[Harrobia] Urriak 29-30
Pasa den asteburuak ere garaipen garrantzitsuak eman zizkion Anaitasunari: Senior neskek Eibarren hiru puntu handi batu zituzten, 1go Jubenilek denboraldiko lehen garaipena lortu zuten eta Ohorezko Kadete mutilek denboraldiko hirugarrena eskuratu zuten, hirugarrena etxetik kanpo.
Senior neskak
| Eibar | 1 |
| Anaitasuna CD | 2 |
Eibartik sailkapeneko goiko postuetan jarraitzeko hiru puntu ekarri zituzten Senior neskek
Partida polita ikusi zen Unbe zelaian igande arratsaldean. Eibar taldeko neskak indar eta gogo handiz zelairatu ziren, eta neurketaren hasieran nagusi izan ondoren, gol bat egiteko gai izan ziren eibartarrak. Gure neskak pixkanaka lekua hartuz joan ziren zelaian, eta aurkariaren areara iristea lortu zuten. Aukera bat aprobetxatu zuten gureek, eta atsedenaldira joan aurretik banakoa egitea lortu zuten.
Bigarren zatian, aurrea hartzeko gola egin zuten neskek, eta aukera gehiago ere egin genituen hirugarren gol bat lortzeko. Azken hogei minutuak oso luzeak egin ziren gorrixentzat, Eibar taldeko jokalariek asko bultzatu baitzuten berdinketa lortzeko. Epaileak ere behar baino gehiago luzatu zuen partida, eta horrek estuago jarri zituen neskak. Kontuak kontu, amaieran zelai konplikatu eta aurkari on baten aurka hiru puntu handi lortu zituzten gureek.
Golegileak: Ainhoa Galarraga eta Maider Badiola.
Asteburuan Arrasatera egingo dute bidaia Mondragon taldearekin indarrak neurtzeko (Larunbata, 18:00).
Ohorezko Jubenil mutilak
| Ilintxa | 3 |
| Anaitasuna CD | 2 |
Azken 15 minutuak ez ziren puntu bat batzeko nahikoa izan
Legazpira egindako bisitatik esku hutsik itzuli ziren gorrixek. Lehenengo zatian gure mutilak ahul aritu ziren. Baloia erraz galtzen zuten, eta intentsitaterik gabe aritu ziren minutu gehienetan. Gaizki ari ziren arren, aurretik jartzea lortu zuten gureek. 12. minutuan, Danelek korner jokaldi batean baloia sareetara bidali zuen. Halere, pozak ez zuen asko iraun. Bederatzi minutu geroago, Ilintxak alboko sake baten ondoren berdinketaren gola egitea lortu zuen, atsedenaldirako bidea banako emaitzarekin hartzeko.
Bigarren erdian ere gauzak ez ziren asko aldatu. Bi eta batekoa hamaika metroetatik lortu zuten etxekoek, eta hiru eta batekoa hogeigarren minutuan etorri zen. Hegaletik egindako erdiraketan, bakarrik egin zuen errematea Legazpiko jokalari batek. Hirugarren gola eta gero, gauzak asko aldatu ziren Bikuña zelaian.
Anaitasuna min egiten hasi zen ezker hegaletik. Hiru eta bikoa 15 minuturen faltan etorri zen. Julen Aramendik falta jaurtiketa baten aldaratzea baliatu zuen aldea murrizteko. Gure mutilek aukera garbiak izan zituzten puntu bat urratzeko. Andonik eta Ekainek gutxigatik huts egin zuen atezainaren aurrean, eta azken segundoan Danelek baloia langara bota zuen.
Golegileak: Danel Garate eta Julen Aramendi.
Asteburuan Mondragon hartuko dute Txerloian (Larunbata, 17:30).
1go Jubenilak
| Anaitasuna CD | 1 |
| Ikasberri | 0 |
Denboraldiko lehen garaipena 1go Jubenilentzat
Larunbat arratsaldean izan zen Anaitasuna eta Ikasberri B taldearen aurkako partida. Ondo hasi ziren gureak, eta hamargarren minuturako bi aukera garbi egin zituzten. Lehen zatiaren erdialderako neurketa erabat orekatu zen, eta bi taldeek atzeko lerroan erakutsitako sendotasunak aurreko mutilen ezina ekarri zuen.
Bigarren zatian neurketak bere horretan jarraitu zuen, baina gureak azpeitiarrak baino hobeto aritu ziren. Halere, aukerak egitea asko kostatu zitzaien gureei. Borroka handiko jokaldi batean, Pedro Teixeira ezker hegaleko atzelariak Anaitasunari lehen garaipena emango zion gola egin zuen. Ikasberriko atezaina baloia urruntzeko lanetan hasi zen, baina Pedrori baloiak belaunean jo eta ate barrurako bidea hartu zuen. Ikasberri saiatu zen puntu bat emango zien gola egiten, baina ez ziren gai izan gorrixen defentsa hausteko.
Golegilea: Pedro Teixeira
Asteburuan Elgoibar jasoko dute San Juanen (Igandea, 16:00).
Ohorezko Kadete mutilak
| Orioko | 0 |
| Anaitasuna CD | 1 |
Hirugarren garaipena, hirugarrena etxetik kanpo
Neurketaren hasieran baloia Orioko taldearena izan zen. Bi taldeak iritsi ziren aurkariaren aldera, baina aukera garbirik ez zen izan Mendibeltz zelaian. Orioko taldeak korner jokaldi baten aldaratzean zutoina jo zuen, eta gorrixen aldetik Jokin Errazuren bitartez egindako jaurtiketa izan ziren jokaldirik aipagarrienak.
Atsedenaldira iritsi baino hamar minutu lehenago, Amets Anduezaren gola ezerezean utzi zuen epaileak jokoz kanpoko posizioan egina zela adierazi eta gero. Anaitasunako entrenatzaileen esanetan, zalantza handiak eragin zituen jokaldia izan zen.
Bigarren zatian asko sufritu beharrean izan ziren gure mutilak. Hamargarren minuturako epaileak Hegoi Garateri txartel gorria erakutsi zion epaileak. Ondorioz Oriokok baloia gehiago izan zuen Anaitasunaren zelaian, baina gureek erakutsitako balentria handia izan zen.
Behera egin beharrean gora egin zuen Anaitasunak, eta 60. minutuan Jokin Errazuk ostutako baloitik etorri zen neurketako gol bakarra. Hogei metroan gidatu zuen Errazuk baloia, eta area ertzera iritsi zenean jaurtiketa gurutzatua egin zuen oinaren puntarekin. Azken minutuetan etxeko taldeak asko estutu zuen Anaitasuna, baina hirugarren garaipena lortzeko moduan izan ziren gure mutilak.
Golegilea: Jokin Errazu
Datorren asteburuan Zarautz jasoko dute San Juanen (Larunbata, 15:30).
Ohorezko Kadete neskak
| Anaitasuna CD | 1 |
| Hernani | 5 |
Irabazi ezinda jarraitzen dute Ohorezko Kadete neskek
Kolpe gogorra jaso zuten Ohorezko Kadete neskek etxean. Neurketan aurrea hartze lortu zuen Anaitasunak Maria Juaristi aurrelariaren bitartez, eta bost minutu beranduago bi eta hutsekoa egitetik gertu egon zen Maria bera. Bere jaurtiketak, ordea, zutoina jo zuen. Jokaldi honen ostean Hernani esnatu egin zen, eta lehen zatia bukatzean markagailuak bat eta hirukoa erakusten zuen.
Bigarren zatian Hernani taldea Anaitasuna baino gehiago izan zen. Zelaian eta jokoan nagusitasuna erakutsi zuten bisitariek, eta beste bi gol egiteko moduan izan zen Hernaniko taldea.
Datorren asteburuan Intxaurdiren aurka jokatuko dute, berriz ere San Juanen (Larunbata, 12:00).
1go Kadeteak
| Zarautz | 2 |
| Anaitasuna CD | 0 |
Neurketa txukuna jokatu zuten 1go Kadeteek Zarautzen
Partida ona jokatu zuten gorrixek igande arratsaldean. Nahiz eta emaitzak hori erakutsi ez, azkenaldiko neurketarik txukunena egiteko moduan izan ziren. Lehen zatian askoz gehiago izan ziren mutilak. Aukera asko egin zituzten, baina ez ziren markagailua irekitzeko gai izan. Lehen zatia hutsean amaitu zen.
Bigarren erdian ere ondo jokatu zuten gureek, baina bi golak geldikako jokaldietan egin zituzten zarauztarrek, bi golak aldaratzeko baloietatik hain justu.
Datorren asteburuan Ikasberriren aurka jokatuko dute Garmendipen (Larunbata, 15:30).
1go Infantilak A
| Anaitasuna CD | 1 |
| Antzuola | 1 |
Ez da 1go Infantilak A taldearen kronikarik jaso.
Datorren asteburuan Lagun Onak taldearen aurka jokatuko dute Garmendipen (Larunbata, 10:00).
1go Infantilak B
| Amaikak Bat | 9 |
| Anaitasuna CD | 0 |
Amaikak Bat Anaitasuna baino gehiago izan zen
Lehenengo zatian defentsa lanetan txukun aritu ziren 1go Infantil B taldeko mutilak, baina estatikoan asko sufritu zuten gorrixek, geldikako baloietan egin baitzuten min Amaikak Bat taldeko jokalariek.
Bigarren zatian etxeko taldeak goitik behera nagusitu zen Errotazar zelaian, eta beste sei gol eginda, bederatzi eta hutsekoarekin itxi zuten markagailua. Orokorrean jarrera ona erakutsi zuten berdegunean gureek, baina bada zer hobetu. Horretarako, eta ikasten jarraitzeko egingo dute lan aste honetan ere 1go Infantilek.
Datorren asteburuan atseden hartuko dute.
Infantil neskak
| Anaitasuna CD | 1 |
| Aloña Mendi | 1 |
Azken zatian garaipenetik gertu izan ziren Infantil neskak
Errespetu handiarekin ekin zioten neurketari bi taldeek. Gure neskak lo eta beldurarrekin zelairatu ziren. Anaitasunak nahi duen jokorik egin gabe, eta ondorioz aukera handirik egin gabe, neurketa kontrolpean izatera pasatu zen Anaitasuna. Halere, gureek egindako huts batetik oñatiarrek aurrea hartzea lortu zuten San Juanen. Bigarren zatian oreka handia izan zen, baina aukerarik garbienak Anaitasunaren eskutik iritsi ziren, nahiz eta berdinketaren gola ez zen iritsi azken zatira arte.
Azken zatian, Anaitasunako neskek zituzten beldurrak erabat uxatu zituzten, eta erasora jo zuten. Aukera asko egin zituzten gorrixek, eta korner jokaldi batean Oihanak buruz baloia sareetara bidali zuen. Bigarren golaren bila ere jarraitu zuten neskek, aukerak ez baitzitzaizkien falta izan.
Entrenatzaileek ateratako ondorioz garbia da: lehen minututik aurkariaren menpe ibili gabe, eta azken hogei minutuetan bezala jokatuta, talde honek neurketa gehiago irabazteko gaitasuna du. Beldurrak uxatu, eta lehen minututik larunbatean jokatu zuten bezala jokatzea da orain Infantil nesken helburua.
Golegilea: Oihana
Datorren asteburuan Bergara B taldearen aurka jokatuko dute Ipintzan (Igandea, 10:30).
Alebin-Partehartzea
| Anaitasuna CD | 6 |
| Lagun Onak | 2 |
Ez da Alebin-Partehartzea taldearen kronikarik jaso.
Datorren asteburuan atseden hartuko dute.
