Partida aurrekoa: Hernani, mutilen eta nesken asteburuko aurkari
Ohorezko Mailako mutilen eta Euskal Ligako nesken asteburuko arerioa izango da Hernani. Mutilek lidertzari eusteko asmoa dute eta neskek azken sei asteetako bolada onari jarraipena ematea. Irakurri bi partiden aurrekoa:

Anaitasuna - Hernani (mutilak)
Hernani CD izango da mutilen asteburuko aurkaria. Sailkapeneko laugarren postuan da Hernaniko taldea, azken hiru neurketetan ez baitute garaipenik batu hernaniarrek: bi porrot eta berdinketa bat eskuratu dituzte. Azken bolada horren ondorioz lehen bi postuetatik urrundu egin dira hernaniarrak. Zarautzen eta Aretxabaletaren aurka etxean galtzetik iritsiko da Hernaniko taldea, Txerloira. Tolosan, berriz, puntua batu zuen duela hamabost egun. Etxetik kanpo bi partida baino ez ditu galdu Anaitasunaren asteburuko aurkariak. Gainerakoan, hiru berdinketa batu ditu, eta beste guztiak irabazi. Golei dagokionez, 39 egin dituzte, eta jaso, 39 gol. Txerloian jasotzeko aurkari arriskutsua izango dute mutilek, zapatuan (17:00).
Anaitasuna - Hernani (neskak)
Hernani CD izango da nesken asteburuko aurkaria. Sailkapeneko hamahirugarren postuan da Hernaniko taldea, eta azken hiru neurketak jarraian galduta iritsiko dira Azkoitira. Bolada txarra darama Hernaniko nesken taldeak, baina horrek oraindik eta aurkari arriskutsuagoa izatea dakar; irabazteko gosez zelairatuko dira San Juanen. Gainera, beheko postuetatik ahalik eta gehien urruntzeko asmoa dute. Guztira hiru neurketa irabazi dituzte aurtengo denboraldian; bat Hernanin eta beste bi etxetik kanpo. Hernaniarrei puntuak kentzea garestia da, halaber; zortzi berdinketa batu dituzte. Hogei gol egin dituzte hernaniarrek, eta jaso, berriz, 39. Neskek ahalik eta gehien luzatu nahi dute bolada ona, eta horretarako aukera dute igandean (17:00).