[Harrobia] Urriak 7, 8 eta 9

Pasa den asteburuak ere beltzetik gehiago izan zuen zuritik baino. Ohorezko Jubenil mutilek Zestoaren aurka denboraldiko lehen garaipena lortu zuten Txerloian, eta Infantil Txikiko taldeak Zumaian luzapenean lortutako puntua izan ziren harrobiak emandakoen artean aipagarrienak.

Senior neskak

Anaitasuna CD 2
Ilintxa 3

Gure neskak irabazten hasi baziren ere, galdu egin zuten Ilintxaren aurka

Lehen zatian menpean izan zituzten gureek legazpiarrak, gol bat egin eta aukera bat baino gehiago alperrik galdu baitzituzten. Bigarren zatian, aldiz, Anaitasunako hamaika jokalariak futbol zelaian noraezean ibili ziren. Pasa den denboraldi osoan gure neskek ez zuten etxean partidarik galdu, eta aurtengo honetan jokatutako biak galdu dituzte. Etxean indartu beharrean dira denboraldi on bat egin nahi badute.

Golegileak: Maria Santizo eta Ane Juaristi

Egoera aldatzen saiatuko dira berriz ere etxetik urrun irabazita. Asteburu honetan Debako Errotazarren jokatuko dute Amaikak Bat taldearen aurka.


 

Ohorezko Jubenil mutilak

Anaitasuna CD 2
Zestoa 0

Zapatu arratsaldean Txerloian jokatutako neurketan kolore bakarra egon zen, gure mutilek jarritakoa

Bai lehen zatian, eta bai bigarrenean aukera asko eta ia denak garbiak izan ziren gure mutilen partetik. Azken asteetako itxura bera zuen neurketak, eta gehiagi kostatu zitzaien zestoarren atea zulatzea. Golak bigarren zatian iritsi ziren. 65. minutuan Julen Aramendik egin zuen bat eta hutsekoa, eta bigarrena neurketako azken ondarrean iritsi zen Emmanuel Guerraren bitartez. Gure mutilak gehiago izan ziren eta zorionez ez zen aurreko asteetako gidoia errepikatu Zestoaren aurka.

Golegileak: Julen Aramendi eta Emmanuel Guerra

Asteburu honetan Aloña Mendiren aurka jokatuko dute igandean Azkoagain zelaian.


 

1go Jubenilak

Lagun Onak 2
Anaitasuna CD 1

Anaitasunak ez zuen jakin lehen zatian neurketa bideratzen, eta ondorioz galdu egin zuen Garmendipen

Ostiral goizean Azpeitira egin zuten bisita 1go Jubenilek Lagun Onakekin indarrak neurtzeko. Lehen zati ona jokatu zuten gureek aukerak eginez azpeitiarrak baino gehiago izan baitziren. Lehenengo hogei minutu oso onak jokatu zituzten, eta honen erakusgarri 12. minutuan Gorka Larrañaga aurrelariak lortu zuen gola. Gogor jarraitu zuten gureek lanean, baina ez zuten aukera garbirik sortzerik lortu bigarrena egiteko.

Bigarren zatian, zoritxarrez, asko aldatu zen partida. Lagun Onak taldea pixkanaka nagusitzen joan zen, eta atzelarien bizkarrera egindako paseekin min ematen hasi zen. Lehen gola penalti baten ondorioz lortu zuten azpeitiarrek, eta bigarrena bizkarrera egindako pase batetik etorri zen. Bi eta batekoarekin saiatu ziren gureak baloi luzeen bitartez Lagun Onaki mina egiten, baina ez zuten lortu arriskurik egitea.

Golegilea: Gorka Larrañaga

Datorren astean atsedenaldiko jardunaldia izango dute gorrixek.


 

Ohorezko Kadete mutilak

Anaitasuna CD 0
Lazkao 5

Ez da Ohorezko Kadete mutilen neurketako kronikarik jaso.

Datorren asteburuan Zubietara egingo dute bisita Real Sociedad talde indartsuaren aurka indarrak neurtzeko.


 

Ohorezko Kadete neskak

Añorga 4
Anaitasuna CD 1

Añorgak aukerak baliatu zituen, eta garaipena lortu

Lehengo zatia orekatua izan zen, baina Añorgarentzat nahikoa izan zen gure nesken ate aurrera bi aldiz iristea. Bi iritsiera horietan bi gol lortu zituzten añorgarrek. Anaitasuna, ordea, ez zen atzean gelditu eta etxekoei min egiteko modua aurkitu zuen Maria Juaristi aurrelariaren bitartez. Bi aukera garbi izan zituen aurrelariak, baina bietan ere baloia langa gainetik kanpora jaurti zuen baloia.

Bigarren zatian Añorgak hobeto jokatu zuen, eta beste bi gol egin zituzten etxekoek. Gureak, baina, ez dira erraz etsitzekoak, eta hiru eta hutsekoarekin falta jaurtiketa bat bikain baliatu zuen Enara Anduezak Anaitasunaren aldeko gola egiteko. Azken minutuan etxekoek laugarren gola egin zuten, eta hor amaitu zen partida. Gure entrenatzaileen iritziz, epaileak egindako lana txalogarria izan zen.

Golegilea: Enara Andueza

Datorren asteburuan Amaikak Bat jasoko dute larunbat arratsaldean San Juanen.


 

1go Kadeteak

Anaitasuna CD 1
Zestoa 8

Goiz beltza 1go Kadete mutilentzat

Partidara ezker oinarekin sartu ziren gure mutilak, eta ondorioa lazgarria izan zen. Lehenengo zortzi minututan hiru gol egin zituen Zestoak, eta konturatzerako aldageletarako bidea huts eta seikoarekin hartu zuten.

Bigarren zatiari inolako ilusiorik gabe ekin zioten gureek, baina lehen zatiaren aldean bestelako itxura bat erakutsi zuten. Behintzat gol bat sartzea lortu zuten gure mutilek, nahiz eta amaieran 1-8 galdu. Egin duten liga hasiera ikusita, Anaitasunaren partez animoak taldeari. Berandu baino lehen iritsiko da lehen garaipena.

Golegilea: Julen Larrañaga

Asteburu honetan Zumaiakoren aurka jokatuko dute Aita Mari zelaian.


 

Infantil Txiki

Zumaiako 2
Anaitasuna CD 2

Luzapenean puntu bat berreskuratu zuten Infantil Txikiek Zumaian

Lehen zati ahula egin zuten Infantil Txikiek Zumaiako Aita Mari zelaian, eta ondorioa garbia izan zen lehen zatiaren amaieran. Aldageletarako bidea bi eta hutseko abantailarekin hartu zuten zumaiarrek. Etxeko mutilak indarrez eta joko zuzena eginez nagusitu ziren berdegunean, eta gure mutilak ezer gutxi erakusteko gai izan ziren. Hiru minututan bi gol egin zituzten zumaiarrek, bigarrena falta jaurtiketatik. Burumakur eta sentsazio txarrekin iritsi ziren mutilak atsedenaldira.

Bigarren zatian intentsitate, erritmo eta borrokarako gogo gehiago eskatu zitzaien jokalariei, eta ondo erantzun zuten zelaian. Zuzenago aritu ziren, eta hamargarren minutua betetzerako aldea murriztea lortu zuen Anaitasunak. Zelairatu berria zen Unai Azkunek atezainari aurrea hartu zion, eta bere gainetik baloia ate barrura bidali zuen.

Anaitasuna bultzaka ari zen zelaian, berdinketa emango zion golaren bila, baina golaren ostean izan zuen sua itzaltzen joan zen pixkanaka. Zumaiako kontrolpean edukitzea lortu zuten, baina luzapenera arte ez zen iritsi berdinketaren gola. Anaitasunak bere areatik urrundu zuen baloia, eta zelai erdiko pase baten ostean, berriro ere Unai Azkune atezainaren aurrean bakarrik gelditu zen. Gorputzarekin ezinhobeto babestu zuen baloia, eta atzelariari lekua irabazi ondoren, berriz ere atezainaren gainetik binakoa egitea lortu zuten gureek. Bigarren zatian egindako esfortzuaren saria jaso zuten gureek Zumaian.

Golegilea: Unai Azkune (2)

Datorren larunbatean txapelketako hirugarren jardunaldiko neurketa jokatuko dute Burumendi taldearen aurka.