Harrobiko taldeen kronikak

Asteburuan denetik izan da. Behar gehien duten taldeek ez dute punturik eskuratu. Aldiz, Ohorezko Kadete mutilek eta neskek puntuak batzea lortu zuten. Gehitzen jarraitzen dute, beraz. Zumarragan garaipena Ohorezko Kadete mutilek eta San Juanen berdinketa Ohorezko Kadete neskek Lagun Onaken aurkako derbian. Preferente Mailakoak eta Kadeteen 1. Mailakoak porrot gogorrak jaso zituzten.

Preferente Maila

Anaitasuna CD 1
Zestoa 3

Igande arratsaldean San Juanen jokatutako partidan, esku-hutsik gelditu ziren Preferenteak.

Partidari sendo heldu zioten Iker Epelde "Txorrote" eta Iñigo Soraluceren mutilek, lehen minutua pasatzerako aurretik baitziren Ioannes Garatek lortutako golari esker. Behar-beharrezkoak dituzte puntuak batzea berriz ere mailari eusteko borrokan sartzeko. Serio aritu ziren partida osoan zehar, nahiz eta arrisku nabarmenik ez zuten sortu. Atsedenaldira joan aurretik, ordea, zestoarrek partida berdintzea lortu zuten area ertzetik sartuko gol bati esker.

Bigarren zatian ere sendo jardun zuten Preferenteek, baina Ander Pastrianek bigarren txartel horia ikusi zuen eta horrenbestez bat gutxiagorekin gelditu zen taldea. Asko nabarmendu zen gizon baten falta zelaian. Zestoak, berriz, hori baliatzen jakin zuen eta handik minutu batzuetara eskuin hegaletik ateratako erdiraketa batetik iritsi zen 1-2koa. Jaurtiketa indartsua egin zuen Zestoako erasoko jokalari batek eta zutoina ukituz, sareetara. Hortik aurrera partida ongi kudeatu zuten kanpokoek eta hirugarrena ere lortu zuten. Zulaikak atepean baloia ukitzea lortu bazuen ere, ez zen nahikoa izan hirugarren gola ekiditeko. Borrokan jarraitu beharrean dira beraz mutilak.

Hurrengo jardunaldian, Aretxabaletan arituko dira. Goiko postuetan kokatuta dagoen taldea izango dute aurrean.


 

Jubenil Nazionala

Romo 2
Anaitasuna CD 0

Igande arratsaldez Getxon partida txukuna egin zuten Mikel Arregiren mutilek.

Lehen zatia orekatua izan zen, eta Anaitasunak izan zuen partidako lehen aukera garbia. Jon Letamendiaren jokaldi bikain baten ondoren, Xabier Soralucek gora egin zuen jaurtiketa area barrutik.

Romok jubenilen pare bat huts baliatu zituen arriskua sortzeko, eta atsedenaldirako 5 minutu falta zirela, gaizki defendatutako alboko sake batean, bizkaitarren lehenengo gola iritsi zen.

Bigarren zatia ere antzekoa izan zen, baina Anaitasunak espazio gehiago utzi zion Romo taldeari jolasteko eta hori baliatu zuten aurkariek bigarren gola lortzeko. Kontraeraso batean etorri zen Romoren bigarren gola. Gure mutilak gogotik saiatu baziren ere, ez zen aukera gehiegirik izan bigarren zatian.

Datorren jardunaldian etxean Real Sociedad hartuko dute San Juanen.


 

Ohorezko Kadete mutilak

Urola 1
Anaitasuna CD 4

Larunbat eguerdian Zumarragako Argixao zelaian jokatutako partidan, Anaitasunako kadeteek garaipen garbia lortu zuten.

Zumarragan baldintza zailetan jokatu zen partida, euria, kazkabarra... Hasierako 10 minutuetan ez zuen partida inork kontrolatu, baina minutuek aurrera egin ahala, Anaitasuna partidua bere egiten hasi zen. Hori horrela, berehala bi aukera garbi izan zituzten kadeteek markagailuan aurrea hartzeko. Ez zituzten baliatu, baina segituan Joanes Calvok eskuin aldean hartu zuen baloia, atzean Urolako bi jokalari utzi zituen eta gol dotorea lortu zuen.

Golaren ostean erraz jardun zuen Anaitasunak. Bigarren gola Mikel Zubizarretak lortu zuen falta jaurtiketa batetik, hau ere gol ikusgarria. Atsedenaldi aurretik izan zituen markagailuan errenta handitzeko aukerak, baina Ioritzek sartutako gola ezerezean utzi zuen epaileak.

Atsedenalditik bueltan segituan lortu zuten hirugarrena Borja Rocha eta Gorka Zubizarretaren mutilek. Taldekako jokaldi batean berriz ere Mikel Zubizarreta izan zen golegile. Anaitasunaren laugarren eta azken golaren egilea, Xabier Azkoitia izan zen. Honek atezainaren gainetik egindako jaurtiketa baliatu zuen gola lortzeko. Zumarragarren gola berriz zorte txar bateko jokaldian. Gorka atezaina baloia urruntzen hasi zenean, Urolako aurrelariari jo zion gorputzean eta zuzenean ate barruan sartu zen baloia.

Hurrengo jardunaldian Real Sociedad hartuko dute San Juango instalazioetan.


 

Ohorezko Kadete neskak

Anaitasuna CD 0
Lagun Onak 0

Larunbat eguerdian San Juanen jokatutako partidan puntu banaketa.

Derbi polita jokatu zuten Anaitasunako kadete neskek San Juango instalazioetan Azpeitiko Lagun Onak taldearen aurka.

Lehenengo zatian azpeitiarrak izan ziren nagusi, hainbat momentutan azkoitiarren atean arriskua sortuz gainera. Hala ere, ez zuten asmatu azpeitiarrek eta atsedenaldira berdinketarekin iritsi ziren.

Hamabost minutuko atsedena hartu ostean, bigarren zatian gauzak desberdin ikusi ziren zelaian. Hainbat minututan jokoan nagusitzea ere lortu zuten gure neskek, baina ez zuten lortu garaipena emango zieten gola. Seigarren postuan dira Ibon Orbea eta Sorkunde Garateren neskak.

Datorren jardunaldian sailkapeneko liderraren etxean arituko dira, Añorgan. Partida zaila hasiera batean.


 

Kadeteen 1. Maila

Martutene 4
Anaitasuna CD 1

Larunbat goizean Martutenen jokatutako partidan ez zuten punturik batzerik lortu sailkapeneko liderraren etxean.

Partida zaila zuten aurreikusita Kadeteen 1. Mailako entrenatzaileek, bai baitzekiten zelai zail batean jokatu beharko zutela. Hala ere, partida hasi eta bost minutura penaltia baliatu zuen Anaitasunak markagailuan aurrea hartzeko. Emmanuel Guerrari egin zioten penaltia, eta berak hartu zuen jaurtitzeko ardura. Jaurti eta sareetara. Golaren ostean, Martutenek liderra dela erakutsiz, baloia ondo mugitu zuen, nahiz eta ez zuen aukera garbirik egiterik lortu. Talde sendoa osatzen dute donostiarrek. Markagailua irauli eta atsedenaldira 3-1 joan ziren azkoitiarrak atzetik. Hala ere, Gorka Larrañagak Anaitasuna partidan bete-betean sartzeko abagunea izan zuen. Honen jaurtiketa gutxigatik atzelari batek atera zuen goleko lerrotik.

Atsedenalditik bueltan, golaren bila atera ziren kadeteak, baina asmo guztiak berehala zapuztu ziren. Martutenek laugarren gola egin zuen eta hor amaitu ziren Aitor Azpitarte eta Xabier Andreu entrenatzaileen asmoak. Markagailua borobiltzeko gola ere egin zuten partida amaitzeko 10 minuturen faltan, baina epaileak jokoz kanpo adierazi zuen eta ezerezean utzi zuen jokaldia. Zalantza sortu zuen jokaldi honek bertaratu zirenen artean.

Datorren astean etxean arituko dira Tolosa B taldearen aurka. Sailkapenaren beheko partean dira Anaitasunarekin batera.