Korrika txikia egingo dugu igandean Txerloian

Anaitasunak bere babesa eman nahi dio aurten ere Korrikari. Harago joanez, Korrikaren aldeko eguna ospatuko dugu Txerloian datorren igandean, martxoak 24, mutilek Deusto Donostia taldearen aurka jokatuko duten partidan. Atsedenaldian Korrika txikia egingo dugu, eta ondoren mezua irakurri.

Korrika lekukoa

Datorren igandean, martxoak 24, Ohorezko Mailako mutilen taldeak Txerloian Deusto Donostia taldearen aurka jokatuko du neurketa, 17:00etan. Egun horretan errifen bitartez jasotako diru guztia dohaintzan emango dio Anaitasunak Azkoitiko Korrika Batzordeari. Gainera, Txerloian Korrika txikia egingo dugu atsedenaldian eta zelaira bertaratutako edonork izango du ekimenean parte hartzeko aukera. Zelai barruan, baina berdegunetik kanpo lekukoaren atzetik bi itzuli emango ditugu, eta ondoren lekuko barruan gorde dugun mezua irakurriko dugu. Neurketa ikusteko sarreraren prezio orokorra 7 euro da, baina Korrika laguntzaileek 5 eurotan lortuko dute zelaira sartzeko sarrera.

Horregatik guztiagatik, Anaitasunak dei egiten die herritar guztiei partida egun horretan Txerloira joateko, eta nola ez, atsedenaldian egingo dugun Korrika txikian parte hartzeko. Iaz Marea Urdina ekimenaren aldeko partida egin zuen Anaitasunak, eta errifen bitartez jasotako 800 euro dohaintzan eman zizkion Marea Urdinari. Bide batez, mutilei lehen postuagatik borrokan jarraitzeko indarra emateko aukera izango da igandean.