Beste bat poltsikora!

Real Union SAD 1
Anaitasuna CD 3

Ohorezko Mailako mutilek zortzigarren garaipena eskuratu dute jarraian, Irunen

Anaitasunak zortzigarren garaipena eskuratu zuen atzo, zapatua, Irungo Gal zelaian. Lehen zatian bideratuta utzi zuten gorrixek neurketa, baina amaierarako ordu laurden falta zela Real Unionek aldea murriztu zuen. Bat eta bikoa egin eta minutu eskasera egin zuen taldeak bat eta hirukoaren gola, eta hor egon zen garaipena eskuratzeko gakoa. Xabier Artetxeren taldeak lehen jardunaldian hartutako bide onari jarraitzen dio. 

Real-Union Anaitasuna

Jokamolde berriarekin zelairatu zen Anaitasuna Irungo Gal zelaira eta hasieran pixka bat kostatu bazitzaion ere, ondo irabazi zuen Xabier Artetxeren taldeak. Lehen hamar-hamabost minutuetan eroso egotea kostatu egin zitzaien gorrixei. Baloi irteeran arazo batzuk izan zituen hasieran taldeak eta Real Unionek estuasun txiki batean edo bestean jarri zuen taldea. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, Anaitasunak hobera egin zuen.

Astean zehar landutakoa irteten joan zen. Ondo egin zuen presioa taldeak Real Unionen zelaian, eta baloi asko harrapatu zizkien irundarrei mutilek. Modu horretan arrisku egoera asko eta aukera asko sortu zituen taldeak. Ordu laurdena beteta zela iritsi zen arratsaldeko lehen gola Gal zelaian. Mikel Aramendi izan zen protagonista. Ezker jokalariak eskuin aldean jaso zuen baloia eta barneraldia barrura eginda atera jaurti zuen.

Gola sartu eta gero eroso ibili ziren mutilak, eta baloia ere txukun ukitu zuten minutu batzuetan. Barrutik ondo ibili zuten mutilek baloia eta goian ere mugimendu onak eman zituzten aurrelariek espaziora. 37. minutuan, gainera, Mikel Arzalluzen gola etorri zen. Arzalluzen hegalera zabaldu zuen jokoa taldeak, eta iskin eginda aurkariari ihes egin zion. Jaurtiketa egiteko modua aurkitu zuen Arzalluzek eta gurutzatuta bikain amaitu zuen jokaldia. Lehen zatia ezin hobeto bukatu zuten gorrixek. Abantaila politarekin hartu zuten atsedenaldia mutilek.

Bigarren zatira begira baloi irteeran gutxiago arriskatu behar zutela argi ikusi zuten aldagelan. Lehen zatian estuasun bat baino gehiago izan zituzten gorrixek baloi irteeran baloia galduta, eta gutxiago arriskatu zuten bigarren erdian. Baloi gabe zelaian ondo jarri eta min egitea nahi zuten gureek, baina baloiarekin ahaztu egin ziren jokalariak eta baloi gabe sufritu egin zuten; ez ziren eroso egon. Etxekoek erritmoa asko igo zuten bigarren zatian eta barruan espazioak aurkituta ondo eraman zuten jokoa Xuban atezainaren area ingurura.

Anaitasuna aurkariari neurria hartzen hasia zen Gal zelaian, baina 73. minutuan etorri zen irundarren gola. Real Unioneko jokalari batek area kanpotik jaurti zuen Xubanen atera, eta markagailuko aldea murriztu zuen jaurtiketa horren bitartez lortutako golarekin. Halere, Anaitasunak zelai erditik baloia jokoan jarri eta segundo gutxira iritsi zen neurketako azken gola. Axik ondo utzi zuen defentsa atzean, eta pase ona emanda, Mikel Arzalluzi egin zion pasea. Arzalluzek atea hutsik aurkitu zuen eta ez zuen barkatu taldeko golegileak. Erantzuna azkar eta ondo eman zuen Anaitasunak Gal zelaian.

Bi goleko errentarekin eta abantailak eman zuen lasaitasunarekin aritu ziren gorrixek zelaian partida amaitu arte. Halere, Real Unionek bere erritmoari eutsi zion eta Xubanen ate-eremura ondo iritsi ziren. Aukera bat edo beste egin zuten etxekoek. Aurrera eginda, espazio batzuk utzi zituzten etxekoek eta Anaitasunak laugarren gola egiteko aukerak izan zituen.

Irungo Gal zelai zailean beste hiru puntu batu zituen taldeak. Sufritzea egokitu zitzaionean sufritzen jakin zuen Anaitasunak, baina lehen zatiko lan onak eraman zuen taldea garaipenera. Zortzitik zortzi irabazita irabazten jarraitzeko gosez dira mutila; hori erakusten dute behintzat astebururo. Datorren jardunaldiko neurketa ostegunean —azaroak 1— 17:00etan jokatuko dute Oiartzunen aurka.