Zazpigarrena erreskan!

Anaitasuna CD 2
Mutriku FT 0

Xabier Artetxeren taldeak kostata, baina Mutriku mendean hartu zuen Txerloian. Bigarren zatian Ander Arabaolazak eta Asier Ugartek egin zituzten golak

Beltz eta zuri koloreko neurketa jokatu zuten gorrixek Mutriku taldearen aurka. Lehen zatian motel aritu ziren bi taldeak; Anaitasuna jokoa sortzen eta Mutriku oztopatzen. Bisitariak gailendu ziren joko horretan. Bigarren zatian aurreko sei jardunaldietan berebizikoa izan den erritmoarekin zelairatu zen Anaitasuna, eta lan ona eginda Mutrikuri irabazteko gai izan zen taldea.

IMG 9534

Anaitasunari kostatu egin zitzaion Mutrikuren area inguruan erasoko egoerak sortzea. Mutriku ondo jarri zen hasieratik Txerloian. Ideiak argi eta garbi zituzten bisitariek. Anaitasunari baloia hartzen utzi zion, gero zelai erdian presio egiteko. Anaitasunaren zelai erdiko jokoa oztopatzeko asmoz, jende asko batu zuten mutrikuarrek erdian eta Anaitasunari asko kostatu zitzaion jokoa egitea.

Aurrean mugikortasun gutxi izan zuten, eta ondorioz min gutxi egin zuten gorrixek. Mutrikuk aukera bat edo beste egin zuen. Jokoan gaizki jarritako alboko sake batetik egin zuten mutrikuarrek lehen abagunea, baina Xuban Badiola atezainak ondo gelditu zuen jaurtiketa. Anaitasunaren partetik Jon Letamendiak izan zuen arratsaldeko lehen gola egiteko aukera.

Bigarren zatira hasiera-hasieratik beste erritmo batekin zelairatu ziren gure mutilak. Hegalak azkarrago aurkitu zituen taldeak, eta hobeto ibili ziren mutilak. Jokamoldea pixka bat ere aldatu zuten; Mikel Aramendi bi erdilarien aurrean sartu zuen Artetxek jokoa sortzeko eta Mutrikuren zelai erdiko lana zailtzeko, eta lortu egin zuten.

Gola egin aurretik merezi zuen zerbait gehiago Anaitasunak, eta 71. minutuan iritsi zen Ander Arabaolazaren gola. Aurrelariak denboraldiko lehen gola egitea lortu zuen Mutrikuren aurka. Burukada dotorea bidali zuen sareetara Arabaolazak. Golaren ondoren urrats bat aurrera egin zuten mutrikuarrek. Espazio eta zulo asko utzi zituzten gure mutilentzat, eta espazio horietara korrika egiten jakin zuten gureek. Asier Ugarte aurrelari oƱatiarrak 81. minutuan egindako golarekin behin-betiko erabakita utzi zuen neurketa.

Aldaketekin ere asmatu zuen Xabier Artetxe entrenatzaileak. Aulkitik zelairatu ziren jokalari guztiek oso lan ona egin zuten. Nabarmendu egin ziren zelaian. Mikel Pastrianek zelai erdian sendotasuna eman zion taldeari, eta Ander Pastrianek eta Axik aurrea dantzan jarri zuten. Datorren asteburuan Real Unionen aurka jokatuko dute mutilek, Irungo Gal zelaian. Zelai eta arerio zaila izango dute aurrean, baina gure mutilak ilusioz dira zortzigarrena lortzen saiatzeko.