Harrobiak asteburuan utzitako emaitzak

Asteburuan denetik ikusi dugu. Jubenilek egin dituzte aurtengo denboraldikoak eta datorren urtean maila bat beherago aritu beharko dute. Egoera berean Preferente mailakoak ere. Tolosan galdu ostean matematikoki jaitsita baitaude. Aipatzekoen artean Ohorezko kadete mutilek sailkapeneko hirugarren postuan dagoen Zumaiakoren aurrean San Juanen emandako erakustaldia. Erakustaldiekin jarraituz Infantil neskak A taldeak lortutako gol zaparrada ere azpimarratzekoa.

Preferente maila

Tolosa B 4
Anaitasuna CD 2

Larunbat arratsaldean 1. Erregionalerako jaitsiera baieztatu zen Tolosan lau eta bi galdu ostean.

Partida modu berean joan zen hasieratik amaierara. Tolosak baloia ongi mugitzen zuen eta partidaren iniziatiba ere tolosarrek izan zuten. Hala ere, Anaitasuna ondo kokatu zen bere zelaian eta eroso sentitzen zen. Etxekoei asko kostatzen zitzaien min egitea.

Joseba Peñak egindako pase batetik eta Aitor Arribasen jokaldi on bat eta gero, arratsaldeko lehen gola egitea lortu zuen Anaitasunak. Eskuineko eskuadratik sekulako gola egin zuen Arribasek. Bi taldeek hasieran bezala jarraitu zuten, baina atsedenaldira iristeko bi minuturen faltan Tolosak berdinketaren gola egin zuen.

Bigarren zatiaren lehenengo zatian berdin ekin zioten gureek, baina Tolosak zelaia azkarra zegoela eta falta bat baliatu zuen markagailuan aurretik jartzeko. Anaitasuna gehiago izan zen ondorengo minutuetan eta aukerak izan zituen berdinketa lortzeko. Taldea berdinketaren bila itsu-itsuan zihoala, Tolosak hirugarrena egin zuen eta handik minutu gutxira laugarrena. Partida bukatzeko bi minuturen faltan, berriz, Kepa Orbea jubenilak eskuin hegala igo eta atezainaren gainetik gol dotorea egin zuen.

Hurrengo jardunaldian Beasain hartuko dute San Juanen Iker Epelde eta Iñigo Soraluceren mutilek.

Jubenil Nazionala

Real Union 3
Anaitasuna CD 0

Larunbat arratsaldean agur garratza eman zioten Jubenilek Nazional mailari.

Irunen zuten jubenilek denboraldiko azken partida eta nahiz eta ez zuten partida txarra egin, hiru eta hutseko porrota jaso zuten. Real Union hobeto sartu zen partidan eta aukera bat edo besteren ondoren, lehen zati erdi aldera bi minututan bi gol egitea lortu zuten irundarrek, bi kontraerasotan. Hortik aurrera partida berdindu egin zen, baina markagailua ez.

Bigarren zatira ondo sartu ziren gure mutilak. Pare bat aukera garbi izan zituzten markagailuan aldea murrizteko, baina ate aurreran ez zuten asmatu. Irundarrek ordea ez zuten barkatu eta ordu laurdenaren faltan atzean egindako huts baten ostean, amaierako hiru eta hutsekoa egin zuten.

Beste porrot batekin amaitu dute denboraldia jubenilek eta hurrengo urtean Euskal Ligan arituko dira.

Ohorezko kadete mutilak

Anaitasuna CD 6
Zumaiako 0

Larunbat arratsaldean partida borobila burututa garaipen ederra lortu zuten Ohorezko kadete mutilek.

Taldea ongi sartu zen partidan eta berehala hartu zuen aurrea markagailuan. Korner batean Ekainek egin zuen bat eta hutsekoa. Bigarrena ere berehala egin zuten Ohorezko kadete mutilek. Mikel Zubizarreta izan zen golegilea. Hirugarrena ere minutu gutxira iritsi zen. Talde guztiak ondo landutako jokaldiari amaiera ezinhobea eman zion Garmendiak, sekulako gola egin zuen. Lehen 30 minutuak oso onak izan ziren Anaitasunarentzat, futbolean ondo konbinatuz eta atzean sendo agertu ziren Borja Rocha eta Gorka Zubizarretaren mutilak. Atsedenaldira iritsi aurretik laugarrena egin zuen Anaitasunak, berriz ere Mikel Zubizarreta izan zen golegilea.

Atsedenalditik bueltan, normala den moduan taldeak behera egin zuen, baina Zumaiako baino gehiago izan zen. Bosgarren golean ere Mikel Zubizarreta izan zen protagonista, hat-tricka lortu baitzuen. Nahiz eta zumaiar batek sartu zuen bere atean, epaileak Zubizarretari eman zion gola. Azken sei eta hutsekoa Danelek egin zuen.

Datorren jardunaldian Zarautzen arituko dira Ohorezko kadete mutilak.

Ohorezko kadete neskak

Mariño 1
Anaitasuna CD 1

Igande goizean Irunen jokatutako partidan Kadete neskek aukera polita galdu zuten laugarren postura gerturatzeko.

Lehen zatian gehiago izan ziren eta atsedenaldira huts eta bateko emaitzarekin joan ziren.

Bigarren zatira ez ziren oso kontzentratuta irten gure neskak eta irundarrek partida berdintzea lortu zuten. Hortik aurrera Anaitasunak gola lortzeko aukeraren bat edo beste izan zuen, baina berdinketarekin amaitu zen partida.

Datorren jardunaldian Lazkaoren aurka jokatuko dute, ostiralez, San Juango futbol zelaian.

Kadeteen 1go maila

Anaitasuna CD 0
Martutene 2

Igande arratsaldean lehen zatian erabaki zuen partida Martutenek.

Partidara lo irten ziren gureak eta lehenengo hiru minututan hiru korner izan zituzten alde Martutenekoek. Hirugarrenean atezainari baloiak eskuetatik ihes egin zion eta kanpokoek huts hori baliatu zuten lehenengo gola egiteko. Gero partida orekatu egin zen, baina eskuin aldetik emandako jokaldi batean bigarrena egin zuen Martutenek.

Atsedenaldira bitartean izan zituen Anaitasunak aukerak aldea murrizteko, baina ez zuten fruiturik jaso. Atsedenaldiaren ostean indartsu atera ziren gureak eta lehenengo hamabost minututan aukera asko izan zituzten. Hori ikusita, Martutene atzean jarri eta defendatzera mugatu zen. Anaitasunak baloi gehiago izan zuen arren, ez zen ezertarako betarik izan.

Hurrengo astean Tolosan arituko dira Aitor Azpitarte eta Xabier Andreuren mutilak.

Infantilen 1go maila

Anaitasuna CD 3
Ikasberri 0

Larunbat eguerdian azkoitiarren eta azpeitiarren arteko derbian gureak nagusi.

Partida hasieran lo atera ziren berdegunera gureak eta akatsak egin zituzten urduritasunak eraginda. Hala ere, berehala lortu zuten partidako lehen gola Aimar Guembek eta horrekin lasaitasun handiagorekin jokatzeko aukera izan zuten gureek. Ikasberrik ere ezer egin gabe Anaitasunaren ate ingurura bi aldiz iristea lortu zuen eta berriz ere urduritasunak agertu ziren San Juango berdegunean ahalik eta Unai Guembek bigarren gola egin zuen arte.

Atsedenaldira bi eta hutsekoarekin iritsi ziren. Sekulako euri jasa eta haizea atera ziren, eta epailea partida bertan behera uztekotan egon zen. Hamar minutuko etenaldiaren ostean, eguraldiak hobera egin zuen eta Anaitasunaren jokoak ere bai.

Baloia motzean jokatzen saiatu ziren gureak, nahiz eta noizean behin huts batzuk egin zituzten. Hala ere, Ikasberri ez zen iristen Anaitasunaren atera eta 20. minutuan Ekaitz Zelaiak sekulako gola eginez partida erabakita utzi zuen. Penalti bat ere izan zuten alde gureek, baina Aitor Arratibelek egindako jaurtiketa atezainak gelditzea lortu zuen. Partida onik egin gabe hiru puntu eskuratzea lortu zuten eta bide batez lidertzari eusten diote Infantilen 1go mailako mutilek.

Datorren jardunaldian atsedena izango du Tomax Guembe eta Mikel Antsorregiren taldeak.

Infantil Txiki

Anaitasuna CD 5
Danena 0

Igande eguerdian garaipen borobila Infantil Txikientzat.

Hasi eta hamar minutu eskasera egin zuten gola gureek. Julenek hegaletik erdiraketa egin eta Inharrek egin zuen bat eta hutsekoa. Bigarrenak ere ez zuen asko iraun iristen. Bost minutura Jokinek area ertzetik ezkerrez egindako jaurtiketak sareetan amaitu zuen. Eta atsedenaldirako bi minuturen faltan, korner batean Ametsek boleaz hirugarrena egin zuen. Danena taldeak ez zuen egunik onena izan eta ezer gutxi ikusi zen beraien partetik San Juanen.

Bigarren zatia hasi eta hamar minutu pasatzerako egin zuen laugarrena Anaitasunak. Ametsek egin zuen errematea, baina bigarren zutoinean bakarrik zen Julenek egin zuen Anaitasunarentzat laugarren gola. Bosgarren eta azken gola, berriz, amaierarako hamar minuturen faltan etorri zen. Eskuin hegaletik egindako erdiraketa batean bote handia egin zion atezainari bere aurrean, eta behin baloia pasata Ander Matas agertu zen bigarren zutoinean buruz bosgarrena egiteko.

Datorren jardunaldian Amaikak Baten aurka jokatuko dute Deban.

Infantil neskak A

Anaitasuna CD 16
Amaikak Bat 1

Sekulako erakustaldia eman zuten Infantil neskek igande goizean San Juanen.

Aste Santuetako geldialdiaren ondoren gogotsu bueltatu dira gure neskak, eta horren adierazle da eskaini ziguten partida. Hasi eta bosgarren minuturako hiru eta huts jarri ziren aurretik. Ederki nabaritu zen futbolerako gogoa eta gosea, eta gauzak horrela, partida osoan izan zuen agintea Anaitasunak. Amaikak Batek ia aukerarik ez zuen izan. Anaitasuna guztiz aurreratuta zegoen batean, kontraerasoan harrapatu eta bere gola egin zuten debarrek.

Bukaeran 16-1 garaile gure neskak, baina albiste txar bat ere jaso zuten infantil neskek. Azken minutuan Josunek buruz errematea egin eta oina lurrean jartzean, bihurritua egin zuen. Ezin da jakin, baina ziurrenik hiru edo lau astetarako baja izango da, baja garrantzitsua taldearentzat. Animorik handienak berarentzat.

Golegileak:
Jone (4), Maria Juaristi (3), Leire (3), Ihintza Arakistain (2), Maria Santiso (2), Elene Zabala (1) eta Intza Zendoia (1)

Datorren jardunaldian Oiartzunen arituko dira Imanol Alesonen neskak.

Infantil neskak B

Anaitasuna CD 5
Mutriku 5

Igande goizean berdinketa Infantil neskak B taldearentzat

Lehenengo zatia hasi eta berehala, aldaratze baten ostean egindako jaurtiketatik egin zuen lehen gola Mutrikuk. Hala ere, lehen zati hau Anaitasunarena izan zen, baloiarekin nagusi eta baloia mutrikuarrena zenean gogor defendatuz. Maitane eta Zihararen artean egindako jokaldi batean etorri zen Anaitasunaren lehen gola eta bigarrena Naiarak zelai erditik egindako jaurtiketatik.

Bigarren zatian gureak lasaiago irten ziren eta Mutrikuk hartu zuen partidaren kontrola. Horren ondorioz, markagailua iraultzea lortu zuten, baina bigarren zati hau amaitu aurretik Garazi Odriozolak hirunakoa egitea lortu zuen erdiraketa batetik jasotako baloia atezainaren aurrean loratuz.

Hirugarren zatian tentsioa nabari zen San Juanen. Azken zatia orekatua izan zen eta nabaria zen bi taldeek garaipena erdietsi nahi zutela. Hala ere, Mutrikuk abantaila hartu zuen berriz markagailuan hiru eta laukoa eginda. Bosgarrena ere berehala egin zuten mutrikuarrek. Gureek, ordea, ez zuten etsi eta Mutrikuko jokalari batek eskuarekin baloia area barruan ukitu ostean, penaltitik berriz ere aldea murriztea lortu zuten. Udanek egin zuen gola. Amaitzeko bost minuturen faltan berdinketaren gola etorri zen. Ziharak buruz amaierako bosnako berdinketa ezarri zuen markagailuan.

Datorren jardunaldian atsedena izango dute Ion Larrañaga eta Alaitz Alberdiren neskek.

Alebin errendimendua

Anaitasuna CD 0
Urola 3

Igande goizean porrota alebin errendimenduarentzat.

Partidari gaizki ekin zioten alebinek. Urola ondo kokatu zen zelaian eta baloia ongi mugitzeko gaitasuna erakutsi zuten Zubietan. Anaitasunak ez zuen asmatu presionatzen eta lehenengo zatian egin zituzten zumarragarrek partidako hiru golak.

Hortik aurrera neurria hartu eta hobeto defendatuz aukera bat edo beste egiteko tartea izan zuten gure mutilek. Azkeneko zatian aukera garbiagoak izan zituzten gureek, baina ezin izan zuten lortu. Zumarragarrak gehiago izan ziren eta zorionak ematea besterik ez zitzaien gelditu gureei.

Datorren jardunaldian Zumaian Lazkaoren aurka arituko dira Ion Elorza, Ander Azpitarte eta Joritz Badiolaren mutilak.

Alebin parte-hartzea

Urki 4
Anaitasuna CD 1

Igande arratsaldean jokatu zuten partidan porrota alebin parte-hartzearentzat

Hasieran partida berdindua izan zen, oreka izan zen nagusi bi taldeen artean, Anaitasuna serio eta kontzentraturik atera baitzen zelaira. Urkik aurrea ahartu zuen markagailuan, baina bost minutura Julen Motok partida berdintzea lortu zuen.

Gureak ondo ibili ziren, baina epaileak ez zuen egunik onena izan eta penalti bat aurka adierazteaz gain, legezko gol bat eta penalti garbi bat ez zituen ikusi ez eta adierazi ere. Modu horretan Urkiren golak etorri ziren. Beste hiru gol egin eta azken lau eta batekoarekin itzuli ziren Eibartik parte-hartzeko alebinak.

Datorren jardunaldian Urki B taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak.