Mikel Azkoiti

mikelazkoitiArgazkiak (realunionclub.com, F.Lozano)

 

IZENA: Mikel Azkoiti Juaristi
ADINA: 27 urte
KLUBA: Real Union
POSIZIOA: Atzelaria

Galdera motzak:


Talde bat: Neu jokatzen ari naizena beti

Futbol zelai bat: Las Llanas

Futbol jokalari bat: Messi

Anaitasuna: Aupa Gorrixek!

Real Union: Urte askoan ahal baldin bada

Azkoitiko txoko bat: Attola

Momentu on bat: Lagun Onaken Hirugarren Mailan txapeldun gelditu ginenekoa

Janari/Edari bat: Txuleta eta ardo beltza

Pelikula bat: El secreto de sus ojos

Musika talde bat: Hertzainak

Bertute bat: Pazintzia

Gabezia bat: Burugogorra

Esaldi bat: Apaladutxi, DUTXI, asasi, SI, asasa, SA. Anaitasuna trakatra! RA! RA! RA! Hip Hip Hurra!

ELKARRIZKETA

Noiz hasi zinen futbolean jokatzen?

Azkoitiko Ikastolan futbol txikian jolasten genuen. Anaitasunak Infantiletako bigarren urtean geundenean taldea atera zuenean hasi nintzen futbol handian

Zure futbol ibilbidea zein zein da?

Infantiletan hasita Anaitasunan jolastu nuen. Jubeniletako hirugarren urtean Preferenteko taldearekin jokatu nuen, eta horren ondoren beste bi urte ere bai. Gero, Lagun Onakekin Hirugarren Mailan hiru urte egin nituen. Horren ondoren urtebetez ez nuen jolastu, ikasketak amaitzera Chilera joan nintzelako. Handik bueltan, Sestao Riverrera joan nintzen urtebeterako, eta pasa den urtean Real Unionera. Aurten ere Irunen jarraitzen dut

Beti jokatu duzu atzeko postuetan. Anaitasunan gehienbat hegalean jolasten zenuen. Orain erdiko atzelari moduan aritzen zara. Non moldatzen zara ondoen?

Beti hegaleko atzelari moduan jokatu izan dut, Sestaon txapelketaren bigarren erdian erdiko atzelari bezala jokatu nuen arte. Pasa den urte osoa postu horretan ibili nintzen, eta aurten bi postuetan nabil. Bat esatekotan, erdiko atzelari moduan hobeto moldatzen naizela esango nuke

Herriko gazte gehienak bezala Anaitasunan hasi zinen futbolean jolasten. Zer oroitzapen gordetzen dituzu?

Oroitzapen asko eta onak. Oso ondo zaintzen gintuzten, jende sano eta ona zen klubekoa, oso gertukoa. Taldea, berriz, bigarren kuadrilla izaten zen. Gainera geure kuadrillako asko ibili izan gara futbolean eta beti elkarrekin ginen

Anaitasunako zer gauza botatzen duzu faltan?

Batik bat lagunarte hori eta zeure herrian entrenatu eta jolastu ahal izatea, kotxean kilometrorik egin beharrik gabe

Erabaki asko hartu behar izan dituzu. Horietako bat izan zen Anaitasuna utzi eta Lagun Onak taldera joatea. Azkoitiarra izanik, nola bizi izan zenuen Azpeitira joateko unea?

Normaltasun handiz bizi izan nuen, purrustadaren bat entzun nuen, baina beti barrez amaitzeko moduan. Egia da Lagun Onaken aurka ez genuela inoiz jolastu Infantiletatik Preferente Mailaraino, eta agian zaharragoek izaten zuten pike hori txikiagoa zela. Aukera ona iruditu zitzaidan neure burua neurtzeko, desafio bat bezala ikusi nuen, eta ez naiz inoiz damutu saiatu izanaz

Entrenatzaile ezagun askoren taldeko jokalaria izan zara. Bat esan daiteke zeurea izango dela, Aitor Zulaika. Talde gehienetan izan duzu azpeitiarra. Zer iritzi duzu entrenatzailearen inguruan?

Aitor izan da mailaz igotzeko ateak ireki dizkidana. Beharrezkoa da norbaitek zugan sinestea aukera horiek izateko, eta nire kasuan bera izan da. Entrenatzaile langilea eta futbola asko bizitzen duena da. Bere lanaren emaitzak jasotzen ari da eta etorkizun ona izango duelakoan nago. Beti eskertuko diot nigan izan duen konfidantza

Bigarren B Mailan lehiatzen duzue gaur egun eta oso egoera onean zaudete. Zer azpimarratuko zenuke lehiatzen zauden mailatik?

Maila oso orekatua dela esango nuke, berdintasun handia dago eta ez da partida errazik egoten. Aurten, adibidez, puntu gutxiren barruan talde pila bat gaude. Koska handia dago Hirugarren Mailatik, hemen taldeak ez dute harrobiko jokalarien arabera izaten urte ona edo txarra, fitxaketak osatzen dute etxean ez dagoen guztia

Nolakoa da Mikel Azkoitiren egunerokoa?

Denboraldian zehar goizez entrenatzen dugu egunero, partida egunetan ezik. Aurredenboraldian goiz eta arratsaldez ere entrenatu ohi dugu. Normalean astero egun bat izaten dugu libre. Arratsaldetan hizkuntza eskolara joaten naiz. Astean zehar denbora libre asko izaten dut, baino asteburuetan ez hainbeste. Partida kanpoan izaten denean larunbat goizetik igande gauera arte kanpoan egoten gara, eta etxean jolasten dugunean ere normalean igande arratsaldez izaten denez, gauza gutxi egin ahal izaten dut lagunekin

Zerk bultzatzen zaitu kirol honi hainbeste denbora eskaini ahal izateko?

Futbola dudan zaletasun handiena izateaz gain, dudarik gabe, hortik bizi ahal izateak. Bestela ezinezkoa izango zen hainbeste denbora futbolean pasatzea

Eta zaudeten egoera ikusita, zein da taldeak duen erronka?

Mailari eusteko normalean behar izaten diren puntuak lortu ditugu. Orain, goiko postu horietan jarraitzen saiatuko gara ahalik eta denbora gehienean, ahal den gertuen egoten behintzat bai. Azken hilabetean goiko borroka hortan ibiltzea espero dut, ea zertarako gai garen. Erronka polita da

Eta zuk zeuretzat markatuta duzun helburua?

Egunero ahal den gehien ikastea eta hobetzea, entrenamendu eta partida bakoitza horretarako aprobetxatuz. Eta futbolaz gozatzea

Zure futbol ibilbidea Anaitasunan amaitzea gustatuko al litzaizuke?

Amaitzea ez zait hainbeste axola, baina berriz jolastea gustatuko litzaidake, batik bat nire lagunek jarraitzen badute

Nola definituko zenuke zeure burua?

Azkarra eta gogorra naizela esango nuke, eta buruz ondo moldatzen naiz. Zelaian dena ematen ahalengintzen naiz beti. Alde txarrak besteek esan ditzatela...

Zer esango zenieke Anaitasunako jarraitzaileei?

Jakiteko baloratzen herriko jokalariz osatutako taldea dela Anaitasuna, taldea ondo joan ala ez, eta joateko Txerloire