[Harrobia] Urriak 1-2
Urriko lehen asteburuan gure neska-mutilek jokatutako neurketen kronikak.
Senior neskak
| Zumaiako | 1 |
| Anaitasuna CD | 2 |
Denboraldiko lehen garaipena Aita Marin iritsi da Senior neskentzat
Larunbat arratsaldez jokatutako partida gogorra izan zen, asko landu eta lehiatu beharrekoa. Lehenengo zatian oreka izan zen protagonista, bai zelaian eta baita markagailuan ere. Golak eta aukerak bigarren zatian heldu ziren eta zerbait aipatzekotan, epailearen lan eskasa izan zen. Lehen hiru puntuak taldearentzat.
Golegilea: Maider Badiola, eta bere atean.
Ostiralean Ilintxaren aurka neurtuko dituzte indarrak San Juanen.
Ohorezko Jubenil mutilak
| Aretxabaleta | 1 |
| Anaitasuna CD | 0 |
Ate aurrean izandako zorte txarrak beste porrot batera eraman ditu Ohorezko Jubenilak
Ohorezko Jubenilek indartsu eta gogoz hasi zuten larunbatean Aretxabaletan jokatu zuten neurketa. Partida hasi bezain pronto, Espinako aurrelaria atezainaren aurrean bakarrik gelditu zen, baina etxekoen atepeko mutilak oinarekin sekulako gelditua egin zuen.
Gol aukera asko egin zituzten gorrixek, eta eskuin zein ezker hegaletatik min handia egin zioten Aretxabaletari. Nagusi ziren gure mutilak, baina gola egiterik ez zuten lortzen. Lehen orduerdia betea zela, ordea, egoera irauli egin zen. Aretxabaletak bere aurreneko gerturaketetako bat egin zuen, eta Anaitasunako defentsak ondo urrundu ez zuen baloia area ertzean utzi zuten. Hortik etorri zen etxekoen gola.
Bigarren zatian Anaitasunak saiakeran jarraitu zuen. Baloia gorrixena zen, eta gola egiteko aukerak egiten ari ziren, baina ezin baloia sareratu. Atezainaren geldituak, jokaldiak amaitzen asmatu ezina, zorte txarra, urduritasuna.... Mamu gaizto bat Ibarra futbol zelaian sartu eta gure mutilekin hartu zuela zirudien.
Borja Rocharen mutilek, ordea, borrokan jarraitu zuten. Harmailetan zeuden Aretxabaletako zaleen errespetu gabeko oihuek ere handiagotu zuten gorrixen gola egiteko gogoa, baina ez zen eguna. Beste egun txar bat gure mutilentzat. Iritsiko dira hobeak. Jubenilak gogoz daude, ilusioa ez da falta eta lehen hiru puntuak gero eta gertuago daude.
Asteburuan Zestoaren aurka jokatuko dute Txerloiako futbol zelaian.
1go Jubenilak
| Anaitasuna CD | 0 |
| Ikasberri | 0 |
Denboraldiko bigarren berdinketa Ikasberriren aurka
Partida parekatua larunbat arratsaldean San Juanen ikusi genuena. Ikasberri taldea jaso zuen hirugarren jardunaldi horretan 1go Jubenil mailako taldeak. Lehen zatian urduritasuna nagusi izan zen gure mutilen artean, eta aukerak egitea oso zaila egin zitzaien gorrixei. Haia ere aipatzekoa izanzen Jon Izagirre kapitainak aldaratze baten ondoren egindako jaurtiketa, baina zoritxarrez langan jo eta kanpora joan baloia.
Bigarren zatian partidak ildo beretik jarraitu zuen, nahiz eta gure mutilen jokoan hobekuntza txiki bat nabaritu zen. Ez zen hala ere aukera garbirik ikusi.
Ostiral goizean Garmendipen jokatuko dute Lagun Onak taldearen aurka. Ea gure gazteak lehen garaipena lortzeko gai diren.
Ohorezko Kadete mutilak
| Aloña Mendi | 0 |
| Anaitasuna CD | 1 |
Beste garaipen bat etxetik kanpo
Neurketa gogorra jokatu zuten Ohorezko Kadete mutilek Oñatiko Azkoagain futbol zelai txikian. Falta asko partida izan zen eta baloia goitik denbora gehiago ibili zen behetik baino. Gure mutilak lehenengo zatian gogor kokatuta egon ziren atzean, eta kontraerasoan min egitea lortu zuten. Hogeigarren minutuan zelai erdiko falta batean aldaratzea baliatu zuen Joanes Orbeak gola egiteko.
Bigarren zatiaren hasiera berdindua izan zen, eta bi taldeek izan zituzen aukerak, alde batetik berdinketa egiteko eta bestetik aldea handitzeko, baina ez zituzten aprobetxatu izan zituzten abaguneak. Anaitasunan Jokin Errazuk atezainaren aurrean huts egin zuen, eta aukera horren ostean asko sufritu zuten gureek. Azkeneko hogei minutuetan jokalari asko jarri zituzten etxekoek aurrean, eta goitik min egiten hasi ziren. Sufrituta baina ez zuten golik jaso eta etxetik urrun bigarren garaipena lortzeko moduan izan ziren Ohorezko Kadete mutilak.
Golegilea: Joanes Orbea
Asteburuan Lazkao hartuko dute San Juanen.
Ohorezko Kadete neskak
| Anaitasuna CD | 1 |
| Zumaiako | 1 |
Oraindik ez da jaso Zumaiakoren aurkako partidaren kronika
Asteburuan Añorgako Rezola zelaian jokatuko dute etxeko taldearen aurka.
1go Kadeteak
| Lagun Onak | 5 |
| Anaitasuna CD | 2 |
Lehen zati kaskar batek hirugarren porrotera eraman ditu 1go Kadeteak
Lehenengo zati negargarria jokatu zuen Anaitasunak Garmendipen, eta hiru eta huts galtzen hasi ziren partida. Intentsitatea falta zitzaion taldeari.
Bigarren zatian, ordea, esnatu eta beste itxura bat eman zuten. Markagailuan zuten aldea murrizteko gai izan ziren hiru eta bikoa eginda eta hirunako berdinketa ere gertu izan zuten, baina azkenean korner jokaldi batean laugarren gola egitea lortu zuten azpeitiarrek. Partida berriz ere hautsi egin zen, eta azkenean berriro ere korner jokaldian bosgarrena egin zuen Lagun Onakek.
Asteburuan, Zestoa hartuko dute 1go Kadeteek San Juanen.
Infantil Txiki
| Anaitasuna CD | 2 |
| Elgoibar | 3 |
Partida txarra eta porrota Elgoibarren aurka
Lagunartekoetan erakutsitako jokotik urrun azaldu zen Anaitasuna. Partida kontrolatu bazuen ere, bertikalegi jokatu zuen, eta modu horretan Elgoibar eroso sentitu zen. Hala ere, gureak izan ziren lehen gola egitea lortu zutenak. Beñat Garmendiaren jokaldi polit bat eta gero, Jakes Diazek ez zuen barkatu atezainaren aurrean. Jokoan ez zen alde handirik egon, baina gure mutilak urduri zelairatu ziren hasiera-hasieratik eta presaren presaz aritu ziren. Talde baten kontraerasoa izatetik bestearena izatera pasatu zen neurketa.
Bigarren zatian baloi gehiago izateko asmo garbiarekin zelairatu ziren gureak, baina lehen zatian baino okerrago aritu ziren. Elgoibarren moduan, aurkarien bizkarra aurkitzea izan zen Anaitasunaren irteera bakarra, baina bisitariek etekin handiago atera zioten jokamolde horri, eta aldageletatik bueltan bat eta hirukoa egitea lortu zuten elgoibartarrek. Berandu erreakzionatu zuten gureek, eta Jakes Diazek atezainaren gainetik egindako golak gutxirako balio izan zuen.
Golegilea: Jakes Diaz (2)
Asteburuan Zumaiako Aita Mari zelaian arituko dira.