Harrobiak utzi dizkigun emaitzak
Asteburu hobeak izan dira Anaitasunan. Hiru garaipen (hirurak infantil mailan) lau berdinketa eta bost porrot jaso ditu azken asteburu honetan taldeak. Aipatzekoa jubenilek denboraldiko hirugarren berdinketa lortu zutela Lekeition eta Infantil Txiki mailak hurrengo faserako sailkapena lortu zuela Pasaian garaipena lortuta. Infantil Neskek ere ondo ekin diote fase berriari eta biek ala biek garaipen sendoak lortu zitutuzten San Juanen jokatutako partidetan.
Preferente Maila
Anaitasuna CD | 1 |
Getariako Keta | 2 |
Igande arratsaldez jokatutako partidan, Preferenteak gizon bat gutxiagorekin aritu ziren 65 minutuan.
Liderraren aurka aritu ziren Preferenteak igandean, eta lan eta borroka asko egin zuten punturen bat batzeko. Hala ere, 25. minuturako gizon bat gutxiagorekin gelditu ziren Iker Epelde eta Iñigo Soraluceren mutilak. Getariarrek atzelarien bizkarrera egin zuten pasea, baina Kaiet berandu iritsi zen eta baloia jo beharrean aurrelariaren oinean jo zuen ostikoa. Epaileak txartel gorria atera zion zuzenean.
Atsedenaldira hutsean iritsi ziren, baina getariarrek laster hartuko zuten aurrea. Hegaleko falta jaurtiketa batean bigarren zutoinean egin zuen errematea buruz Getariako Keta taldeko erdilari batek eta baloia gurutzatuz sareetara joan zen zuzenean.
Bigarren golak ere berehala. Atzelariaren eta atezainaren gaizki ulertu batetik etorri zen getariarren bigarren gola. Bigarren gol honen ostean, hortzak estutu eta gogor borrokatuz aurrera joan zen Anaitasuna eta Josu Zubizarretak ezkerrez gol bikaian lortu zuen falta jaurtiketa bat baliatuz.
Ander Pastrian Getariako Keta taldeko bi jokalariren artean baloia irabazi nahian (Argazkia: Joakin Sudupe)
Honen ostean gizon bat gutxiagorekin gelditu zen Getariako Keta, aurrelari batek bi txartel hori ikusi ostean. Taldeak izan zituen aukerak partida berdintzeko baina hiru puntuak Getariara joan ziren.
Datorren jardunaldian Deban jokatuko dute Amaikak Bat taldearen aurka.
Jubenil Nazionala
Lekeitio | 1 |
Anaitasuna CD | 1 |
Igande arratsaldean Lekeition jokatutako partida denboraldiko hirugarren puntua lortu zuten jubenilek.
Partida berdintsu eta polita jokatu zuten gure mutilek Lekeition. Jokoan asko zuen taldea eta azken aldian bezala jokalari gazte askoko taldea zuten aurrean Mikel Arregi eta German Zabaletaren mutilek. Lekeitio hobeto sartu zen partidan, eta aukera batzuk ere izan zituen. Alvaro atezainak geldiketa polit batekin lekeitiarren gola ere ekidin zuen. Poliki-poliki Anaitasuna zelaian hobeto kokatzen hasi zen, eta pare bat aldiz aurkarien atera gerturatu ondoren, Iker Kortak atezaian atetik kanpo zela ikusiz, gol ikusgarria sartu zuen.
Handik 10 minutura ordea, zelai erdian galdutako baloi batetik Lekeitiok berdinketaren gola lortu zuen. Gureen golaren antzera, oso urrutitik egindako jaurtiketatik lortu zuten gola bizkaitarrek.
Bigarren zatian, Lekeitiok eraman zuen partidaren zama osoa, baina Anaitasunak kontraeraso batzuk ere egin zituen. Pixkat sufritu eta defentsan lan asko egin zuten jubenilek, eta azken jokaldian denboraldiko lehen garaipena lortzeko aukera izan zuen Jon Letamendiak. Honen jaurtiketa ordea, kanpora joan zen zuzenean. Partida eta sentsazio onak utzi zituzten Lekeitioko berdegunean jubenilek.
Datorren jardunaldian ere etxetik kanpo arituko dira, Santutxuren zelaian hain zuzen.
Ohorezko Kadete mutilak
Aloña Mendi | 2 |
Anaitasuna CD | 2 |
Larunbat goizean Oñatin jokatutako partidan berdinketa beheko postuetan dagoen taldearen aurka
Partida kaskarra egin zuten Ohorezko Kadeteek. Zelaia ur-putzuz josita zegoen partida aurretik egindako euriteen ondorioz eta gureek ez zuten asmatu egoera horretan jolasten. Aloña Mendi lehen zatian hobeto aritu da hein handi batean Anaitasunak intentsitate gutxirekin ekin ziolako partidari eta jolastu ezin zen lekuetan jokatzen saiatu zirelako.
Berehala hasi ziren galtzen Borja Rocha eta Gorka Zubizarretaren mutilak, baina bi minutura partida berdintzea lortu zuten. Jokaldi polit bat egin ostean, Mikel Zubizarreta izan zen golegilea. Handik minutu batzuetara ordea Aloña Mendik berriz ere abantaila lortu zuen markagailuan. Atsedenaldira, beraz 2-1 atzetik gorrixek.
Bigarren zatiari beste modu batera heldu zioten kadeteek. Baloia luzeen bitartez min egin nahian irten ziren Oñatiko berdegunera eta hauen bidez bigarren baloietan nagusitzen eta arriskua sortzen hasi ziren Rocha eta Zubizarretaren mutilak. Beste itxura bat eman zuten bigarren zatian eta binako berdinketaren gola berriz ere Mikel Zubizarretak egin zuen. Ordezkoen aulki paretik egindako falta jaurtiketa zuzenean sareetara bidali zuen Zubizarretak
Datorren astean San Juanen Aurrera Ondarroa, sailkapenean azken postuan dagoen taldea hartuko dute Ohorezko Kadeteek.
Ohorezko Kadete neskak
Añorga | 5 |
Anaitasuna CD | 0 |
Igande goizean Añorgan jokatutako partidan ezin izan zuten ezer egin liderraren aurka.
Hiru aste partidarik jokatu gabe egon ostean, Anaitasunako kadete neskek Añorgari, txapelketako liderrari egin zioten bisita. Partidari ondo ekin zioten gureek, baina bi minututan bi gol egin ostean, partida erabakita utzi zuten añorgarrek.
Gainera, lehen zatia amaitzear zela hirugarren gola lortu zuten liderrek. Atsedenaldira beraz 3-0 joan ziren. Atsedenaren ostean gure neskak erreakzionatzen eta markagailuan errenta txikitzen saiatu ziren baina ez zuten minik egiterik izan. Añorgak beste bi gol sartu ostean amaitu zen igande goizeko partida.
Datorren jardunaldian Arizmendi taldea hartuko dute kadete neskek. Sailkapenaren erdialdean dira bi taldean 18 punturekin.
Kadeteen 1go Maila
Anaitasuna CD | 1 |
Beti Gazte | 3 |
Larunbat arratsaldez jokatutako partidan nahiz eta punturik ez lortu, oso itxura ona eman zuten jokatzerako orduan
Kadeteen 1go mailako mutilak nagusi izan ziren baloiarekin partidako 60 minututan. Beti Gazte ordea Anaitasunaren jokamoldea ikusita kontraerasora irteteko prest egon zen partidako une gehienetan. Hamargarren minutuan lortuko zuten arratsaldeko lehen gola nafarrek, baina handik bi minutu eskasera Emmanuel Guerrak berdinketa jarriko zuen markagailuan.
Partidak bide beretik jarraitu zuen golaren ostean, baloiaren jabetza Anaitasunak zuen eta lesakarrak kontraerasora irteteko intentzio garbia erakusten zuten.
Horrelako jokaldi batean, 60. minutu aldera, 1 eta 2koa ezarri zuten markagailuan nafarrek. Gol honen ostean arriskuak hartzera behartuak izan ziren azkoitiarrak eta espazio horiek aprobetxatu zituena Beti Gazte izan zen. Azken gola egin zuten horrela lesakarrek eta sailkapeneko azken-aurreko posizioan jarraitzen dute Aitor Azpitarte eta Xabier Andreuren mutilek. Hala ere, aurpegia eman zuten mutilek eta baloiarekin oso ondo moldatu ziren.
Datorren jardunaldian Aretxabaletan artiu beharko dute gureek, sailkapenean erdialdean kokatuta dagoen taldea.
Infantilen 1go Maila
Anaitasuna CD | 0 |
Arrasate | 1 |
Larunbat arratsaldeko partidan, liderraren aurrean ezin izan zuten punturik bildu lehenengo faseko azken partidan
Partida gogorra izan zen infantilena. Lehen zatiko 15. minutuan Anaitasunako atezainari baloia gainetik pasatu zitzaion eta goleko lerroaren parean hartu baldin bazuen ere, epaileak gola eman zion Arrasateri. Arrasatek liderraren papera bete zuen, baloiarekin ondo moldatuz eta zelaian nagusitasuna erakutsiz, baina gureak ondo moldatu ziren defentsan.
Bigarren zatian gehiago izan zen Anaitasuna eta partida berdintzeko aukera batzuk ere izan zituzten Tomas Guenbe eta Mikel Antsorregiren mutilek. Azkeneko jokaldian Unai Guembek egindako errematea atepetik atera zuten aurkarien atzelariek. Arrasatek aukera bakar bat izan zuen bigarren zatian, amaiera aldera berau, baina oro har sendotasuna erakutsi dute arrasatearrek atzeko lerroan, falta asko eginez eta sarrera gogorrak eginda. Partida ona eta serioa Anaitasunarena eta zerbait gehiago ere merezi zuten infantilek.
Datorren jardunaldian ez dute partidarik izango Infantilen 1go mailako mutilek.
Infantil Txiki
Pasaia | 2 |
Anaitasuna CD | 4 |
Pasaian larunbat goizean jokatutako partidan hurrengo faserako txartela lortu zuten infantil txikiek.
Atzetik joan ziren markagailuan, 10. minutuan hartu baitzuten aurrea pasaiarrek. Anaitasuna nagusi, joko ona eginez eta aukera asko sortuz. Pasaiak berriz baloia luzeak aprobetxatzen zituen min egiteko. Pasaitarren gola erantzunez, 20. minutuan Jokin Errazuk berdinketa ezarri zuen markagailuan. 25. minutua, berriz, euri jasa handia zela eta epaileak bertan behera utzi zuen partida 5-10 minutuan. Atsedenaldira bitartean izan zituzten infantil txikiek aurrea hartzeko abaguneak, baina banako berdin.
Bigarren zatian lehengo lepotik burua. Anaitasuna erasokor eta Pasaia baloi luzeen bitartez mina egiten saiatzen. Aldaketak egin zituzten Aitor Zulaika eta Josu Juaristiren mutilek eta aldaketa hauen ostean taldeak hobeto jokatu zuen. Hiru gol iritsiko ziren aldaketa hauen ondotik. 55. minutuan Julen Larrañagak, 60. minutuan berriz ere Julen protagonista, area kanpotik egin zuen jaurtiketa eta baloiak langa jo ostean bat eta hirukoa markagailuan. Bat eta laukoa Markel Pirisek egin zuen, jokaldi dotore baten ostean bost minutu geroago. Azken bi eta laukoa luzapenean egin zuten pasaitarrek, berriz ere atzelarien bizkarrera egindako pase luze bat baliatuta.
Datorren jardunaldian Beti Ona sailkapeneko azkena hartuko dute San Juanen.
Infantil neskak A
Anaitasuna CD | 6 |
Tolosa | 3 |
Larunbat eguerdian San Juanen jokatutako partidan txapeldunen faseko lehen partidan garaipen borobila infantil nesken A taldeak.
Lehen fasea lehenengo postuan amaitu ostean, bide beretik jarraitu nahi dute infantil neskek eta garaipena lortu zuten txapeldunen faseko lehen partida.
Taldea biak lehenengo fasean partida denetan garaipena lortuta zeudela ikusirik, partida gogorra espero zen San Juanen. Gure neskak azkar sartu iren partida eta bi goleko abantaila lortu zuten partida hasi bezain laster. Lehenengo zatia 3 eta 1eko emaitzarekin amaitu zen.
Bigarren zatia ildo beretik joan zen eta bi taldeek gol bana lortuta, 4-2 amaitu zen. Hirugarren eta azken zatian berriz, Anaitasunak zuen abantaila handitu eta 6 eta 3ko emaitzarekin amaitu zen neurketa.
Golak hiru nesken artean banatu zituzten. Josunek gol bat lortu zuen, Nahiak bi eta Juaristik hat-tricka lortu zuen.
Datorren jardunaldian Deban arituko dira Amaikak Bat taldearen aurka.
Infantil neskak B
Anaitasuna CD | 4 |
Aloña Mendi | 0 |
Larunbat eguerdian Kopako lehen partida jokatu zen, eta lehen garaipena lortu zuten gureek.
Beste zelai askotan gertatu bezala, San Juanen ere ur-putzu asko zeuden eta zail egin zitzaien neskei partidan sartzea. Partida lehiatua izan zen oso lehen bi zatietan. Hirugarrenean, ordez, oreka hori Anaitasunaren aldera erori zen.
Partida hasi eta 5 minutura Ziharak egin zuen gola eta lehen zatia amaietzear zela, Ziharak egin zuen bigarrena ere gurutzatutako jaurtiketa bat aprobetxatuz.
Hirugarren gola, berriz, Maitanek egin zuen area ertzera irtendako aldaratze bat baliatuz eta laugarrena eta azkena Ziharak. Lau gol sartu eta atea hutsean. Meriturik handiena Ane atezainarena izan zen, bat baten aurkako jokaldi asko gelditu zituen.
Datorren jardunaldian Mutrikun jokatuko dute infantil nesken B taldeak.
Alebin Errendimendua
Anaitasuna CD | 2 |
Zumaiako | 5 |
Igande goizean Billabonan jokatutako partidan, kopari ekiteko lehen partida izan zuten alebinek.
Hiru zatiko partidatik lehena gogorra izan zen. 1-2 amaitu zen lehen zatia. Gola oso arraroa izan zen. Aimar Platerok luze bota zuen aurrera oinarekin eta ate aurrean egindako botea baliatuz sareetara bidali zuen baloia atezainak. Zumaiakoren bi golak, falta garbiak, ez zituen adierazi epaileak eta lehen zatiaren amaieran Anaitasuna 1-2 Zumaiako.
Bigarren zatia eskasagoa izan zen Anaitasunarentzat, nahiz eta jokaldi politak lotu zituzten jokalariek. Huts handi baten ondorioz lortu zuten hirugarren gola zumaiarrek. Hirugarren zatian, berriz, hobeto jokatu zuten gureek, eta jokaldi bikain baten ondorioz Eneko Sarasuak Anaitasunarentzat bigarren gola lortu zuen. Zumaiarrek, ordea, beste bi gol lortu eta garaipena lortu zuten. Indarrez gehiago zen Zumaiako taldea, maila hauetan asko nabarmentzen den faktorea.
Datorren jardunaldian Zumarragan jokatuko dute Urolaren aurka.
Alebin parte-hartzea
Anaitasuna CD | 4 |
Zumaiako | 4 |
Igande goizean San Juanen jokatutako neurketa interesgarria izan zen oso
Zumaiarrek abantaila hartuko zuten, markagailuan 0-2 aurretik jarriz. Baina gogo eta esfortzuarekin markagailua irauli egin zuten gureek, nahiz eta amaieran berdinketarekin konformatu ziren.
Partida orektua izan zen oso eta polita jarraitzaileentzat. Denbora asko zeramaten jokatuko gabe alebinek eta itxura ona eman zuten San Juango berdegunean.