Urtarrileko azken asteburuan harrobiak emandakoa
Urteko lehen hilabetea joan zaigu dagoeneko eta gure harrobiak Inauteriak direla eta egin beharreko atsedenaren aurreko neurketak jokatu zituzten. Jubenil eta kadete neskek, beste behin beraien neurketak irabaztea lortu zuten, Ohorezko Infantil mutilek Kopari hasiera ona eman diote, eta azkenik Kadeteen 1go mailako mutilek ere puntu ona batu zuten etxean Ordiziaren aurka.
Euskal Ligako Jubenilak
| Anaitasuna CD | 1 |
| Ermua | 2 |
Neurketa on bat eta gero, hiru puntuak Ermuara
Larunbatean partida ona burutu zuten gure mutilek, baina zorte txarra kontra izan zuten azken aldian bezala. Ondo hasi zuten neurketa, hasieratik baloiaren jabe izanez eta partidako zati gehiena ermuarren zelaian pasatu zuten. Eroso ziren zelaian, atzeko lerroetan ziur, baina erasoan jokaldiak lotzea falta izan zitzaien. Izan zituzten aukerak lehen zatia amaitu aurretik, baina ez zuten gola lortzerik lortu. Gauzarik onena, ordea, ermuarrak ezereztatu zituztela izan zen, ia aukerarik ez baitzuten egin.
Bigarren zatiari ere gogotsu heldu zioten eta sinetsita zelairatu ziren, egoera txarrari buelta emateko gai zirela erakusteko asmoz. Zoritxarrez, ordea, bisitariak izan ziren markagailuan aurrea hartu zutenak, 60. minutuan. Beste behin atzetik ziren markagailuan gure mutilak, baina barruan zuten amorru guztiarekin erasora joan ziren. Ermuarrek gola egin eta bost minutura iritsi zen, ordea, berdinketa. Xubanek hegaletik egindako jokaldi ona Gorkak buruz ondo amaitu zuen. Pozak, baina, ez zuen asko iraun. Bi minutura berriz ere aurrea hartu baitzuten ermuarrek. Amaierara arte borrokan ibili ziren gureak, baina ez ziren berdintzera iritsi nahiz eta aukera batzuk egin.
Hurrengo larunbatean 15:30etan Cesar Benito zelaian jokatuko dute.
Jubenil neskak
| Touring | 4 |
| Anaitasuna CD | 6 |
Gol asko eta hiru puntu Jubenil neskentzat
Gol asko ikusteko aukera izan zen larunbatean Errenterian jokatutako partidan. Ez zuten ondo hasi eta Touringek egin zuen partidako lehen gola. Horixe izan zen neurketan atzetik joan ziren une bakarra. Ordutik aurrera, eta emaitzak azaltzen duen bezala, golak egiteko gai zirela garbi geratu baitzen.
Hala ere, bbaloia defendatzeko garaian ez ziren oso fin ibili. Partida galtzeko arriskurik ikusi ez bazuten ere, lau gol jasota etorri ziren etxera. Neurketako gauzarik onena hiru puntuak batzea izan zen.
Golegileak: Maider Badiola (3), Oihane Ucin (2) eta Ane Juaristi (1)
Ohorezko Kadete mutilak
| Lagun Onak | 2 |
| Anaitasuna CD | 0 |
Ezin izan zuten beraien jokoa egiterik izan Garmendipen
Ez zen neurketa ona ikusi larunbat goizean Garmendipen. Hasiera kaskarra eman zieten bi taldeek, nahiz eta etxekoek gehiago bultzatu zuten gure mutilen ate aldera. Baloi gutxi izan zuten oinetan zelai erditik aurrera, eta horrek aukerarik sortu gabe utzi zituzten gorrixek. Lagun Onakek korner jokaldi batean area barruan gelditu zen aldaratze bat baliatu zuen aurrea hartzeko atsedenaldira iritsi aurretik.
Bigarren zatian alderantzizko joera izan zuen neurketak. Azpeitiarrek baino hobetoago ekin zioten bigarren zatiari, eta area barruko falta bat alde izan bazuten ere, ez zuten baliatzerik lortu. Minutuek aurrera egin ahala, azpeitiarrek atzera egin zuten eta gureek aurrera, baina ez behar adinako indarrarekin. Partida luzapenean zela, kontraerasoan irten zen Lagun Onak eta atezainaren gainetik bi eta hutsekoa egin zuten.
Datorren asteburuan atseden hartuko dute.
Ohorezko Kadete neskak
| Hernani | 0 |
| Anaitasuna CD | 1 |
Gora begira jartzeko garaipena Hernanin
Igande arratsaldez jokatu zuten gure neskek Hernaniko Zubipe futbol zelaian. Neurriz handia den zelaia, halaxe suertatu zen neskentzat ere, handia egin baizitzaien. Hala ere, gure neskek ohikoa duten jokoa eta gogoa jarri zituzten hasieratik, eta partida osoan zehar nagusi izan ziren. Neurketako gol bakarra lehen zatia bukatzear zela iritsi zen zelai erditik luze egindako pasea Ihintzak jaso eta atezainaren irteera aprobetxatuz, gainetik baloia loratu eta huts eta batekoa egin zuen.
Bigarren zatian Anaitasunako neskek hainbat gol aukera izan zituzten baina langak, zutoinak eta atezainaren geldiketek ez zuten markagailua gehiagora joaten utzi. Beste hiru puntu garrantzitsu sailkapenean goiko postuei begira jartzeko.
Golegilea: Ihintza Arakistain
Datorren asteburuan atseden hartuko dute.
Kadeteen 1go maila
| Anaitasuna CD | 3 |
| Ordizia | 3 |
Bigarren zatian egindako lanak saria eman zien Kadeteen 1go mailako mutilei
Joan den igandean Ordizia hartu zuen etxean Kadeteen 1go mailako taldeak. Bertara hurbildu zirenek gol askoko partida entretenigarria ikusteko aukera izan zuten. Lehenengo zatiari dagokionez, Anaitasunak hartu zuen baloiaren jabetza hasiera-hasieratik. Gorrixek eroso ikusten ziren baloiarekin eta futbol polita egiten ari ziren. Gauzak horrela Anaitasunaren lehen gola etorri zen. Jon aurrelaria izan zen golegilea, buruz baloia sareetara bidaliz. Lehenengo zatiaren orduerdia bete zela, ordea, ezusteko batean ordiziarrek banakoa egin zuten eta hurrengo bost minututan beste bi gol eginda, bat eta hirukoarekin joan ziren atsedenaldira.
Futbolean edozer pasa daitekeela esan ohi da sarritan, esana ikusleen begietan jarriz. Bigarren zatia gogotsu hasi zuten gorrixek eta berehala, berriz ere Jonek, goizeko bere bigarren gola egin zuen penalti jaurtiketaz ordiziarren atezaina gaindituz. Anaitasunak borrokan jarraitu zuen eta markagailua berdintzea ere lortu zuen. Golegilea Imad izan zen, Iker Motoren erdiraketa aprobetxatuz baitzuen buruz egindako errematearekin neurketa berdintzeko. Bazen denbora gehiagorako, baina markagailua bere horretan gelditu zen. Hiruna eta puntu bana lehia gogorra jokatu zuten bi taldeentzat.
Datorren asteburuan atseden hartuko dute.
Ohorezko Infantilak
| Anaitasuna CD | 2 |
| Urola | 0 |
Ohorezko Infantilek hasiera ona eman diote Kopari
Astebeteko atsedena izan eta gero, etxean hasi zuten bigarren fasea Ohorezko Infantilek Urolaren aurka. Lehenengo zatiko lehen hamar minutuetan ez zuten baloirik izan, baina gero oso ondo jokatu zuten gorrixek, aukerak eginez. Atsedenaldira iristeko hamabost minuturen faltan, Anaitasunaren aldeko penaltia adierazi zuen epaileak eta gola eginda bat eta hutsekoarekin hartu zuten aldageletarako bidea atsedenaldian.
Bigarren zatian ere ildo beretik jarraitu zuten gure mutilek eta hogei minuturen faltan iritsi zen bi eta hutsekoa. Kopako fasea, beraz, bikain hasi dute.
Datorren asteburuan atseden hartuko dute.
Infantil Txiki
| Anaitasuna CD | 3 |
| Lengokoak | 4 |
Porrot gaiztoa Infantil Txikientzat
Partida ondo hasi zen gure mutilentzat. Hasiera benetan bizia izan zen San Juanen, bigarren minuturako Iker Sarasuak atezainaren aldaratze bat baliatu baitzuen Anaitasuna aurretik jartzeko. Taldea ondo ari zen jokatzen, baina bost minutu beranduago, Lengokoak taldeak banakoa egin zuen kontraeraso batean. Hala ere, 10. minutuan Eritz Jacintok area kanpotik jaurtitako baloia sareetara bidali zuen. Atsedenaldira bi eta batekoarekin joan ziren, ondo jokatzen gainera.
Bigarren zatian, taleak berriz ere minutu onak egin zituen, ondo jokatuz, baina geldikako jokaldietan asko sufritu zuten eta hori garbi ikusi zen, Lengokoakek egin zituen hiru golak modu horretan egin baitzituen. Binakoa eta bi eta hirukoa korner erremate bidez egin zituzten donostiarrek. Taldeak behera egin zuen, baina Mitxel Alkortak korner batean egindako golarekin, neurketa berdindu eta berriz ere gora egin zuen. Neurketa, ordea, ez zegoen amaituta eta Lengokoakek falta baten erdiraketa bat aprobetxatu zuen azken hiru eta laukoa egiteko. Esan beharra dago gure mutilek zortea ere ez zutela lagun izan, lau bider jo baitzuten langa.
Datorren asteburuan atseden hartuko dute.
Infantil neskak
| Urki | 4 |
| Anaitasuna CD | 0 |
Etxekoek ate aurrean izan zuten eraginkortasunak punturik gabe utzi zituzten gure neskak
Neurketa ona burutu zuten gure neskek. Lehen lerroetatik jokatzen saiatu ziren eta Urkiri aurka egiteko gai izan ziren. Azkeneko kontroletan eta paseetan egon zen aldea. Gure neskak ez ziren ia aurkariaren atera jaurtiketa bat egitera ere iritsi eta Urkik azken metroetan asmatu egin zuten.
Hala eta guztiz ere, entrenatzaileak gustora gelditu ziren egindako neurketarekin. Gola falta zaio taldeari, atera ez jaurtiz gero Eibarren egin moduan, zaila delako golak egitea.
Datorren asteburuan atseden hartuko dute.