Bigarren postua jokoan, Tolosan

Datorren zapatuan, maiatzak 11, bigarren postua ziurtatu nahi du Anaitasunako Ohorezko Mailako mutilen taldeak, Tolosako Berazubi zelaian. Horretarako, aurkaririk zuzenenaren aurka jokatu beharko dute Xabier Artetxeren mutilek, Tolosa hirugarren sailkatuaren aurka. Zaleen babesa jaso nahi dute mutilek, eta hori dela eta, klubak autobusak jarriko ditu.

Aldalur-autobusak

Tolosa sei puntu atzetik du Anaitasunak denboraldia amaitzeko hiru partidaren faltan. Anaitasunak sailkapeneko bigarren postua ziurtatu nahi du, eta zapatuan Tolosan irabazita sailkapeneko bigarren postua berea izango du. Aurten, gainera, bigarren egiteak Hirugarren Mailan jokatzeko aukera eman lezake. Anaitasunak, halere, zuhurtziaz jokatu nahi du balizko egoera horren aurrean, eta gaur gaurkoz ezin du baieztatu bigarren eginda taldea Hirugarren Mailara itzuliko denik.

Autobusak Tolosara joateko

Bigarren postua lortzeko lanetan, zaleak bidelagun izatea nahi du klubak. Hori horrela, autobusak jarriko ditu Anaitasunak Tolosara joateko eta handik itzultzeko. Liburutegiko geltokitik abiatuko dira autobusak 15:15ean Tolosako Berazubi zelaira. Autobusean bidaia egiteko izena ematea beharrezkoa izango da, ordea. Izena Azkoitiko Tta-kun, Latz eta Dean tabernetan eman beharko da, ostiraleko 12:00ak baino lehen.