Xabi Artetxe, beste urte bat mutilen lehen taldean

C.D. Anaitasunak eta Xabier Artetxe entrenatzaileak akordioa lortu dute gizonezkoen lehen taldea beste urte batez zuzentzeko.

ARTETXE LUZAPENA

Artetxeren kontratua denboraldi amaieran bukatzen zen, baina entrenatzaileak gizonezkoen lehen taldea gidatzen jarraitzeko erakutsi duen borondatearen ondorioz, eta klubak horrela erabakita, gizonezkoen lehen taldeko entrenatzailea izango da aurrerantzean ere azkoitiarra.

Hirugarren Mailako 21. jardunaldian hartu zuen entrenatzaile kargua Artetxek, Txerloian, Alaves B taldearen aurka jokatutako partidan. Harrezkero, eta denboraldia amaitu bitartean, 23 puntu batu zituen taldeak Artetxerekin; sei garaipen, bost berdinketa eta zazpi porrot guztira. Azken denboraldian, berriz, hirugarren sailkatu du taldea Gipuzkoako Ohorezko Mailan. 67 puntu batu dituzte gorrixek Artetxeren eskutik. 22 garaipeneko, berdinketa bateko eta 11 porroteko balantzea izan du taldeak; 71 gol egin eta 38 jaso ditu Anaitasunak.