Biharko zerrenda (Larunbata, 17:00)

Bihar arratsaldeko 17:00etan hasiko den partidan Elgoibar jasoko du Txerloian Ohorezko Mailako taldeak. Pasa den astean Oñatiko Azkoagainen porrot egin eta gero, hiru puntuak batu nahi ditu taldeak sartuta diren lehian jarraitzeko. Aurrean, ordea, bolada onean den Elgoibar izango dute.

Elgoibar taldea aipatuta oroitzapen ederrak batzen zaizkio Anaitasunako zale den orori. Azkeneko aldiz Txerloian elgoibartarren aurka batutako puntuagatik lortu zuen taldeak Hirugarren Mailara igotzea. Oraingo honetan neurketa honek ez du txartel hori emango, baina helburu bera lortzeko balio lezakete puntuek. Azken lau neurketak jarraian irabazita helduko da Azkoitira Elgoibar. Anaitasunak datorren astean aurkari izango duen Beti Gazteri Lesakan irabazi zion orain hilabete, eta harrezkero Orioko, Hondarribia eta Touring menderatu dituzte.

Gure mutilek, bestalde, etxean galdu ez dutela itzuli oso bat pasatu da dagoeneko, eta honek esperantzarako bidea ematen du. Garaipen gosez dira gureak eta amorru biziz jokatuko dute Elgoibarren aurkakoa. Aste honetan hiru lan saio burutu dituzte. Asteartean eta asteazkenean Txerloian egin zuten lan eta gaur San Juanen egindako azkenarekin biharko neurketarako prestaketekin amaitu dituzte entrenamenduak. Igor Quindos entrenatzaileak 18 jokalari deitu ditu biharko hitzordurako.

Deialdia:

Atezainak: Xuban, Asti

Atzelariak: Zulaika, Izagirre, Markel, Beitia, Joritz, Godoy

Erdilariak: Unai, Landa, Mikel Pastrian, Xabi, Oier Elorza, Aramendi, Iñigo Arzalluz

Aurrelariak: Ander, Mikel Arzalluz, Mendizabal