Sentsazio onak berriz ere

Santutxu 0
Anaitasuna CD 0

Jarraian lortzen duten laugarren puntua batu zuten gorrixek Santutxuko Mallona zelaian

Mutilak garaipen gosez dira, nabari zaie. Santutxuren aurka ere, neurketak eskatzen zuen bezala, gogor sartu ziren partidara bi zatietan, eta jokoaren ekimena ematea egokitu zitzaien. Aurrean baloi luzeen bitartez, kontraerasoan eta jokaldi puntualetan min egin zuen etxeko taldea izan zuten. Bigarren zatian izan ziren neurketa abagunerik onenak, nola ate batean hala bestean, baina talde biek puntu batekin konformatu behar izan zuten.

Santutxu Anaitasuna00

Etxekoen zelaian hasi zuen neurketa Anaitasunak. Nahi zuen espazioa aurkitu zuen zelai erdian, eta etxekoek bi hegaletako bidea libre utzi zietela ikusita, gorrixek eskuin zein ezker hegaletik min egiten saiatu ziren. Santutxuk, bien bitartean, argi eta garbi zuen egin nahi zuena. Anaitasunaren jokaldiek amaiera ikusitakoan, atezainak hamaika bider jokatu zuen luze, kontraerasoan irteteko.

Ez zen inolako aukera garbirik izan Mallona zelaian lehen erdian. Azkar jokatzeko nahia azkar nabaritu zuten gure mutilek, eta behin lortu zutena ez zuten gehiagotan lortzerik izan. Bi taldeek geldikako jokaldietan egin zuten arriskua lehen zatian, baina inoiz ez ziren iritsi atezainari izerdi tanta lodia ateratzera.

Bigarren zatia jokoari dagokionez antzekoa izan bazen ere, aukerengatik izan zen desberdina. Bi taldeek emozio handia sortu zuten euren aukeretan. Unai Aranbarri atsedenaldian aldageletan gelditu zen Alavesen aurka hartutako kolpea berriz sentitu ondoren, eta bere lekua Mikel Pastrianek hartu zuen.

Lehen erdian egin bezala, bigarren zatira ere oso ondo sartu zen taldea, eta lehen arrisku uneak sortu zituen etxekoen ate-eremuaren inguruan. Aipagarria izan zen Iñigo Arzalluzek eskuin hegaletik egindako lana. Behin baino gehiagotan lortu zuen bere aurrean zuen markatzailea atzean utzi eta area zapaltzea, baina askotan errematatzailerik ez zuten aurkitu bere erdiraketek.

Anaitasunak 58. minutuan izua sortu zuen Mallonan. Eskuin hegaleko falta jaurtiketa hitz eginda bezala egin zuten Aramendik eta Iñigo Arzalluzek. Giza-hesiaren gainetik egin zion pasea Aramendik hegaletik bizi sartu zen Iñigori, eta bere jaurtiketan baloiak zutoinaren aurka jo zuen. Gorrixek ordura arte izandako aukerarik onena izan zen.

68. minutuan, baina, etxekoek aukera izan zuten jokaldi inozo batean. Anaitasunarena zen baloia galdu, eta hegaleko sake bat azkar aterata, ezustean harrapatu zituzten gureak. Santutxuko aurrelariak kontrol ona egin zuen bularrarekin penalti puntuaren inguruan, baina bere jaurtiketa etetea lortu zuen Arruti atezain oriotarrak.

Bi minutura, baina, 70. minutuan, Anaitasunak partidan izan zuen aukerarik onena iritsi zen. Etxekoek izan zuten korner horren ostean, ateko saketik, luze jo zuen Arrutik. Iñigok, hasiera batean etxekoek buruz jotako baloia kontrol zoragarri batekin lurrera jaistea lortu zuen, eta Anderrek, mugimendu bikaina egin zuen atzelarien bizkarretik area barruan sartzeko. Atezainaren aurrean bakarrik gelditu perfekziotik gertu ibili zen Ander, baina jaurtiketa gehiegi gurutzatuta, zutoinaren ondotik kanpora joan zen.

Gure mutilek bultzaka jarraitzen zuten Mallonan, hiru puntuen bila, baina 82. minutuan aukera garbia izan zuten santutxuarrek. Ezker hegaletik egin zuten erdiraketa area barrura, eta aurrelariak buruz irabazitako baloiak gureen azken lerroa gainditu zuen. Han zen etxekoen hegaleko jokalaria, eta jaurtiketa atera egitea lortu bazuen ere, golerako bidea ondo tapatu zuen Arruti agertu zen beste behin.

Aukera hori izan zen neurketan izan zen azkena. Ordutik aurrera, Anaitasuna etxekoak baino gehiago saiatu baldin bazen ere, ez zuten aurkitu gola egiteko modurik. Laugarrenez jarraian, puntua batu zuen taldeak. Alaves B taldearen aurka erakutsitako sentsazio berdinak azaldu zituen Santutxun ere Anaitasunak. Garaipen batekin muturra ateratzeko moduan izango dira sailkapenean gorrixek. Datorren zapatuan Real Sociedad C taldea jasoko dute Txerloian. Txuri-urdinen aurkakoa 17:00etan hasiko da.


 

Fitxa teknikoa:

Santutxu (0): Lozano, Casado (Izquierdo 18. min), Eguiluz, Ormazabal, Elorriaga, Rodriguez, Mesa (Bastida, 68. min), Erregerena, Aboitiz, Ahmed (Varela, 55. min), Txakartegi.

Anaitasuna (0): Arruti, Izagirre, Sergio, Markel, Moya, Unai (Mikel Pastrian, 46. min), Beitia (Landa, 72. min), Iñigo Arzalluz, Aramendi (Ander Pastrian, 85. min), Mikel Arzalluz, Ander.

Epailea: Pardo Saavedra epailea. Garcia-Fernandez eta Andreu-Cerdá marrazainek lagunduta. Txartel horia ikusi zuten Santutxutik, Ormazabalek, Elorriagak eta Izquierdok. Anaitasunatik, Markel Eskurtzak ikusi zuen txartel horia.