[Harrobia] Irailak 24-25
Pasa den asteburun gure neska mutilak liga txapelketarekin hasi ziren, eta ez zen asteburu onena izan gureentzat. Sei neurketa jokatu zituzten gureek, eta bost porrot eta berdineketa bakarra lortzeko gai izan ziren. Puntu hori lortzeko gai izan zirenak Ohorezko Jubenil mutilak izan ziren.
Senior neskak
| Anaitasuna CD | 1 |
| Orioko | 2 |
Liga estreinaldian, porrot
Partida polita ikusteko aukera izan zen larunbat arratsaldean San Juango futbol zelaian. Lehen minutuetatik argi erakutsi zuten Orioko neskek Azkoitira zertara etorri ziren, neurketa gogorra eginez, baloi denak borrokatu eta zorrotz jokatu baitzuten.
Gure neskak ez ziren kikildu, ordea. Egoera fisiko baxuagoa erakutsi arren, partidako une gehienetan Orioko neskak baino gehiago zirela erakutsi baitzuten berdegunean. Lehen norgehiagokatik erakutsi digute maila berri hau nolakoa izango dan.
Golegilea: Maider Badiola
Datorren asteburuan Zumaiako Aita Mari zelaian jokatuko dute etxeko taldearen aurka. Neurketa larunbatean 16:00etan hasiko da.
Ohorezko Jubenil mutilak
| Urola | 1 |
| Anaitasuna CD | 1 |
Denboraldiko lehen puntua Argixaon batu dute Ohorezko Jubenil mutilek
Joan den Larunbat arratsaldean Zumarragara joan ziren Anaitasunako Ohorezko jubenil mutilak. Partidak haseratik zirudien gogorra izango zela eta halaxe izan zen. Gogortasun horri Zumarragako futbol zelai txikia gehitu behar izan zitzaion, eta hori gutxi ez eta epaileak hartutako erabaki okerrek gauzak gehiago zaildu zituen.
Lehen zatiari dagokionez, lehen hogei minutuetan Urolak gol aukera gehiago egin zituen, baina ondoren gorrixek partidan sartu ziren eta orekatuz joan zen pixkanaka. Partidako lehen gola etxekoek egin zuten 35. minutuan korner jokaldian egindako burukadari esker. Ordutik aurrera gure mutilek gol aukera gehiago izan zituzten, eta lehen zatiaren amaieran Julen Aramendik penalti baten bidez banakoa jarri zuen markagailuan.
Bigarren zatiak lehen zatiaren bidetik jarraitu zuen. Bi taldeek izan zituzten gola egiteko aukerak, baina gola garesti zegoen. Partida amaitzeko hamabost minutu falta zirela, epaileak Anaitasunako jokalari bat egotzi zuen. Zalantza handia sortu zuen txartel gorri horrek eta jokalari bat gutxiagorekin egin zuten gureek azken ordulaurdena. Epaileran erabaki horrek okerrerako eragina izan zuen, eta Anaitasunak desio zuen gola asko zaildu zuen. Amaieran banakoa eta puntu bana talde bakoitzarentzat.
Golegilea: Julen Aramendi
Datorren asteburuan ere etxetik kanpo arituko dira Ohorezko Jubenilak. Aretxabaletako Ibarra zelaian jokatuko dute larunbatean 16:00etan.
1go jubenilak
| Anaitasuna CD | 1 |
| Burumendi | 2 |
Itxura ona eman zuten 1go jubenilek San Juanen
Larunbat arratsaldean San Juan futbol zelaian jokatu zen Anaitasuna eta Burumendiren arteko partida. Hasieratik gureek baloia eduki nahi zutela erakutsi zuten, eta ondo aritu ziren mugitzerako orduan, baina aukerarik egin gabe. Burumendi taldeak presio on baten bitartez, ez zion uzten Anaitasunari baloia lasaitasunez ukitzen, eta aurkarien bizkarra aurkitu beharrean izan ziren gureak baloia luze jota.
Gutxinaka, gorrixek aukerak sortzen hasi zen eta Gorka Larrañagaren erremate polit bat postera joan zen talde jokaldi dotore bat egin eta gero. Gureak partidan sartzen ari zirela zirudien, eta gola iritsiko zela, baina kontrakoa gertatu zen. Kontraeraso batean Burumendik egin zuen gola, gure atzelarien bizkarra ondo aurkitu ondoren.
Atsedenaldira huts eta bateko emaitzarekin iritsi ziren, baina Anaitasuna gehiago zen eta bigarren zatian partidaren bila irten ziren lehen minututik. Aukera asko ari zen egiten gureak, baina baloiak ez zuen ate barruan sartu nahi izan. Espero luze baten ondoren, hegaleko falta batean Beñat Arrietak egin zuen banakoa, eta orduan bai, taldeak garaipena gertu zegoela sinetsi zuen.
Anaitasunak baloia oso ondo maneiatu zuen, eta Burumendi taldeari hegaletatik min egitea lortu zuen. Aukera oso garbiak ari ziren egiten gure mutilak, baina ez zen desiotako bigarren gola iristen. Burumendi, aldiz, kontraerasoan saiatu zen, nahiz eta gorrixek sendo jarrita egon ziren atzeko lerroan. Neurketa amaitzeko bost minuturen faltan, bisitariek beste hegaleko falta bat baliatu zuten azken bat eta bikoa egiteko. Kolpe handia Anaitasunako kamiseta gorria jantzita zuten gure mutilentzat.
Anaitasunak ez zuen etsi neurketa amaitu arte, eta berdinketaren golaren egiten saiatu ziren. Ez zuten urrun izan gola, Unai Ucinen burukadak zutoina erenjo baitzuen. Horrenbestez, itxura onarekin, baina galdu egin zuten German Zabaletaren mutilek. Emaitzak iritsiko diren esperantza dute entrenatzaileek, multzoko areriorik gogorrenetako baten aurka garaipena merezi izan baitzuen Anaitasunak.
Golegilea: Beñat Arrieta
Asteburuan, berriz ere San Juanen arituko dira Ikasberri A taldearen aurka. Denboraldiko lehen garaipenaren bila zelairatuko dira larunbat arratsaldeko 15:30ean.
Ohorezko Kadete mutilak
| Anaitasuna CD | 0 |
| Ordizia | 2 |
Aukerak ez zituzten baliatu Ohorezko Kadete mutilek
Neurketan hobeto sartu zen Ordizia, eta hasieratik egin zituzten aukerak San Juanen. Poliki-poliki partida berdinduz joan zen, eta gureek ere aukeraren bat edo beste egin zuten bisitarien ate inguruan, nahiz eta arrisku gehiegirik sortu ez. Lehen zatia amaitzeko minutu gutxi falta zirela egin zuen Ordiziak huts eta batekoa kotraeraso batean.
Bigarren zatia gure mutilek hobeto hasi zuten, eta lehen ordulaurdenean aukera asko egin zituzten berdinketa lortzeko, baina ez zuten saririk jaso. Saria, merezi ez zuenak jaso zuen, bost-hamar minutura gola egin baitzuen Ordiziak. Goierritarrek huts eta bikoa egitea lortu zuen. Amaitu bitartean iritsi ziren gureak ordiziarren ate ingurura, baina ez zituzten aukerak baliatu, eta huts eta bikoarekin amaitutzat eman zuen neurketa epaileak.
Asteburuan Oñatiko Azkoagain zelai zaila bisitatuko gure mutilek Aloña Mendiren aurka indarrak neurtzeko. Partida larunbat goizeko 11:30ean hasiko da.
Ohorezko Kadete neskak
| Goierri Gorri | 4 |
| Anaitasuna CD | 1 |
Ez da Goierri Gorri taldearen aurkako neurketaren kronikarik jaso.
Asteburuan etxean arituko dira Ohorezko Kadete neskak. Larunbat eguerdiko 12:45ean Zumaiako hartuko dute San Juanen.
1go kadeteak
| Real Sociedad | 8 |
| Anaitasuna CD | 1 |
Porrot gogorra Zubietara egindako bidaian
Larunbat honetan Zubietan izan zuten partida 1go Kadete mutilek Real Sociedad indartsuaren aurka. Partida hasi eta segituan hartu zuten aurrea gure mutilek Zubietan Julen Larrañagaren golari esker, baina gureen pozak ez zuen asko iraun, 15. minuturako hiru eta bat galtzera pasatu baitziren. Neurketak bide beretik jarraitu zuen hasi eta buka, etxeko taldea nagusi zela. Atsedenaldirako abantaila ederra hartu zuen etxeko taldeak, sei gol eginez irauli baitzuen aurka zuen markagailua. Sei eta batekoarekin hartu zuten aldageletarako bidea.
Bigarren zatiak ere lehen zatiaren gidoi bera izan zuen, eta hamar minuturen faltan beste bi gol egin zituen Realak. Azken emaitza zortzi eta batekoa izan zen gure mutilen porroterako.
Golegilea: Julen Larrañaga
Datorren asteburuan Lagun Onaken aurkako derbia izango dute Garmendipen. Neurketa larunbat goizeko 10:00etan hasiko da. Ea denboraldiko lehen puntuak batzeko gai diren Azpeitian.