Igor Zubeldia

igor

IZENA: Igor Zubeldia Elorza
ADINA: 17 urte
KLUBA: Real Sociedad
POSIZIOA: Erdilaria

Galdera motzak:


Talde bat: Real Sociedad
Futbol zelai bat: Old Trafford
Futbol jokalari bat: Xabi Alonso
Anaitasuna: Nire lehenengo taldea
Real Sociedad: Betidanik gustuko izan dudan taldea
Azkoitiko txoko bat: Gurea Pilotalekua
Momentu on bat: Realarekin sartutako lehen gola
Janari/Edari bat: Sahieskia / Coca-Cola
Pelikula bat: 8 apellidos vascos
Musika talde bat: Iheskide
Bertute bat: Langilea
Gabezia bat: Segurtasun falta dudala batzuetan nire buruarekin
Esaldi bat: "No hay meta dura sino mente d├ębil"

ELKARRIZKETA

GALDERA: Jendeak Igor Zubeldia gehiago ezagutu dezan, zein izan da zure kirol ibilbidea orain arte?
ERANTZUNA: Txikitan pilotan eta futbolean jokatzen nuen, baina, lehentasuna batez ere pilotari ematen nion. Alebinetan Anaitasunan hasi nintzen eta urtebetera Realak deitu ninduen. Orduan pilota edo futbola aukeratzeko ordua iritsi zen, biak batera egitea ezinezkoa baitzen. Beraz, futbola aukeratu nuen. Realak deitzea ilusio handia egin zidan. Hori izan zen arrazoi nagusia. 11 urterekin (Infantil Txiki) hasi nintzen Realarekin. Pilota lagatzeak pena handia eman zidan, eta orain partidak ikusten hasten naizenean jokatzeko gogoa ere etortzen zait.

Futbolean zer gauzak deitu zizun arreta, hainbeste denbora kirol honi eskaintzeko?
Gure koadrila betidanik izan da kirol zalea. Arratsaldeak libre genituenetan ere beti futbolean ibiltzen ginen. Uste dut hori izan dela arrazoia kirol honi hainbeste denbora eskaintzeko.

Anaitasunako jokalari bezala eman zenizkion lehen ostikoak baloiari. Zenbat denboraldiz egon zinen Anaitasunako harrobian eta zein kategoriatan?
Alebinetan urtebete egon nintzen.

Nola deskribatuko zenuke zure burua?
Nik uste dut apala eta jatorra naizela. Futbol aldetik ez zait gustatzen jokalari bat imitatzen hastea, ez behintzat telebistan agertzen diren jokaldiak egiten. Jokalari normal bat bezala kontsideratzen dut nire burua.

Nola izan zen Anaitasuna utzi eta Realera joateko prozesua?
Oker ez banaiz, Amaikak Bat eta Anaitasunaren arteko partida bat jokatu genuen Deban bertan. Partida ona atera zitzaidan eta handik denbora gutxira Realak deitu ninduen. Niri bezala, Jon Letamendiari (Anaitasunako Jubenil Nazionaleko jokalaria) ere deitu zioten eta pare bat egunean biok entrenatu genuen Realarekin.

Zer oroitzapen gordetzen dituzu Anaitasunan egon zinen urte haietaz?
Oroitzapen onak. Koadrilakoekin talde bat konpartitzea beti da gauza ederra. Beraien partiduak ikustera joatean askotan pentsatzen dut gustura jokatuko nukeela neuk ere beraiekin partidaren bat edo beste.

Eta Anaitasunan markatu zaituen zerbait izango zenuke aipatzeko?
Ez nuke jakingo gauza bat esaten, izan ere, urtebete pasatu nuen bakarrik. Hala ere, esan beharra dut oso urte polita izan zela. Aurretik Ikas-Kirolen lehiatzen genuen eta denak Anaitasunan jokatzeko gogotsu geunden.

Zerbait botatzen duzu faltan Anaitasunan egon zinen garaitik?
Lagunak. Lehen esan bezala gogoa ere ematen dit beraiekin jokatzeko.

Zein da Anaitasunatik Realera jauzi egitean nabaritu duzun aldaketa handiena. Edo bestela esanda, zertan egiten da lan gehiago Realean Anaitasunan hainbeste egiten ez dena?
Entrenamendu kopurua aipatuko nuke. Larunbatetan jokatzen dugunean astean 4 entrenamendu egiten ditugu, eta aldiz, igandetan jokatzen dugunean 5. Arlo fisikoari garrantzi handia ematen diote Realean, baina, ahal dena baloiarekin egiten dugu.

Realera jauzi egitea, orain arte zure bizitzan izan duzun unerik gozoena agian?
Gozoenetako bat bai behintzat. 11 urterekin Realera joan behar duzula jakiteak poz handia ematen du.

Realeko Jubenilen Ohorezko Mailako jokalaria zara. Oker ez banaiz aurten eman duzu jauzia kategoria honetara. Zer moduzkoa ari da izaten denboraldia pertsonalki?
Bai ala da. Benetan oso gustura nago, bai taldekideekin eta baita entrenatzailearekin ere. Momentuz minutu asko ari naiz izaten eta nire burua konfiantzarekin ikusten dut.

Jokalari garrantzitsua sentitzen zara Realean?
Garrantzitsua sentitzen naiz taldean, baina harrotasunean oinarritu gabe. Azken urte hauetan gauzak ongi ari zaizkit ateratzen eta horrek garrantzitsua izatera narama.

Buruan izango dituzu helburu edo amets batzuk markatuta. Zein diren esaterik izango zenuke?
Amets haundiena harrobiko jokalari batentzat lehenengo taldera heltzea da. Sansera iristea ere ez litzateke gauza txikia izango eta hori ere amets moduan hartzen dut. Orokorrean, ordea, nik uste dut edozeinentzat ametsik handiena lehenengo taldera edo lehenengo mailara heltzea dela.

Nola ikusten duzu Realeko lehen taldera iristeko aukera?
Oso zail ikusten dut. Loteria tokatzea bezalakoa dela esango nuke. Ehunka pertsona pasatzen dira harrobitik eta horietatik oso gutxi iristen dira lehen taldera. Zortea ere behar da. Adibidez, lesioak eta neure posizioan nor dauden ere kontuan hartu behar dira. Ni orain disfrutatzen ari naiz, gero zer etorriko den inork ez baitaki. Argi dut lehen taldera iristen ez banaiz ere, futbola ez dela amaitzen eta beste irtenbide asko daudela.

Futbol Draft 2014ean nominatua egon zara, beste harrobietako 132 jokalarirekin batera. Horrek zer esan nahi du zuretzat?
Orain arte ez nintzen sekula egon horrelako zerrendetan izendatuta. Aurreko urtean izendatu ninduten eta hau plus bat bezala hartzen dut. Hala ere, badakit zerbait gehiago lortu nahi badut lana eta lana egin beharko dudala.

Nolakoa da Igor Zubeldiaren egun normal bat?
Nire egun normal bat beste pertsona askoren antzekoa da. Goizean ikastolara eta arratsaldean entrenamenduetara. Egia esan, denbora libre askorik ez dut, entrenamenduak ditudalako, ikasi egin behar dudalako ...
Futbolaz gain zer ikasten duzu eta zer izan nahiko zenuke izatea?
Batxilerreko bigarren urtea ari naiz egiten aurten. Hurrengo urtean IVEF-eko ikasketak egitea gustatuko litzaidake, gero heziketa fisikoko irakasle izateko.

Amaitzeko zer esango zenieke Anaitasunako jarraitzaileei?
Txerloia eta San Juango futbol zelaietako harmailak orain arte bete dituzten bezala, aurrerantzean ere betetzen jarraitzeko, oso herri gutxi baitira Azkoitian bezala harmailak betetzen dituztenak.