Goazen Tolosara gorriz!
Ohorezko Mailako mutilek garrantzia handiko neurketa jokatuko dute gaur, 16:30ean, Tolosako Berazubi zelaian. Gure mutilek hirugarren postuan dagoen Tolosaren etxea bisitatuko dute, bigarren postua ziurtatzeko helburu garbiarekin.

Anaitasuna ez da gaurkoan ere bakarrik izango Tolosako Berazubi zelaian. Azken urteetan bezala, ehunka jarraitzailek emango diote hauspoa eta babesa mutilei. Anaitasunak bigarren postua lortu nahi du arratsaldean, eta neurketa irabazita ziurtatuko du; berdinketarekin, berriz, aukerak oso-oso zabalak izango dira Artetxeren taldearentzat. Gaur puntua batuz gero, falta diren bi neurketetan beste puntu bat ateratzea nahikoa izango dute gorrixek denboraldia bigarren postuan amaitu, eta Hirugarren Mailarako balizko igoera lortzeko. Halere, zuhurtziaz jokatu nahi du klubak egoera horren aurrean.
Tolosara gorriz
Tolosara Anaitasunako koloreak eramateko eskakizuna luzatu behar diegu Azkoitiko jarraitzaileei, eta zelaira garaiz sartzeko eskatu, neurketa beroketatik hasten baita irabazten. Anaitasunako kamisetak, bufandak eta banderak armairutik atera, jantzi eta gogotsu astindu behar ditugu gaurkoan. Hori horrela, beroketa lanetan hasi, eta neurketa amaitu arte gogotik animatzeko eskatu nahi dio klibak jarraitzaile gorrixei.
Klubak autobusa antolatu du. 60 lagun inguruk Tolosarako joan-etorria autobusez egiteko hautua egin dute, baina bere kasa bidaia egingo dute zaleak asko eta asko izango dira gaurkoan ere. Izena emandakoentzako autobusa 15:15ean abiatuko da Liburutegitik, eta neurketa amaitu bezain laster irten Tolosatik.
