Ohorezko Mailako taldearen denboraldi-aurrea zehaztuta
Anaitasunak zehaztu du jada 2016/17 denboraldia prestatzeko egutegia. Abuztuaren 3an hasiko ditu Ohorezko Mailako taldeak entrenamenduak, eta denera bost lagunarteko jokatuko ditu Igor Quindosen taldeak.
Irailak 10-11 asteburuan hasiko da Gipuzkoako Ohorezko Maila, eta Anaitasunak abuztuaren 3an hasiko ditu prestaketa lanak. Abuztuan zehar lau lagunarteko jokatuko dituzte gure mutilek, horietatik hiru izango dira Txerloian. Azkena, berriz, iraileko lehen asteburuan izango da.
Andramaixetako festa egitarauaren barruan, lehen lagunartekoa abuztuaren 13an izango da, Xabier Sagarzazuren omenezko XX. Andramari Sariaren baitan. Neurketa horretan, gure mutilek Hirugarren Mailako C.D. Vitoria hartuko dute Txerloian. Gasteizko taldeak, S.D. Eibarren bigarren talde bezala funtzionatzen du gaur egun.
Andramaixen ostean denboraldi-aurreari berrekingo dio taldeak, eta bigarren lagunartekoa abuztuaren 23an jokatuko dute gureek. Azken urteetan asko jokatu ez arren, Anaitasunaren aurredenboraldietan ohikoa izan den neurketa errepikatuko da aurtengo honetan. Azpeitiko Lagun Onak taldearen aurkako derbia jokatuko dute mutilek Txerloian.
Abuztuaren 27an jokatuko du Anaitasunak hirugarren lagunartekoa. Txerloian jokatuko den partidan Mikel Juaristi entrenatzaile azkoitiarrak gidatzen duen Bergara izango dute arerio gureek.
Laugarren lagunartekoa abuztuaren azken egunean jokatuko du taldeak. Amaitu berri den denboraldian Erregional Preferentetik Ohorezko Mailara igotzea lortu duen, eta ondorioz denboraldian aurkari izango duen Amaikak Bat taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Anaitasunak, Debako Errotazar futbol zelaian.
Denboraldi-aurrea amaitzeko, irailaren 3an jokatu du Igor Quindosen taldeak azken lagunartekoa. Anaitasunak Gipuzkoatik Bizkaiara egingo du jauzia, eta Iurreta herrian Iurretako K.T. taldearen aurkako neurketarekin amaituko ditu taldeak prestaketa lanak.