Euskal Ligako Jubenilen eta nesken taldeen garaipenak
Euskal Ligako Jubenilek garaipen garrantzitsua lortu zuten larunbatean San Juanen. Erantzuteko gaitasuna dutela erakutsi zuten lehen zatian, eta bigarrenean Lekeitiok baino hobeto defendatu ostean, berebiziko garrantzia duen garaipena lortu zuten. Bestelakoan, nesken taldeak aipagai. Jubenilek, kadeteek eta infantilek euren partidak irabazi baitzituzten.
Euskal Ligako Jubenilak
| Anaitasuna CD | 6 |
| Lekeitio | 3 |
Gol asko eta hiru puntu garrantzitsu Euskal Ligako Jubenilentzat
Euri asko egin zuen egunean zehar eta beste leku guztietan bezala, zelaiaren egoerak zer esan handia izan zuen. Hil edo biziko neurketa zen gureentzat, alde batetik maila mantentzeko borrokan dauden gainerako taldeenagtik gertu jarraitzeko aukera emango zuelako garaipenak, eta bestetik, mailari eusteko aukerak mantentzeko balio baitzezakeen.
Partida hasi zitekeen egoerarik txarrenean hasi zen. Lekeitiok jarri zuen baloia jokoan eta atera orduko zelai erditik jaurtitzea erabaki zuten, gola egitea lortuz. Hasiera gogorra izan zen, baina erantzuna zorionez ez zen berandu iritsi eta 12. minutuan neurketa berdindu zuen Iñigok bizkaitarren atezainak egindako hutsa baliatuta. Pozak, hala ere, ez zuen asko iraun, lau minutu beranduago Lekeitiok landutako korner batean berriz ere aurrea hartzea lortu baitzuen.
24. minutuan, berriz ere Lekeitioko atezainak huts handia egin zuen, eta berriz ere Iñigok, binakoa jarri zuen markagailuan. Handik bi minutura, berriz, Tamayok area kanpoko falta jaurtiketa baliatu zuen, baloia eskuadratik bidali eta Anaitasuna markagailuan aurretik jartzeko. Partidak zorotik jarraitu zuen eta 29. minutuan neurketako seigarren gola iritsi zen, oraingoan Lekeitiok egindakoa. Neurketa baretu zela zirudienean, eta bi taldeek aldageletarako bidea hirunakoarekin hartuko zutela zirudienean, Garmendik gol garrantzitsua egin zuen atsedenaldiraren aurretik.
Azken txanpan lortutako golak emandako abantaila baliatuz, lasaiago irten ziren gureak zelaira eta bigarren zatian hobeto defendatzen hasi ziren. Patxada gehiagorekin joan ziren minutuak bigarren erdian eta 61. minutuan Lekeitiok jokalari bat galdu zuen. Kaleratze horrek min egin zien lekeitiarrei eta bederatzi minutura Patxik area ertzeko jaurtiketa batetik bost eta hirukoa egin zuen. Bost minuturen faltan, berriz, neurketa erabat erabakita utziko zuen gola egin zuen Gorkak.
Azkenean garrantzia handiko neurketa aurrera ateratzea lortu zuten. Gelditzen diren bost jardunaldietan jaitsiera postuetatik irteteko borrokatuko dute gureek.
Hurrengo astean neurketa zaila dute Bilbon, sailkapenean bigarren den Loyola Indautxuren aurka (Larunbata, 17:30).
Jubenil Neskak
| Amaikak Bat | 0 |
| Anaitasuna CD | 1 |
Azken unean lortu zuen garaipena Jubenil nesken taldeak
Historia gutxiko neurketa ikusi zen larunbat arratsaldean Debako Errotazar futbol zelaian, eguraldi txarrak eta zelaiaren egoera txarrak asko baldintzatu baitzuen jokoa. Beraien jokoa indarrean baliatzen zen, eta gainera, gureek pentsatzen zutenaren aldean asko iraun zuen etxekoen borrokarako grinak.
Partida amaitzeko gutxi geratzen zela, korner baten ondorioz, lortu zuen gola sartzea Anaitasunak. Joko gutxi izan zen berdegunean, ezin baitzen askoz gehiago egin, baina etsi gabe eta gogor jardun zutelako gure neskek, azken unera arte hiru puntuen bila borrokan jarraituz.
Golegilea: Libe Urzelai
Datorren jardunaldian atseden hartuko dute Jubenil neskek.
Ohorezko Kadete Mutilak
| Urki | 4 |
| Anaitasuna CD | 3 |
Lehen zati negargarria egin ostean, zerbait lortzetik gertu izan ziren bigarrenean
Lehen zatia benetan tristea egin zuten Ohorezko Kadete Mutilek Eibarko Unben. Jarrera txarra erakutsi zuten beste behin eta Urki, sailkapenean azken aurreko postuan den taldea, nahi bezala aritu zen. Hegaletara egindako pase luze bat nahikoa zen gure mutilei min egiteko eta halaxe izan zen. Lehen zatiaren amaieran lau eta huts ziren atzetik markagailuan gorrixek.
Bigarren zatirako helburu bakarra jarri zuten gureek aldagelan, atsedenaldira bitartean erakutsitako jarrera aldatu eta bigarren zatia irabaztea, nahiz eta egin beharreko okerra egina zegoen. Eneko Espinakok lau eta batekoa egin zuen bosgarren minutuan, Emmanuelen falta erdiraketa bat orpoarekin aurkako zutoinera gurutzatu ostean. Aneu izan zen beste behin Anaitasunaren gola egin zuena, area barruan egindako jokaldi batean atearen aurrean baloia bultzatu besterik ez zuen egin behar izan. Modu horretan iritsi zen lau eta bikoa. Hirugarrena, berriz, Mikel Barkerok egin zuen area ertzeko jaurtiketa bat azpitik, sareetara bidaliz.
Lehen hamabost minutuak betetzerako lau eta hirukoa zen markagailua, beraz, eta zerbait positiboa lortzeko gai zirela sinetsi zuten gureek. Urki apenas hurbildu zen Ander Etxanizen atera eta gureek kontrolatu zuten neurketa. Hala ere, ez ziren berdinketa eta ondorioz puntu bat emango zien gola egiteko gai izan.
Datorren larunbatean beste neurketa garrantzitsu bat izango dute gureek San Juanen, Zumaiakoren aurka (Larunbata, 11:00).
Ohorezko Kadete Neskak
| Oiartzun | 1 |
| Anaitasuna CD | 3 |
Goian jarraitzeko garaipena Oiartzunen
Arratsaldeko 18:30tan jokatu genuen Oiartzuneko futbol zelaian norgehiagoka. Izugarrizko eguraldi txarrarekin, gureek dena eman zuten eta azken emaitza horren islada izan zen. Lehenengo zatian gorrixek kontrolatu zuten jokoa. Hasi eta bost minutura elkarlanean egindako jokoan, Maria Juaristik huts eta batekoa sartu zuen. Hamabost minutura, berriz, Anaitasunako atezainak egindako ateko sake baten ondorioz banakoa etorri zen. Oiartzuar batek baloia zelai erdian buruz kontrolatu zuen eta atzelarien nahaste bategatik banakoa egin zuten. Berriro jokoaren kontrola hartu eta lau minutura Maria Santizok Anaitasuna aurretik jarri zuen gola egin zuen. Emaitza honekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatiaren, bestalde, hasieran jokoa parekatuagoa izan zen. Oiartzunek pare bat aukera izan zituen, baina Anaitasunako neskek baloia ateratzen ondo asmatu zuten. Bukatu bain hamabost minutu lehenago, Ihintza Arakistainek egindako jokaldiaren ondoren, zutoina jo eta gero Maria Juaristik aldaratzean sartu zuen bat eta hirukoa. Hiru puntu oso garrantzitsu goiko postu horietan mantentzeko.
Datorren asteburuan Mariño jasoko dute San Juanen (Larunbata, 15:30).
1go Kadeteak
| Ikasberri | 4 |
| Anaitasuna CD | 0 |
Ikasberrirentzat derbia
Pasa den Igande arratsaldean Ikasberri taldea bisitatu zuen Anaitasunako Lehen Mailako kadete taldeak. Partida serio hasi zuten gorrixek eta hasierako aukera garbienak ere gureenak izan ziren. Aukera horiek barkatzeak, ordea, bere ondorena ekartzen omen du eta oraingo honetan ere horrelaxe izan zen. Ikasberrik lehen zatia amaitzeko minutu baten faltan, bat eta hutsekoa egitea lortu baitzuen.
Bigarren zatian, lehengoan ez bezala Ikasberri baloairekin nagusiizan zen eta lehen zatian Anaitasunak erakutsitako bertsioa desagertu egin zen erabat. Gauzak horrela, Ikasberrik hiru gol erreskan egin eta neurketa erabakita utziko zuen lau eta hutsekoa markagiluan jarri zuen.
Datorre astean Zumarragako Urola taldea hartuko dute etxean (Larunbata, 12:45).
Ohorezko Infantilak
| Aretxabaleta | 1 |
| Anaitasuna CD | 4 |
Dena hankaz gora jarri arren, garaipena Ibarran
Pasa den astean igandean zuten hitzordua Aretxabaletan, Ibarra futbol zelaian. Lehen zatian ez ziren batere eroso sentitu zelaian, eta hogeigarren minutuan etxekoek aurrea hartzea lortu zuten. Ordun esnatu ziren gure mutilak eta bi minuturako neurketa berdindu zuten.
Bigarren zatian, berriz, bosgarren minutuan bat eta bikoa egin zuten, neurketa bideratuz. Hala ere, dena ez zen erraza izan, hamabost minutu barru epaileak Anaitasunako jokalari bat egotzi baitzuen zelaitik. Gure mutilek bat egin eta bikain defendatu zuten markagailua eta bi kontraerasotan bi gol eginda, bat eta laukoa izan zen azken emaitza.
Datorren jardunaldian Zarautz jasoko dute San Juanen (Larunbata, 17:15).
Infantil Txiki
| Anaitasuna CD | 2 |
| Aloña Mendi | 4 |
Kale fase berriaren hasieran
Partiduari hasiera oso txarra eman zion Infantil Txikiak eta futbol zelaian oñatiarrak gure mutilak baino hobeto jarrita ziren, eta ondorioz, hamabosgarren minutuan gola egitea lortu zuen Aloña Mendik. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, gorrixek hobeto hasi ziren eta atsedenaldirako bost minuturen faltan banakoa egin zuen Eritz Jacintok area ertzeko jaurtiketa baten ondoren. Pozak ez zuen asko iraun eta atsedenaldira iritsi aurretik, zehazki bi minuturen faltan, Oñatiko taldeak bat eta bikoa egitea lortu zuen.
Aldageletatik bueltan, taldeak hobeto iritzen baina zelai erdian zulo gehiago utzi zituzten, oñatiarrek ederki aprobetxatu zituztenak. Neurketa puskatuta zen erabat. Erasoa alde batean, erasoa beste aldean, baina azkenean asmatu zuen taldea Aloña Mendi izan zen, markagailuan laugarren goleraino iritsiz. Amaierarako bost minutu falta zirela iritsi zen gureen bigarren gola. Eritz Etxanizek egindako jokaldi pertsonala, Oñatiko atzelariek beraien atean sartu zuten.
Datorren jardunaldian Billabonaren aurka jokatuko dute (Igandea, 12:00).
Infantil Neskak
| Bergara | 2 |
| Anaitasuna CD | 3 |
Landutako garaipena Bergaran
Partida ona izen zen, bi taldeak baloiarekin jokatzen saiatu ziren eta lortu ere bai, nahiz eta biak sailkapenean ez egon lekurik erosoenetan. Lehenengo zatian aukera batzuk izan zituzten gure neskek, baina gola egitea lortu zuena etxeko taldea izan zen. Zalantzako jokaldi batetik etorri zen zoritxarrez, gureak kaltetuz. Baloiak goleko marra pasatu ez zuela adieraziz, epaileak ez zuen Anaitasunaren aldeko gol bat legezkotzat jo eta jokaldi horretan bertan, kontraerasoan, Bergarak gola egitea lortu zuen. Hala ere, gureek ondo erreakzionatu zuten eta laster berdindu zuten neurketa.
Ondo jokatzen jarraitu zuten neskek eta bigarren zatian aurretik jartzea lortu zuten. Hirugarren zatian, berriz, aukera asko egon ziren alde batean zein bestean eta Bergarak eman zuen lehen kolpea. Neurketa berdintzea lortu zuen, eta aurretik jartzeko aukera ere izan zuten. Epaileak penaltia adierazi zuen etxekoen alde, baina huts egin zuten zorionez. Berdinketak jarraitzen zuen markagailuan, baina lau minuturen faltan garaipenaren gola egitea lortu zuten gureek. Azken minutuetan bikain defendatu ostean, hiru puntu batu zituzten.
Golegileak: Irati Etxaniz (1), Elene (2)
Datorren jardunaldian Urki jasoko dute San Juanen (Larunbata, 9:30)