Hutsegiteen zigor garestia

Leioako Emakumeak 2
Anaitasuna CD 1

Anaitasuna sendo agertu da Leioan, baino hutsek kondenatu dute beste behin taldea

Neskek neurketa ona burutu zuten atzo, osteguna, Leioako Sarriena zelaian. Atsedenaldira hutsean iritsi zen taldea defentsa lan ona eginda, baina bigarren zatian bi hutsegite egin zituzten gorrixek, eta Leioako Emakumeak taldeak bikain baliatu zituen opariak azken lau astetan lortu gabe zen garaipena eskuratzeko.

Leioa Anai

Etxekoak sendo sartu ziren neurketan eta bizkaitarrena izan zen jokoaren ekimena. Baloi luzeen bitartez saiatu ziren etxekoak uneoro gureei min egiten, baina zelaian ondo jarrita defentsa lan aparta egin zuten gure neskek. Aukera gehienak eta onenak etxeko taldearenak izan ziren. Anaitasunak oso baloi gutxi izan zuen oinetan, eta izan zuenean egoera txarrean. Goiko lerrotik egin zuen presioa Leioako taldeak eta gureek baloia zelai erdian hartutakoan ere arnasarik hartzen ez zuten utzi.

Atsedenaldira inoiz baino biziago iritsi ziren gure neskak, baina 54. minutuan lortu zuten etxekoek bat eta hutsekoaren gola. Ezker hegaletik iritsi ziren area barrura, baloia erdiratzen hasi ziren eta Oihana atezaina baloiaren bila irten zen. Erdiraketa uste baino estuagoa egin zuten etxekoek, eta Oihanaren oinean jota ate barrurako bidea hartu zuen baloiak.

Golaren ostean Anaitasuna Leioako taldea bere zelaian sartzeko gai izan zen. Baloiar eta zelai erdia eskuratu zituen taldeak, eta jokoa hegaletara irekita min egitea lortu zuen taldeak. Aukera onak izan zituzten gorrixek, baina etxekoen portagonista nagusia atezaina bihurtu zen bere geldituekin. Pazientziaz hartu zuen Anaitasunak jokoa, eta aurrera egiten jarraitu zuen. Banakoa zelai erdian ondo borrokatutako baloitik iritsi zen. Ane Juaristik borroka irabazi eta Leire Ucinek jaso zuen baloia oinetan. Ucinek Irantzurekin jokatzeko ezker hegalera egin zuen pasea atzelarien artetik eta Irantzuk Maiderri egin zion pasea, atezaina gaindituta zela. Taldeko golegile nagusiak ez zuen hutsik egin atea hutsik zela.

Bi taldeek puntua ontzat ematen zuten, baina Anaitasuna ondo zegoen zelaian eta aurkaria baino gehiago zen. Gola, ordea, etxekoek egin zuten. Baloi luze batean gure neskak ez ziren fin ibili eta jokaldi moztu aurretik etxekoen aurrelariak lapurtu zien baloia gureei. Ezker oinarekin poliki-poliki Oihana atezainak defendatzen zuen ate barrura bidali zuen baloia Leioako jokalariak. Gorrixek porrot gogorra jaso zuten Leioan.

Poliki eta mantso bada ere, pixkanaka sentsazio hobeak ari dira ematen neskak, baina egindako oker bakoitza garesti ordaintzen jarraitzen dute. Datorren asteburuan atseden astea izango dute neskek Euskal Selekzioaren partidak direla eta. Abenduaren 22an, zapatua, jokatuko dute Zarautz taldearen aurka, Txerloian. Bigarren itzulia beste txip batekin hasi aurretik aukera ederra dute neskek garaipena lortu eta beheko postuetatik goraka hasteko.