Nesken asteburu borobila

Anaitasunako neskek egindako asteburua izan da azpimarragarriena. Hiru taldeek, hau da, jubenilek, kadeteek eta infantilek euren neurketak irabaztea lortu baitzuten pasa den asteburuan. Aurpegirik ilunena Euskal Ligako jubenilek erakutsi zuten, liderraren etxean jipoi handiegia jaso baitzuten.

Euskal Ligako Jubenilak

Santutxu 8
Anaitasuna CD 0

Akatsez jositako goiz iluna

Oso emaitza gogorra jaso zuten liderraren etxean. Partida hasiera izan zen neurketako zatirik orekatuena, eta aukerak ere izan zituzten aurretik jartzeko, baina ez lortu izana garesti ordaindu zuten. 25. minutuan iritsi zen lehen gola, nahiz eta aurretik abisua emana zieten gure mutilei. Gureak bi jokaldi onekin etxekoen golari erantzun nahian aritu ziren, baina hamar minutu beranduago korner jokaldi batean bi eta hutsekoa egin zuten santutxuarrek. Areago, atsedenaldira iritsi aurretik hirugarrena egin zuten gureek egindako akats baten ondorioz. Gol hau kolpe gogorra izan zen eta burumakur eta goibel hartu zuten aldageletarao bidea.

Bigarren zatia zoritxarrez etxekoena izan zen goitik behera. Zelaian ez ziren eroso sentitu gureak eta epailearen jardunak ere ez zuen asko lagundu. Santutxuk gure mutilek egindako akats guztiak baliatu zituen eta beste bost gol eginda, zortzi eta hutsekoarekin amaitu zen neurketa.

Hurrengo astean egoera honi behin betiko itzulia emateko beraien esku dagoen dena egingo dute San Juanen Ermua garaitzeko (Larunbata, 17:30).

 


 

Jubenil neskak

Anaitasuna CD 2
Tolosa 0

Liderra zen Tolosari irabazi ostean, lidertza eskuratu dute Jubenil neskek

Aurrez pentsatuta zuten bezalako partida ikusteko aukera izan zuten Jubenil neskek, zaila eta gogorra. Lan asko egin behar izan zuten gure neskek Tolosa gainditzeko, lerro guztietan zailtasunak jarri baitzizkien. Zati bakoitzean gol bana egin eta aukera onak egin genituen emaitz handiagoa lortzeko, baina bi eta hutsekoarekin gustora bukatu zuten. Datozen partidetan era berean jarraitzeko esperantzekin dira entrenatzaileak.

Golegileak: Maider Badiola eta Irantzu Albizuri

Datorren jardunaldian Touringen kontra jokatuko dute Fanderian (Larunbata, 12:30)

 


 

Ohorezko Kadete mutilak

Anaitasuna CD 3
Ordizia 3

Bigarren zati oldakor baten ostean puntu bat lortzeko gai izan ziren Ohorezko Kadete mutilak

Puntu bat salbatzeko moduan izan ziren Ohorezko Kadete mutilak, baina neurketa bigun hasi zuten. Hegaleko sake batek erakutsi zuen hori, zortzigarren minutuan ordiziarrek gola egitea lortu zuten. Garaiz erantzun zuten gureek, ordea, ezker hegaletik egindako jokaldian Emmanuelek banakoa ezarri Eneko Espinakoren pasea baliatu eta jokaldia bikain amaituz.

19. minutuan, baloia luze batean modu harrigarri batean errematatu zuen buruz ordiziarren aurrelariak eta berriz ere aurretik jarri ziren bisitariak. Hirugarren gola ere golpe handia izan zen, eta bide batez Ordiziako aurrelariak bere hirugarren gola egitea ere lortu zuen.

Atsedenaldiaren ostean borrokarako gogoz irten ziren gure mutilak eta bai lortu ere zortzi minutura hegaleko falta baten aldaratzea baliatu baitzuen Olaizolak buruz atezaina gainditzeko. Zazpi minutu beranduago, berriz, berdinketa iritsi zen. Emmanuelek 30 metrotatik egindako jaurtiketa indartsuak atezaina ere geldirik utzi zuen.

Ordutik aurrera emaitzari eusten aritu ziren gureak eta bi taldeek lortu zituzten irabazteko aukerak neurketa amaitzeko minutu gutxiren faltan. Lehena ordiziaren buruz-burukoa izan zen, baina azken errematea zutoinaren ondotik kanpora joan zen. Anaitasunarena, berriz, neurketa azken jokaldia izan zen. Aukera bikoitza eduki zuten, lehena Julen Olaizolaren bitartez eta bigarrena Gorka LarraƱagaren bitartez. Olaizolaren ezkerkada atezainak urruntzea lortu zuen eta Gorkaren burukada gora joan zen.

Puntu bat batzeko gai izan ziren behintzat bigarren zatian egindako lanari esker. Datorren jardunaldian Lagun Onaken aurkako derbia jokatuko dute Garmendipen (Larunbata, 11:30).

 


 

Ohorezko Kadete neskak

Anaitasuna CD 2
Lazkao 1

Berriz ere azken unean lortu zuten Ohorezko Kadete neskek neurketa irabaztea

Partida erabat gorrixena izan zen, baina gol aukerak ez baliatzeak estuasunetan jarri zituen gureak. Hasieratik nagusi izan ziren gureak, bai jokoan baita gol aukeretan ere. Lazkao kontraerasoan irteten zen ahal zuen gehienetan, baina ez ziren jokaldi bat osatzeko gai izan. Honela Maria Juaristiren jokaldi pertsonal batean Lazkaoko atzelariak lurrera bota eta epaileak Anaitasunaren aldeko penaltia adierazi zen. Jonek jaurti zuen eta gure neskak bat eta huts aurreratu. Neurketa joera beretik joan zen, Anaitasuna jolasten eta Lazkao kontraerasora irteteko zain.

Bigarren zatia hasi ta berehala kontraeraso horietako batean Lazkaok bere gola egitea lortu zuen. Gure neskek beraien lanean itsu-itsuan jarraitu zuten eta lan onaren emaitza azken unean iritsi zen beste behin. Berriro Mariaren jokaldi batekin bi eta batekoa heldu zen, ondo merezitako hiru puntuak eskuratuz.  Bigarren itzulia ondo hasi dute, jarrai dezatela modu honetan.   

Golegileak: Jone eta Maria Juaristi

Datorren jardunaldian Hernaniren aurka jokatuko dute Zubipen (Igandea, 16:00)

 


 

1go Kadeteak

Beasain 2
Anaitasuna CD 0

Amaierara arte bizirik iritsi ziren arren, ezin punturik batu Beasainen

Beasainen aurka neurtu zituzten indarrak 1go Kadeteek. Lehen zatiari dagokionez, partida hasi bezain pronto gauzak maldan gora jarri ziren gorrixentzat, Zortzigarren minutuan beasaindarren gola heldu baitzen. Hortik aurrera bi taldeek ez zuten gola egiteko aukera gehiegirik izan, eta bat eta hutsekoarekin amaitu zen lehenengo zatia.

Bigarren zatiari dagokionez, berriz, aipatu behar Anaitasuna hasiera-hasieratik golaren bila aritu zela, baina ez zuten aukera arriskutsurik egiterik lortu. Gauzak horrela, neurketa amaitzeko bost minuturen faltan Beasainek kontraerasoko jokaldi batean bigarren gola egin zuen eta hiru puntuak ziurtatuta utzi zituzten modu horretan.

Datorren jardunaldian Ordizia jasoko dute San Juanen (Igandea, 12:30).

 


 

Infantil Txiki

Anaitasuna CD 1
Hondarribia 2

Merezi gabeko porrota etxean

Larunbat goizean jokatu zuten Infantil Txikiek Hondarribiaren aurka. Partida garrantzitsua zen bi taldeentzat. Partidako lehen minutuetan nagusi izan ziren gure mutilak, baloia zelai osoan zehar ondo mugituz eta aukera garbiak edukiz. 25. minutuan iritsi zen gola, Joanes Davilak egindakoa, Eritz Jacintoren jokaldi bikain bati amaiera emanez.

Lehenengo zatia bat eta hutsekoarekin amaitu zen eta oso ondo jokatu zuten mutilek. Bigarren zatian ordea, hasi eta bosgarren minutura hondarribiarrek gola sartu zuten eta hortik aurrera etxeko taldea beheraka joan zen. Urduri jarri ziren mutilak, adin hauetan ohikoa den moduan, eta baloi guztiak aurrera botatzen hasi ziren, zuzen jokatzen alegia, lehenengo zatian egin ez bezala.

Baina partida amaitzera zihoala, azkeneko minutuan Hondarribiak bigarren gola sartu zuen eta beraz, bat eta biko emaitzarekin galdu zuten gureek. Esan beharra dago entrenatzaileak gustora daudela jokalariek egindako partidarekin, jarrera ona erakutsi zutelako partida amaitu arte, eta hori oso garrantzitsua da adin hauetan.

Datorren jardunaldian Lengokoak jasoko dute San Juanen (Larunbata, 12:30).

 


 

Infantil Neskak

Anaitasuna CD 2
Bergara 1

Partida sufritua irabazi zuten Infantil neskek

Ez zuten nahi bezala jokatzerik lortu gureek. Jokoagatik egin dituzte neurketa hobeak, baina bi gol egin eta irabazteko gai izan ziren. Lehenengo bi zatietan gol bana egitea lortu zuten eta neurketa kontrolpean zutela zirudien arren, hirugarren zatian falta jaurtiketa baten bitartez neurketa estutzea lortu zuten bergararrek. Anaitasunako neskek sufrituz amaitu zuten neurketa.

Golegileak: Garazi Odriozola eta Zihara

Datorren asteburuan Urkiren aurka jokatuko dute Ipurua Anexon (Larunbata, 13:00)