Beasain garaile XXII. Andra Mari Sarian

Anaitasuna CD 0
Beasain K.E. 4

Lehen zatian Anaitasuna gehiago landutako Beasain estu hartzeko izan bada ere, bigarren zatian goitik behera nagusitu dira beasaindarrak

Anaitasunak denboraldi-aurreko lehen lagunartekoa jokatu zuen atzo, igandea, Beasainen aurka. Xabier Sagarzazuren omenezko XXII. Andra Mari Saria jokatu zuten gorrixek beasaindarren aurka, eta bisitariek irabazi zuten garaikurra huts eta lauko emaitza argiarekin. Lehen zatian Anaitasunak gauza politak erakutsi zituen aste gehiago lanean den Beasainen aurrean, baina bigarren zatian bisitariek menpean hartu zituzten gureak.

Atsedenaldira huts eta bateko emaitzarekin joan ziren bisitariak; gola eskuin hegaletik egindako jokaldi baten ostean iritsi zen beasaindarrentzat. Anaitasuna, une batzuetan, Beasain baino hobeto jarrita egon zen zelaian, baina atsedenaldira iritsi aurretik taldeak nekea nabaritu zuen. Jokoan eragina izan zuen gureen beherakadak.

Bigarren zatia guztiz bestelakoa izan zen. Beasain argi eta garbi nagusitu zen zelaian. Huts eta bikoaren gola falta jokaldi baten ondoren egin zuen kanpoko taldeak, huts eta hirukoa penaltiz, eta laugarrena area barruko jokaladi nahasgarri baten ondoren sartu zuen Beasainek.

Atzoko neurketan, gainera, bi azkoitiar izan zituzten aurrean gure mutilek. Unai Aranbarri jokalaria eta Jose Luis Ribera entrenatzailea. Gizonezkoen lehen taldeak hurrengo lagunartekoa ere etxean jokatuko du, abuztuaren 25ean. Anaitasunak Lekeitio jasoko du, ziurrenik goizean jokatuko den neurketan. Bitartean, denboraldi berria prestatzen jarraituko dute gure mutilek.

Ikusi neurketako argazkiak, hemen.