Eibar eta Osasuna Beningo kaleko umeen alde

Jende ugari bildu zen Txerloian jokatu zen partiduan.

Eibarrek eta Osasunak hasi bezala amaitu zuten Txerloian jokatutako partidua. Beningo Kaleko Umeak Gobernuz Kanpoko Erakundearen aldeko partidura 700 bat ikusle bildu ziren eta Txerloiako harmailek itxura ona erakutsi zuten.

Bi taldeen hasierako hamaikakoan gizon garrantzitsuen presentzia nabaria izan zen. Eibarrek hainbat titularrekin batera, ezohikoak diren jokalariak zelairatu zituen. Osasunak, bere aldetik, bere ohiko hamaikakoa zelairatu zuen lehen zatian.

Lehen 45 minutuak golik gabe amaitu ziren. Harritzekoa izan zen, hainbat aukera garbi izan baitzituzten bi taldeek markagailuan aurretik jartzeko. Garbiena Osasunako Roberto Torres jokalariak izan zuen. Area ertzean egindako falta jaurtiketa bat langara bota zuen. Ownu izan zen beste protagonista. Aukera garbiak izan zituen eta gol bat erdietsi zuen, nahiz eta epaileak jokoz kanpoko posizioan lortu zuela adierazi zuen.

Bigarren erdian, aldaketa nabarmena izan zen. Osasunak lehen zatiko talde osoa aldatu zuen. Hauen lekua bigarren taldeko jokalariek hartu zuten. Eibarrek izan zuen partidaren kontrola eta aukerarik garbienak ere armaginenak izan ziren.

Ez zen aldaketarik izan markagailuan. Partida interesgarria bizitzeko aukera izan zuten Txerloira hurbildu ziren jarraitzaileek, eta bide batez Beningo kaleko umeen alde diru laguntza bideratu zuten.

eibar-osasuna2