Denboraldiko lehen bi garaipenek ez zuten asteburu kaskarra ezkutatzerik lortu

Bi garaipen utzi zizkigun harrobiako pasa den asteburuan. Kadeteen 1go mailako mutilek denboraldiko lehen garaipena eskaini zuten San Juanen Elgoibarren aurka, eta gauza bera egin zuten Infantil Neskek ere Bergaran. Gainerako talde denek porrot egin zuten Anaitasunaren aspaldiko astebururik beltzenetako batean.

Jubenilen Euskal Liga

Anaitasuna CD 1
Loyola Indautxu 3

Gehiegizko zigorra jaso zuten gureek neurketa nola joan zen ikusita

Partida oso zaila zuten aurreikusita gure mutilek, bizkaitarrak igoera lortzeko hautagairik garbienak baitira, eta neurketan zehar hautagaitza hori erakusteko gai izan ziren. Hasieratik baloiarekin atzetik irteteko asmoarekin zelairatu ziren Txerloian, baina gureek presio ona egiten zutela ikusirik, luze jokatzera behartu zituzten. Gure jubenilek baloia zentzuz jokatu zuten. Lehenengo zatia orekatua izan zen, nahiz eta kanpokoak arrisku sentsazio handiagoa eman zuten, baina gureak ez ziren atzean gelditu eta bizkaitarrak estuasunetan jartzeo gai izan ziren.

Bigarren zatia lehenaren antzekoa izan zen joko aldetik. Kontzentrazio handiarekin zelairatu ziren bigarrenean ere gureak, eta Garmendiaren jokaldi on baten ostean atzelariak atzean utzi eta markagailuan aurrea hartzea lortu zuten Iker Epelderen mutilek. Golak kanpokoen erreakzioa ekarri zuen eta Iker Kortari adierazi ez zioten zalantzazko penalti batetik banakora igaro zen neurketa. Berdinketak neurketa apurtzea ekarri zuen eta kontrol handirik gabeko minutuak izan ziren. Hala ere, azkar ateratako korner batetik kanpotarren bigarrena iritsi zen. 15 minutu falta zirela ikusirik, gureek berdinketaren bila aurrera-pausoa eman zuten, baina amaitzeko segundu eskasen faltan hirugarrena egin zuten bizkaitarrek.

Hurrengo astean 3 puntu garrantzitsu izango dituzte jokoan, Real Union Bren aurka igande arratsaldean Galen.

Jubenil Neskak

Lagun Onak 2
Anaitasuna CD 1

Bigarren zatian esnatu ziren gureak, baina berandu izan zen

Partida gaizki hasi zuten neskek, lekua hartu ezinik, baloiarekiko kontrolik gabe, urduritasun handiarekin... Lehen 25 minututan Lagun Onakek kontrolatu zuen neurketa goitik behera. Gero, posizio adaketa eta zuzenketa pare baten ondorioz, pixkanaka zelaian azaltzen hasi zen Pedro Galarragaren taldea. Ordurako gola egitea lortua zuten azpeitiarrek, falta jaurtiketa baten bitartez hain zuzen.

Atsedenaldian egindako zuzenketen ondorioz eta gure nesken esfortzuaren bitartez, bigarren zatia hasi orduko berdinketa lortu zuen taldeak, Maider Badiolak eginiko gol bati esker. Partida menpean izan zuten gero, baina zorte txarreko jokaldi batean bigarren gola egin zuten azpeitiarrek. Hala eta guztiz ere, berdinketaren bila aritu ziren gure neskak amaierako txistu hotsera arte. Bigarren zatia ikusita zigor handia izan zen punturik gabe etortzea, berdinketa irabazi eta merezi zutelako Garmendipen.

Datorren jardunaldian Amaikak Bat jasoko dute San Juanen.

Ohorezko Kadete mutilak

Anaitasuna CD 0
Amaikak Bat 1

Debako taldea goitik behera nagusitu zen Ohorezko Kadete Mutilen aurka San Juanen

Nagusitasun handia erakutsi zuten Amaikak Bateko mutilek eta sailkapenaren isla egin zuten San Juango berdegunean. Erritmo eta intentsitate handiarekin zelairatu ziren eta gure mutilen gaitasun guztiak mugatu zituzten. Baloia zutenean zentzuz jokatuz, eta ez zutenean baloiarengatik oldarkor borrokatuz. Hori egitea nahikoa izan zuten bisitariek gure mutilak kontrolatzeko.

Atsedenaldira bitartean nagusi izan ziren Debako mutilak, baina ez zituzten bigarren zatian adina aukera sortu eta aldageletara hutsean joan ziren bi taldeak. Bigarren zatian euren malezia berdintzeko asmoz zelairatu ziren gure jokalariak, baina ezinezkoa izan zen eta penalti bat nahikoa izan zen hiru puntuak eskuratzeko.

Datorren jardunaldian Elgoibarko Mintxeta futbol zelaian jokatuko dute gureek etxeko taldearen aurka.

Ohorezko Kadete neskak

Anaitasuna CD 0
Añorga 6

Porrot gogorra liderraren aurrean

Partidarik galdu gabe etorri ziren Azkoitira añorgarrak, eta hala jarraituko dute datorren asteburura arte behintzat. Gure neskek gogor egin zieten aurre, baina hala ere lehen zatia amaitzean huts eta bi aurretik ziren bisitariak.

Bigarren zatiko zatirik nagusienean ondo heldu zieten gureek añorgarrei eta aurreraka jokatzen hasi ziren, min eginez. Aukerak izan zituzten gure neskek, baina ez zuten asmatu atearen aurrean. Añorgakoak kontraerasoan min egin zuten eta hortxe apurtu zen neurketa.

Amaieran huts eta sei. Markagailuak erakusten duen alderik ez zen izan inondik inora berdegunean. Anaiko neskak gogor saiatu ziren eta ondo egin zioten aurre liderrari. Aupa neskak eta Aupa Anai!

Datorren jardunaldian Antigua Berri taldearen aurka jokatuko dute Berion.

Kadeteen 1go maila

Anaitasuna CD 4
Elgoibar 3

Denboraldiko lehen garaipena Elgoibarren aurka lortu dute 1go mailako Kadeteek

Lehenengo zatiari dagokionez, gorrixek serio irten ziren zelaira eta baloiarekin jaun eta jabe izan ziren aukera garbiak eta politak sortuz. Baloi bat zutoinera ere bota zuten gure mutilek, baina gola ez zen iritsi behar zuenean, eta horrelakotan sarritan gertatzen den moduan elgoibartarrak Anaitasunaren atera iritsi ziren aldi bakarrean gola egin eta huts eta bat aurretik jarri jartzea lortu zuten markagailuan.

Lehenengo zatia horrela amaitu zen beraz. Bigarren zatia hasi eta berehala korner batean banakoa egitea lortu baitzuen Joanes Salgadok. Ondoren, ordea, Elgoibarrek partidan izan zuen momentu ona iritsi zen, eta bi gol eginez ihes egitea lortu zuten. Gorrixek, baina, ez zuten etsi eta markailuari buelta eman zieten 15 minututan Jon Zubizarreta, Asier Nuñez eta Goenagaren golekin.

Datorren jardunaldian Eibartarrak taldearen aurka jokatuko dute Unben.

Ohorezko Infantil mutilak

Eibar 4
Anaitasuna CD 0

Porrota liderraren aurka

Etxekoak nagusi izan ziren partidako arlo denetan eta atsedenaldira bi eta hutseko emaitzarekin iritsi zen neurketa.

Bigarren zatia lehenaren aldean ona egin zuten Unai Juaristiren mutilek, baina eibartarrak nagusi izan ziren Unbeko zelaian eta beste bi gol eginez azken lau eta hutseko emaitzarekin amaitu zen neurketa.

Hurrengo jardunaldian Aretxabaleta jasoko dute San Juanen.

Infantil Txiki

Anaitasuna CD 3
Orioko 4

Punturik batu gabe ekingo diote hurrengo faseari Infantil Txikiek

Partida hasieran aurkariak baino hobeto jarrita aritu ziren gure mutilak, eta horrek aukera gehiago sortzera eraman zuen taldea. Oriotarrak behin iritsi eta bertan gola egitea lortu zuten, ordea. Atsedenaldirako hiru minuturen faltan, Eritz Jacintok urrunetik egindako jaurtiketa baten bitartez, neurketa berdintzea lortu zuten gureek.

Biarren zatiaren hasieran ere gureak hobeto aritu ziren jokoan eta bost minutura Eritz Etxanizek area barruan atzelari bati errekortea egin eta aurretik jartzeko gola egitea lortu zuen. Berehala hirugarren gola barkatu zuten gure mutilek eta hortik aurrera taldea beheraka joan zen. Oriotarrek hori baliatu eta hiru gola egin zituzten. Azken 10 minutuetan gogotik saiatu ziren gure mutilak eta aldea murrizteko gola lortu zuen Julen Motok. Ez zen beste golik iritsi, eta punturik batu gabe ekin beharko diote, hala beharrez, Infantil Txikiek hurrengo faseari.

Datorren jardunaldian Internacional hartuko dute San Juanen.

Infantil Neskak

Bergara 1
Anaitasuna CD 5

Denboraldiko lehen garaipena lortu zuten Infantil Neskek Bergaran

Lehenengo zatitik hasi ziren gureak erasoan eta aukerak sortzen, eta asko kostatuta iritsi zen lehen gola. Asko kostatu izanak egiten ditu gauzak eder, eta baita erraz ere. Lehena egin zutenean beste hiru erreskan egin zituzten gure neskek, lehenengo zatiaren amaierara huts eta laukoarekin iritsiz.

Bigarren zatia ez zituzten gure neskek lehen zatiana dina aukera sortu, eta markagailua defenditzera mugatu ziren. Lana bikain bete zuten gure neskek, ez baitzuten golik lortu bergararrek bigarren zatian.

Hirugarren eta azken zatian, berriz, bosgarren eta lasaitasunaren gola egin zuten gureek, eta patxadaz jokatu zuten ordutik aurrera. Amaieran etxekoek beraien gola egitea lortu bazuten ere, orokorrean Anaitasunako neskak jokoz eta aukeraz gehiago izan ziren.

Golegileak: Zihara (2), Maitane (1), Haizea (1) eta Garazi Odriozola (1)

Datorren jardunaldian Urki jasoko dute San Juanen.