Julen Iriarte

image2

IZENA: Julen Iriarte Villanueva
ADINA: 23 urte
KLUBA: Mallorca B
POSIZIOA: Aurrelaria

Galdera motzak:


Talde bat: Eibar
Futbol zelai bat: Ipurua
Futbol jokalari bat: Iñigo Arzalluz
Anaitasuna: Etxea
Eibar: Naizena izateko guztia eman didana
Azkoitiko txoko bat: Txanpaña lokala
Momentu on bat: Garaipena
Janari/Edari bat: Sagardotegiko menua
Pelikula bat: Gladiator
Musika talde bat: Fito y fitipaldis
Bertute bat: Adiskidetsua izatea
Gabezia bat: Galdutakoan izaten dudan humorea
Esaldi bat: "Que ser valiente no salga tan caro, que ser cobarde no valga la pena"

ELKARRIZKETA

Zein izan da Julen Iriarteren ibilbidea?

Azkoitiko mutiko guztiak bezala Anaitasunan hasi nitnzen infantiletan, ondoren Durangon urte bat egin eta gero kadeteetatik Eibarren ibili naiz, lehenengo taldera iritsi arte. Aurreko urtean Logroñesen jokatu nuen utzita eta aurten ere utzita nabil Mallorcaren bigarren taldean

Zein oroitzapen dituzu Anaitasunaz?

Oso onak. Oroitzen dudan urterik ederrenetakoa izan zen, urte osoan pare bat partidu bakarrik galdu baigenituen eta ondorioz mailaz igotzea lortu genuen. Gainera guraso eta jokalarien artean genuen harremana oso ederra zen.

Futboleko zer gauza maite duzu?

Egiten dituzun harremanak. Talde asko pasa ditut eta jokalari asko ezagutzen dituzu. Azkenean aurkako taldeko jokalariekin ere harremanak izaten bukatzen duzu

Zer sentitzen da Eibarren jokalaria zarela jakitean?

Orain dela bi urte Bigarren Mailara igotzea lortu genuen eta ni talde horretan nengoen. Eibar orain inoiz iritsi ez den lekura iritsi da, eta ni horren zati txiki bat sentitzen naiz

Eibarrek utzita ari zara jolasten azken hiru denboraldietan. Laudion, Logroñesen eta orain Mallorcan. Maite duzun taldetik kanpo lehiatzea erraza egiten al da?

Ume guztien desioa da egunen batean bere taldeko lehen taldean jolastea eta beraz, nirea ere bai. 2. B Mailan eduki nuen zorte hori, baina, orain taldearen maila igo egin da eta derrigorrezkoa egin zait etxetik irtetea, nahiz eta hori ez den erraza

Anaitasunatik zerbait botatzen al duzu faltan?

Herriko lagunekin jolastea. Eibarren ere 5 azkoitiar geunden, eta beraz, laguntasun hori asko eskertzen da

Anaitasunako zer gauzak markatu zaitu?

Lehen esan dudan bezala, talde eta gurasoen artean genuen harremana. Etxetik kanpo jokatzen genuen bakoitzean sagardotegi batean bukatzen genuen ia beti. Oso oroitzapen onak ditut

Ibilbide honetan talde desberdin asko pasatu dituzu. Zein taldek eman dizu gehien eta zeinek gutxien?

Gehien eman didan taldea Eibar izan da, bertan hazi naizelako, baina, beste bat aukeratu behar badut Laudio esango nuke. Bertan denboraldi erdi batean Hirugarren Mailatik 2.B Mailarako pausua eman nuen eta oso oroitzapen onak ditut hango guztiaz. Taldekideak, zaleak... Gutxien nork eman didan esaten ez nuke jakingo, guztietan ikasten duzu zerbait

Nola doa Julen Iriarteren denboraldia Mallorcan?

Nahiko ondo. Berandu iritsi nintzen eta 2-3 aste behar izan nituen taldean sartzeko, baina, harrezkero guztia jokatu dut azaroaren erdialdean sorbaldako lesioa gertatu arte

Etxekoengandik urrun ari zara lehiatzen azken bi denboraldietan. Aurreko urtean Logroñon eta orain Mallorcan. Ondo daramazu esperientzia?

Bai, inoiz ez da erraza etxetik ateratzea eta gutxiago bakarrik bazoaz. Taldekide berriak ezagutzen dituzu urtero, eta futbol talde batean asko laguntzen dizute ahalik eta azkarren taldean sartzeko

Eibarrekin Lehen Mailan jolasteko gai ikusten al duzu zeure burua?

Oraindik ez. Hori nire ametsa izango litzateke eta horretarako egiten dut lan egunero

Non ikusi nahiko zenuke zure burua etorkizunean?

Lehenengo Mailan lehiatzen ikusi nahiko nuke, baina, horrez gain beti hitz egiten dut Josu Godoyrekin futbola biok batera utzi behar dugula Anaitasunan. Polita izango zen

Entrenatzaile asko pasatu dituzu. Batekin geratzekotan zein hautatuko zenuke? Zergatik?

Gaizka Garitanorekin geratuko nintzateke. Hiru denboraldi eta azkenengo bi aurre-denboraldi pasatu ditut berarekin eta gehien erakutsi didan entrenatzailea izan da

Nolakoa dira Julen Iriarteren egunak Mallorcan?

Goizez entrenatzen dugu eta noizean behin arratsalde batean ere bai. Denbora libre asko daukagu eta taldekideen artean geratzen gara erosketak egitera joateko, afaltzeko... Eguraldi ona egiten duenean hondartza ere gertu izaten dugu

Anaitasunako zaleei zein mezu bidaliko zenieke?

Taldea beti bezala animatzeko. Orain jende gazte asko dago eta etorkizun handiko talde bat ikusten dut. Pazientzia izanez gero, hurrengo denboraldietako batean berriro Hirugarren Mailara igotzea lortuko dutela uste dut