehen puntua batu zuten alebinek.
Lehen bi zatietan Anaitasuna gehiago izan zen, bi eta bateko emaitzarekin iritsi ziren azken laurdenera. Lehen gola Joanesek egin zuen. Ezker aldetik jaurtiketa indartsua egin zuen eta zutoinaren laguntzarekin sareetara bidali zuen baloia. Bigarren golean ere Joanes protagonista. Kornerreko estrategia jokaldi batean lortu zuen gola.
Hirugarren zatian, ordea, behera egin zuten Anaitasunako jokalariek, eta Lazkaok partida berdindu eta irabazteko aukerak ere izan zituen. Penalti bat huts egin zuten lazkaotarrek eta gauzak horrela berdinketarekin amaitu zen partida.
Hurrengo jardunaldian Billabonan arituko dira alebinak.