Lidertza galdu dute mutilek Zarautzen

Zarautz KE 2
Anaitasuna CD 1

Zehaztasun falta izan dute mutilek Zarauzko Asti zelaian, eta bigarren porrota jaso dute jarraian

Ohorezko Mailako mutilek denboraldiko hirugarren porrota jaso dute Astin. Orain arte etxetik kanpo jokatutako neurketa guztiak irabazita bazen ere, Zarauzko Astin eten da bolada ona. Atearen aurrean kamuts agertu zen taldea, eta 38. eta 63. minutuetan zarauztarrek egindako golei berandu eman zion erantzuna taldeak. 

Zarautz0 2 Anai

Nahikoa neurketa ona egin zuten gure mutilek Zarautzen. Egindako jokoagatik eta lanagatik gehiago merezi izan zuen taldeak, baina atearen aurrean asko huts egin zuten. Lehen zati ona, serioa egin zuten Artetxeren taldeak. Zarautzek baloia atzetik ateratzea nahi izan zuen eta hasierako minutuetan gure mutilei kostatu egin zitzaien aurkariaren baloi irteera ondo tapatzea. Gero, ondo presionatuta, luze jokatzera behartu zuen taldeak Zarautz. Orduan, etxekoen zelaian jokatu zituzten minuturik gehienak gureek, presioa eraginkorra izan baitzen. Nagusitzen joan zen taldea poliki-poliki, eta erasoko egoera onak eta golaukera garbiak izan zituzten gorrixek; garbiena Mikel Aramendik izan zuen.

Luze jokatzera behartu zuen Anaitasunak Zarautz, eta bizkarrera min egiteko asmoa garbi utzi zuten. Halere, 38. minutuko korner jokaldi batean egin zuten gola etxekoek. Bat eta hutsekoak eragina izan zuen Anaitasunaren jokoan eta une batean galduta izan zen taldea; kontrakorrontean aritu ziren mutilak.

Atsedenalditik bueltan, aurrera egin zuen taldeak berdinketaren bila. Aurkariaren area ingurura iristea lortzen zuen Anaitasunak behin eta berriz, baina baloia galdutakoan taldeak ez zuen presio ona egin, eta etxekoek arriskutsu aritu ziren kontraerasoan. Ez zuen neurketa nahi adina kontrolatzerik lortu taldeak. Berdinketa egiteko aukera pare bat abagune garbi izan zituzten gorrixek, baina 63. minutuan Zarautzek egin zuen bigarrena. Golaren aurretik Zulaikari egindako falta eskatu zuten gureek, baina epaileak ontzat eman zuen etxekoen gola. Neurketa maldan gora bazuen, aldapa gogorragoa aurkitu zuen Anaitasunak azken ordu erdian.

Asko egin zuen aurrera orduan, baloia luze gehiago jokatuz. Estutua emateko denbora nahikoa zegoen Astin, eta taldeak izan zituen abagune ederrak horretarako. Bigarren zatia joan-etorrikoa bihurtu zen, ordea, Anaitasunak estutua eman nahi zuelako eta Zarautzek kontraerasoan erabaki nahi zuelako partida. Estutua emateko aukera, ordea, oso berandu iritsi zitzaion Anaitasunari, Unai Perezek 90. minutuan egin baitzuen bi eta batekoaren gola. Perezek lehen aldiz jokatu zuen hasieratik mutilen lehen taldearekin. Paper ona burutu zuen gazteak.

Pena izan zen markagailuko aldea murrizteko gola lehenago egin ez izana. «Taldeak erasoko pentsakera du, eta goraipatzekoa da, baina bidea ondo ez bada ixten aurkariak kontraerasoan min egitea dakar», azaldu zuen Artetxe entrenatzaileak neurketaren amaieran. Erasora irtendakoan «defentsa lanarekin ahaztu» zirela adierazi zuen entrenatzaileak. Halere, aurreko asteko neurketarekin alderatuta «taldeak beste aurpegi bat» eman zuela azpimarratu zuen.

Zarautzen galduta lidertza galdu du taldeak, Eibarrek Mutrikuko San Miguel zelaian huts eta bi irabazi baitzuen. Datorren asteburuan Tolosa arerio zuzena hartuko dute Txerloian mutilek. Lehen itzulia amaitzeko Tolosa hirugarren sailkatua eta gaur gaurkoz liderra den Eibar taldea hartuko dituzte gorrixek, Txerloian. Sailkapenean aurrerapausoa emateko abagunea izango ditu taldeak etxean, eta zaleen harmailako berotasuna ezinbestekoa izango da.