Touringen aurkakoarekin hasiko da bigarren itzulia (Larunbata, 16:30)

18. jardunaldiarekin batera hasiko da Gipuzkoako Ohorezko Mailari dagokion bigarren itzulia. Pasa den astean egin bezala etxean arituko dira Igor Quindosen mutilak (Txerloia, 16:30) oraingo honetan ere, baina aurrean Errenteriako Touring hartuko dute. Bederatzigarrenak dira errenteriarrak sailkapenean, Anaitasunak baino zortzi puntu gutxiagorekin.

Hondarribiak gauzak zail jarri zizkien gure mutilei pasa den jardunaldian, eta bihartik aurrera etxean sendotzen hasi nahi dute gureek. Orain arte aurkitutako zailtasunak alde batera utzi, ondoena egiten dakitena praktikan jarri eta 90 minutuz dena emanez borrokatu beharko dute neurketa aurrera ateratzeko.

Oraingo honetan 19 jokalari deitu ditu Quindos entrenatzaileak. Beitiak orkatila okertu du gaurko lan saioan eta zalantza izango da azken unera arte. Hori horrela izanik, jokalari bat gehiago deituko du entrenatzaileak Touring mendean hartzeko. Mikel Aramendiren hutsunea ere nabarmentzekoa izango da, ez baitu aste honetan ohiko normaltasunez entrenatzerik izan.

Deialdia:

Atezainak: Asti, Xuban

Atzelariak: Zulaika, Tomao, Godoy, Markel, Landa, Izagirre,

Erdilariak: Unai, M. Pastrian, I. Arzalluz, Oier Elorza, Xabi Soraluce, Beitia

Aurrelariak: M. Arzalluz, Mendizabal, A. Pastrian, Ioannes, Ander