Jardunaldi borobila izatetik gertu

Pasa den asteburua gozoa izan zen. Talde gehienek euren neurketak irabaztea lortu zuten. Jubenil mutilek bolada txarrari amaiera eman eta aspaldiko partez hiru puntuak batu zituzten. Jubenil neskek, aldiz, beraienari eusten diote eta Intxurre aise garaitu zuten. Gainerakoan, Ohorezko kadeteek, neskek zein mutilek San Juanen hiru puntu garrantzitsu batu zituzten, eta Infantil mailan ere, nesken atsedena tarteko, garaipenak etxetik kanpo.

 

Euskal Ligako Jubenilak

Anaitasuna CD 1
Antiguoko 0

Esperantzarako bidea

Azkenean larunbatean lortu zuten horrenbeste jardunalditan bila aritu ziren garaipena. Sartuak ziren dinamika negatibotik irten ezinik zebiltzan eta Antiguokoren aurka lortutako garaipena datorren asteetara begira garrantzitsua izango da. Neurketa hasieratik ikusten zen donostiarren aurkakoa zaila izango dela, zegoen eguraldiagatik eta San Juango futbol zelaiaren egoeragatik.

Hori horrela, partida beste era batera planteatu behar izan zuten gureek eta aldaketa onerako izan zen zalantzarik gabe. Antiguokok beraien zelaitik jokatzen hasteko ohitura dutela jakinik, gure mutilek bikain egin zieten presioa donostiarrei, baloia atzetik eroso ateratzea zailduz. Lan horrek neurketa joan-etorrikoa izatera eraman zuen, baloia goitik eta espazioak baliatzera jokatu baitzuten biek ala biek gero.

Bi taldeen atzeko lerroak ziur ikusten ziren, inongo akatsik egin gabe. Oso aukera gutxi ikusi ziren lehen hogeita hamar minutuetan, baina minutu horretan Julen Aramendik area ertzeko jaurtiketa egin eta baloia sareetara bidaltzea lortu zuen, amaieran Anaitasunari hiru puntu emango zizkion gola eginez. Bat eta hutsekoarekin joan ziren atsedenaldira, gustora egindako lanarekin, eta halaber, neurketa espero bezala zihoalako.

Bigarren zatian, Antiguoko emaitzagatik behartuta zegoen ardura gehiago hartzera, eta halaxe egin zuen, bereziki baloiarekin. Aurrean, ordea, ondo defenditzen ari zen Anaitasuna aurkitu zuen. Gureek geldikako baloiak, baina nabarmen korner jokaldiak baliatu zituzten min egiteko. Antiguokok oso aukera gutxi egin zituen neurketa guztian zehar eta seguru ikusi ziren gureak.

Modu horretan, balio handiko hiru puntu batu zituzten gure mutilek, indar handia emango dien garaipena. Asteburu honetan merezitako atsedena hartuko dute, baina hilaren 28an aurkari zuzen bat izango dute aurrean. Gasteizera joango dira Zaramaga taldearen aurkako partida jokatzera. Hiru puntura daude gasteiztarrak eta dena emango dute beste emaitza positibo batekin itzuli daitezen.


 

Jubenil Neskak

Anaitasuna CD 6
Intxurre 0

Ez da ezer aldatzen Jubenil neskentzat

Partida ondo hasi zuten, laugarren minuturako lehenengo gola egina baitzuten gure neskek. Hortik aurrera Intxurre goitik behera menperatu zuten eta aukera asko egitea lortu ere bai, sei gol sartu eta beste hainbat lortzeko aukera galdu baitzuten.

Lehenengo zatia amaitzear zegoela, Ane Juaristik min hartuta zelaia utzi behar izan zuen. Neurketako azken hamar minutuak jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan zituzten, aldaketa guztiak eginda baitzituen entrenatzaileak. Hori gutxi ez, eta Oihane Ucin ere min hartuta gelditu zen.

Lidertzan jarraitzeko beste garaipen garrantzitsu bat lortu zuten hala ere, eta Ohorezko Mailan dagoen borroka bera ari dira errepikatzen Jubenil Neskak ere. Kasu honetan gureak dira Tolosaren aurretik direnak.

Golegileak: Maider Badiola (3), Oihane Ucin (2) eta Leyre Camaron (1)

 


 

Ohorezko Kadete mutilak

Anaitasuna CD 3
Bergara 2

Partida txarra, emaitza bikaina

Ez zen Ohorezko Kadete mutilen neurketarik onena izan. Azken neurketa galdu ostean behar handiarekin iritsi ziren Bergararen aurkako neurketara eta nahiz eta aurpegi txarra erakutsi hiru puntuak batzeko gai izan ziren, zazpi minutuan aurka zuten markagailua iraultzeko gai izan baitziren.

Lehenengo zatia eta bigarrenaren zatirik nagusiena Bergarak egindako jokoaren araberakoa izan zen. Aukera garbirik ez zuten egin bi taldeek, baina bisitariak izan ziren Xabier Garateren atera gehien gerturatu zirenak. Gureak zuzen eta pazientzia handirik gabe aritu ziren eta Bergara ondo kokatuta zegoela ikusirik zaila izan zen modu horretan jokatuta min egitea.

Hala ere, atsedenaldira hutsean joan ziren, baina zelairatu eta zortzi minutura aurrea hartu zuen Bergarak. Erdiraketa bat nahikoa izan zuten gure mutilen atzeko lerroa gaizki kokatuta zegoela baliatu eta gola egiteko. Golaren ostean, gauzak ez ziren asko aldatu. Gureak ez ziren erreakzionatzeko gai izan eta hori gutxi ez eta epaileak ez zuen 57. minutuan garbia zirudien penaltirik adierazi Anaitasunaren alde.

Hiru minutu geroago etorri zen Bergararen bigarren gola. Orduan jokatzeko era aldatu eta Aneudis zelairatu zuten entrenatzaileek. Atezaina den jokalariak Anaitasuna erakusten ari zen joko erritmoa erabat aztoratu zuen eta 63. minutuan denak engainatuz bat eta bikoa egin zuen. Ahalegin handia egin zuen taldeak bigarren golaren bila eta epaileak 67. minutuan inondik inora ez zegoen penaltia adierazi zuen Anaitasunaren alde, aurrez egindako okerra zuzendu nahian beharbada. Emmanuel izan zen jaurti eta neurketa berdindu zuena.

Anaitasunaren erasoak ez zuen etenik, eta 70. minutuan korner jokaldi bat baliatu zuen dizdira handiko zazpi minuturi amaiera emanez, markagailuan hiru eta bikoa ezartzeko. Julen Olaizola izan zen lehen zutoinean buruz baloia sareetara bidali zuena. Amaitzeko hamar minutu falta ziren, baina bi taldeek ez zuten inolako arriskurik egin eta neurketa bere horretan gelditu zen, gure mutilek hiru puntu garrantzitsu etxean gelditzea lortuz.

Datorren jardunaldian Lazkaon jokatuko dute (Larunbata, 10:15).


 

Ohorezko Kadete neskak

Anaitasuna CD 4
Santo Tomas Lizeoa 1

Laugarren garaipena jarraian

Partida hasi orduko gure neskek gogor ekin zioten erasoari eta sekulako presioa eta erritmoa egin zuten donostiarren aurrean. Berehala hasi ziren gol aukerak sortzen, eta pare bat aukera garbi egin ondoren iritsi zen aurreneko gola. Ihintzak egin zuen bat eta hutsekoa. Bere kontu pertsonaleko lehena izan zen, izan ere atsedenaldira hiru eta huts iritsi baldin baziren, Anaitasunarentzat egindako hiru golak Ihintzak eginak izan ziren. Hirugarren gola aipatzekoa izan zen, jokaldi pertsonal bikain batetik egin baitzuen. 

Bigarren zatia ere gure neskena izan zen nahiz eta intentsitatean pixka bat behera egin. Aukerak egin zituzten arren, korner batetik hiru eta batekoa etorri zen. Neskek, ordea, berean jarraitu zuten eta bi minutara beste jokaldi eder baten ondoren, Maria Juaristik bere kalitatea erakutsiz lau eta batekoa egin zuen.

Lau partida jarraian irabaztea lortu dute gure neskek, bolada onean daudela erakutsiz. Jarrai dezatela horrela. 

Golegileak: Ihintza (3) eta Maria Juaristi (1)

Datorren asteburuan Intxaurdiren aurka jokatuko dute Cesar Beniton (Larunbata, 13:00).


 

Kadeteen 1go maila

Idiazabal 9
Anaitasuna CD 1

Kolpe handia Idiazabalen

Erantzun eziniko porrota idiazabalen gorrixentzat. Partida nahiko parekatuta hasi zen arren, idiazabalek bederatzi eta bat gailentzea lortu zuen. Lehenengo gola hamabosgarren minutuan heldu zen etxeko taldearentzat, gure mutilen huts baten ondoren.

Lehen zatiaren bukaeran markagailuan hiru eta hutsekoa ikus zitekeen. Gure mutilek lanerako gogoarekin irten zuten berdegunera bigarren erdian, baina berriro ere idiazabal nagusi izan zen berdegunean partida amaitu arte. Batez ere defentsaren bizkarrera botatako baloiek egin zieten mina azkoitiarrei. Anaitasunaren gola, aldiz, Imaden oinetatik heldu zen.

Datorren asteburuan Lazkao jasoko dute San Juanen (Larunbata, 12:30).


 

Ohorezko Infantilak

Lazkao 2
Anaitasuna CD 4

Gaizki hasitakoa ondo bukatu zuten Ohorezko Infantilek Lazkaon

Pasa den larunbatean Lazkaon zuten Kopako bigarren jardunaldiko partida. Lehen zatian oso gaizki hasi ziren, ezin baitzuten gauza onik egin, ziurrenik urduritasunak eraginda. Hogeigarren minutuan Lazkao aurreratu zen urrutiko jaurtiketa batetik. Ordutik aurrera gureak zelaian jarri eta hiru minutuan bi gol egiteko gai izan ziren, atsedenaldira aurretik iritsiz.

Bigarren zatiko seigarren minutuan, berriz, Unai Sarriegik bat eta hirukoa egin zuen. Taldea ondo kokatuta zegoen zelaian eta kontraeraso baten laugarrena sartu zuten gure mutilek partida itxita uzteko. Amaitzeko hiru minutu falta zirela, ordea, etxekoen aldeko penalti batekin bi eta laukoa etorri zen. Gureak sailkapenaren puntan dira, jokatutako bi neurketak irabazi baitituzte.

Datorren asteburuan Beasaingo Igartza futbol zelaian jokatuko dute (Larunbata, 10:00).


 

Infantil Txiki

Pasaia 2
Anaitasuna CD 3

Garaipena liderraren etxean

Larunbat goizeko partida oso serioa izan zen Anaitasunaren partetik. Ez zuten ezer jokatzen sailkapenari begira, baina hala ere lehen postuan dagoen Pasaiari gogor aurre egin zioten. Hasieran galtzen hasi ziren, baina gol arraro baten ondorioz banakoa egin zuten. Lehen zatia amaitu aurretik, jokaldi eder baten ondorioz Xabik bigarrena gola sartu zuen ezkerrez.

Beraz, lehen zatian bat eta bi gairaile. Bigarren zatia hasi eta berehala kornerretik bat eta hirukoa lortu zuten gure mutilek, golegilea Javi izanik. Neurketa kontrolatuta zegoela uste zutenean, ordea, etxekoek bigarrena sartu zuten eta denboraldi osoan eduki ez duten zortea eduki zuten partida irabazi ahal izateko.

Datorren asteburuan Santo Tomas Lizeoaren aurka San Juanen jokatuko dute (Larunbata, 15:30).