Ohorezko Kadete nesken zein mutilen garaipenak

Pasa den asteburuan Anaitasunaren harrobiko zazpi taldek jokatu zituzten neurketak, Jubenil Neskek atseden jardunaldia baitzuten. Zazpi neurketa horietatik Ohorezko Kadeteetako bi taldeak izan ziren hiru puntuak batzea lortu zituztenak.

Euskal Ligako Jubenilak

Loyola Indautxu 3
Anaitasuna CD 1

Gure mutilen hutsek garaipena eman zioten Nazional mailara igotzea lortu duen Loyola Indautxuri

Partida zaila aurreikusita zuten gureek, Indautxu sailkapenean bigarrena baitzen, eta horretaz gain, motibazio faltarik ere ez baitzuten, Anaitasunari irabaziz gero mailaz igotzea lortzen baitzuten. Beste aldean ere ez zen motibaziorik falta, nahiz eta helburua bestelakoa izan. Neurketaren planteamendua desberdina izan zen aurreko partidekiko. Gureek defendatzen zuten zelaian heldu nahi zioten neurketari eta azkenera arte zerbait lortzeko helburuarekin iritsi.

Lehenengo zatian, Anaitasuna ondo kokatuta egon zen zelaian eta etxekoek zuten aukera bakarra baloi luzeena zen. Modu horretan ez zituzten gureak kikildu, baina 30. minutuan zelai erdian egindako huts batetik etxekoen lehen gola iritsi zen. Gureen erantzuna, ordea, berehalakoa izan zen. 32. minutuan Julen Aramendik area ertzeko falta jaurtiketa eskuadratik sareetara bidali baitzuen. Modu horretan, banakoarekin hartu zuten aldageletarako bidea.

Bigarren zatin bide beretik joan zen neurketa, baina 75. eta 80. minutuan egindako bi hutsen ondorioz, Indautxuk bi gol egin eta mailaz igoteko txartela lortuko zuen beraien zaleen aurrean. Gureei lau neurketa gelditzen zaizkie duten onena eman eta maila honetan mantendu nahi dutela erakusteko.

Lehen finala bihar jokatuko dute San Juanen eguerdiko 12:00etan. Denon bultzada beharko dute bihar sailkapenean sei puntu goitik duen Real Union menderatzeko.


 

Ohorezko Kadete Mutilak

Anaitasuna CD 1
Zumaiako 0

Jarrera onak eta lehen zatiko joko onak garaipenaren bidera eraman zuen taldea

Hasiera-hasieratik irten zuten gure mutilek, azken neurketekin alderatuta, beste jarrera batekin. Asko zegoen jokoan, bi taldeak jaitsiera postuengatik borrokan ari baitira. Taldeak intentsitate eta irabazteko nahia garbi erakutsi zuen eta zumaiarrak baino gehiago izan zen San Juango berdegunean.

Gola, ordea, lehen zatia amaitzeko bederatzi minuturen falta iritsi zen. 31. minutuan, Emmanuelek ezker hegalean baloia bakarrik jaso zuen eta area ertzean jokaldi pertsonal bikaina egin ostean, lehen zutoinera erdiraketa egin zuen Aneudisek oina sartu eta gola egiteko.

Ondo jarri zitzaien neurketa eta atsedenaldira arnasa hartuta iritsi ziren. Bigarren zatian ez zen lehen zatian ikusi zen joko ona ikusterik izan, bereziki defentsa lanera mugatu zelako taldea. Zumaiako ere bultzatzen ari zen, baina hala ere azken minutuerararte ez zuen asko sufritu taldeak. Aukera garbiena area ertzeko jaurtiketa batean izan zuen eta berdinketa lortzetik gertu gelditu zen. Ander Etxanizek zutoinaren ondotik baloia kanpora bidaltzea lortu zuen. Hiru puntu garrantzitsu jaitsiera postuetatik aldentzeko.

Datorren jardunaldian Debako Amaikak Bat taldearekin neurtuko dituzte indarrak. Partida zaila izango da debarrek daramaten bolada ona ikusita (Igandea, 10:00).


 

Ohorezko Kadete Neskak

Anaitasuna CD 4
Mariño 1

Hiru puntu garrantzitsu goiko postuetan jarraitzeko.

Partida guztian agindu zuten gure neskek, Mariñok ez baitzuen jokatzeko intentziorik ekarri Azkoitira nahiz eta lehen zatia oso trabatua izan zen. Anaiko neskek baloiarekin jokatu nahi zuten eta irundarrek partida gelditu. Hala ere aukerak izan zituzten gorrixek, baina ez zuten golik sartzerik lortu.

Bigarren zatia hasi bezain laster iritsi zen bat eta hutsekoa. Ondorengo jokaldian, berriz, kornerra lortu zuten alde gure neskek  eta Libek buruz ondo errematatu ostean, baloiak sareetan amaitu zuen markagailuan bi eta hutsekoa ezarriz. Gol honekin neskak lasaitu egin ziren eta Mariñok pixkat aurrera jo zuen.

Honela, aurkako korner baten iritsi zen bisitarien gola. Gureek ez zuten lo hartu zorionez, ez ziren Mariñok zuen jokoan erori eta ondorengo minutuan Maria Juaristik, area kanpotik egindako jaurtiketa eder batetik etorri zen hiru eta batekoa. Hemen partida amaitutzat jo zuen kanpoko taldeak eta Anaitasuna laugarren gola egiteko gai izan zen.

Golegileak: Libe, Ihintza eta Maria Juaristi (2)   

Datorren igandean Añorgan jolastuko dute lider eta neurketarik galdu gabe dagoen etxeko taldearen aurka. Ea lehen sailkatuari ezustekoren bat emateko gai diren gureak.


 

1go Kadeteak

Anaitasuna CD 0
Urola 1

Azken unean eraman zuen Urolak garaipena San Juandik

Patida parekatua izan zen larunbat eguardian San Juanen. Neurketak ildo beretsua izan zuen bi zatietan, gorrixen nagusitasuna nabarmenduz. Hala ere, ez zen aukera garbirik izan lehen zatian.

Bigarrenean gauzak beretsu joan ziren, baina gola egiteko aukeraren bat izan zuten bi taldeek. Anaitasuna baloiaren jabe zen eta Urola defentsa lanean aritu zen, kontraerasoren batean ustekabean gure mutilen atzeko lerroa harrapatu nahian. Azkenengo minutuan lortu zuen Urolak gola. 

Datorren astean berriro San Juanen jokatu dute Beasainen aurka (Larunbata, 10:00).


 

Ohoreko Infantilak

Anaitasuna CD 1
Zarautz 1

Berdinketarekin amaitu zen Anaitasuna eta Zarautzen arteko neurketa irekia

Larunbat honetan Zarautzen aurkako partida zuten Ohorezko Infantilek. Zarauztarrak oso indartsu etorri ziren gurera. Lehenengo hogei minututan ez zen aukera nabarmendik egon, harik eta 25. minutuan bisitariek aurre artu arte. Gureek lanean jarritu zuten eta atsedenaldira berdineketarekin joatea lortu zuten, Ander Matasen eskutik.

Bigarren zatian hobeto aritu ziren gure mutilak, baina bai gureek eta bai zarauztarrek aukerak izan zituzten. Beraz, neurketa edozein talderentzat zegoen, irekia. Gure mutilek izan zituzten aukerak hiru puntuak lortzeko, baina aukerak ez zituzten behar bezala baliatu eta banakoarekin amaitu zen neurketa.

Bihar Oñatiko Azkoagain zelaian jokatuko dute (Larunbata, 11:15).


 

Infantil Txiki

Billabona 2
Anaitasuna CD 1

Bi falta jaurtiketa nahikoa izan zituen Billabonak epailea protagonista izan zen neurketan

Partida gogorra jokatu zuten Billabonan Infantil Txikiek, aukera gutxikoa. Lehen zatia amaitzear zela, Eritz Jacintok gol ederra egin zuen atezaina bikain engainatuz eta modu horretan aldageletarako bidea lasaitasun handiagoarekin hartu zuten gure mutilek.

Bigarren zatian, ordea, epaileak nabarmen jo zuen etxekoen alde eta adierazi beharrekoak ez ziren faltak adierazi zituen Billabonaren alde, Anaitasunaren alde bat bera ere adierazi ez zuenean. Geldikako jokaldi gehiegi eduki zituen etxeko taldeak eta azkeneko bost minututan bi falta jaurtiketen bitartez bi gol egin eta garaipena etxean gelditzea lortu zuten.

Datorren asteburuan atseden hartuko dute Infantil Txikiek.


 

Infantil neskak

Anaitasuna CD 1
Urki 2

Azken minutuan egin zuen ihes garaipenak

Partida ona jokatu zuten Anaitasunak eta Urkik pasa den larunbat goizean San Juanen. Lehen zatian ondo jokatu zuten gure neskek, aukerak egin eta aurkariaren atera hurbilduz. Hori gutxi ez eta defentsa arloan ere bikain moldatu ziren gureak.

Bigarren zatia ere bide beretik hastea lortu zuten gureek, baina Urkik gola egitea lortu zuen. Markagailua nola zen ikusita aurrera egin zuten Infantil Neskek eta partida berdintzea lortu zuten. Gehiago izan ziren berdegunean eta aukera onak eduki zituzten hiru puntuak lortzeko ere, baina azkeneko minutuan area ertzetik egindako jaurtiketa indartsu batetik Urkik garaipena lortzeko gola egin zuten. Burumakur amaitu zuten gure neskek, baina intentsitate onekin jokatuz gero ondo amaituko dute denboraldia.

Datorren jardunaldian Arizmendiren aurka arituko dira Aretxabaletako Ibarran (Larunbata, 12:30).