Idatz dezagun historia elkarrekin!

Ohorezko mailako bigarren sailkatuak ate berri bat izan lezake Hirugarren Mailara igotzeko, eta Anaitasunak izan nahi du ate hori zeharkatzen lehen taldea. Datorren zapatuan, 17:00etan, Ohorezko Mailako mutilek Aretxabaleta jasoko dute Txerloian, eta kluba hasi da zapatuko partida prestatzeko lanekin; harmailak eta zelaiaren inguruak gorriz koloreztatuko dira beste behin.

Dena-emango-dugu

Jokalariek zaleen babesa eskatu dute zapatuko partidarako, eta klubak 700 puxika gorri banatuko ditu harmailetako aulki bakoitza betetzeko asmoarekin. Jokalariak ereserkiarekin batera zelairatzen direnean eta gol zein ospakizunetan gogotik astintzeko izango dira puxikak. Puxikekin harmailaren garrantzia azpimarratu nahi du klubak, hasieratik amaitu arte garrantzitsua izango delako zale gorrixen bultzada. Jokoan zerbait izan duenean hartutako erabaki bera hartuko du oraingoan ere klubak. Kamiseta zein bufanda gorriarekin zelaira etortzen denak, Anaitasuna-Aretxabaleta neurketa ikusteko sarrera doan izango du.

Ez da etxean gelditzeko eguna, ez da ligako beste partida bat. Mutilek historia egin eta idatz lezaketen beste egun bat izango da zapatukoa. Anaitasunak taldearekin bate egiteko dei egiten die bazkide, kolaboratzaile, jarraitzaile, lagun eta familiako kide guztiei. Idatz dezagun historia elkarrekin.