Ahaztu, eta aurrera

Beasain 3
Anaitasuna CD 0

Beasain goitik behera nagusitu zen, eta ondorioz, gorrixek denboraldiko lehen porrota jaso zuten

Etxeko taldeak hasieratik lortu zuen Anaitasuna ezeztatzea. Aukera ugari sortu zituzten bagoneroek Loinatz zelaian atsedenaldia iritsi aurretik, baina atsedenaldira iritsi aurreko azken jokaldian lortu zuten bat eta hutsekoa. Bigarren zatiaren hasiera ere gaiztoa izan zen Anaitasunarekin. Segituan egin zuten bigarrena etxekoek, eta euren neurrira aritu ostean, burua makurtu beharrean izan ziren gorrixek. Orain arteko partidarik txarrena eginda, denboraldiko lehen porrota jaso du taldeak.

Beasain-Anai-kronikarako

Etxekoak hobeto zelairatu ziren, eta ez zuten asko iraun lehen abagunea sortzen. Laugarren minutuan, estuasunetan jarri zituzten etxekoek gureak, aukera bikoitza eginda. Lehen aldian, Arrutik eskua atera behar izan zuen baloia gelditzeko, eta bigarrenean Godoyk burua luzatu eta baloia urruntzea lortu zuen Arrutik defendatzen zuen atearen eskuin zutoinean. Beasainen oldarraldiak ez zuen etenik izan, eta hortik bi minutura, Markel Eskurtzak goleko lerroan beasaindarren gola ekiditea lortu zuen.

Beasain nagusi zen zelaian. Anaitasunak zelaiari eta aurkariari neurria hartu ezinda jardun zuen lehen ordu laurdenean. Kontraerasora irtetea lortu zuen bi aukeratan, eta horietako batean, 16. minutuan, neurketako jokaldi eztabaidagarriena iritsi zen. Beasaingo jokalari batek, area barruan, baloia eskuarekin ukitu zuela adierazi zuen epaile nagusiak txistua jo eta eskuarekin penaltia adierazi eta gero. Marrazainak penaltietan hartu ohi duen lekua ere hartu zuen, baina inork ez dakien arrazoiagatik, marrazainak epaileari kontrakoa esan eta adierazitako guztia bertan behera utzi zuen. Loinatz zelaian elkartu ziren ehun azkoitiar baino gehiagok haserrea adierazi zioten hiruko epaileari. Azkenean, jokaldiak kornerrean amaitu zuen.

Kontuak kontu, minutuek aurrera jarraitu zuten, eta lehengo lepotik jarraitu zuen partidak. Lau aukera garbi izan zituzten beasaindarrek bat eta hutsekoa lortu baino lehen. Horietatik hiru 22. minututik 26. minutura bitartean izan zituzten etxekoek, eta laugarrena, 37. minutuan. Batzuk garbiak izan ziren, gainera. Atsedenaldirako bidea hutseko berdinketarekin hartuko zutela zirudienean, ordea, futbola gaiztoa izan zen Anaitasunarekin. Minuturik txarrenean, 44. minutuan, Beasainek gola egitea lortu zuen. Eskuin hegaletik egin zuten jokaldia bagoneroek, eta Arrutik defendatzen zuen ate-eremura erdiraketa egin ostean, buruz, bat eta hutsekoa egitea lortu zuten beasaindarrek.

Gola kolpe handia izan zen taldearentzat, eta bigarren zatiaren hasieran, bigarren bat jaso zuten. 47. minutuan, ezker hegaletik egin zuten jokaldia etxekoek, eta bigarren zutoinera erdiraketa eginda, berriz ere bakar-bakarrik Arruti gainditzeko gola egin zuten etxekoek. Gola eta gero ere, taldea ez zen erreakzionatzeko gai izan, eta neurketaren kontrola etxekoena izaten jarraitu zuen. 62. minutuan, berriz, arratsaldeko hirugarren gola iritsi zen. Berriz ere ezker hegaletik iritsi ziren area ertzera beasaindarrak, eta bi eta hutsekoaren golaren antzeko jokaldia eginda lortu zuten hirugarren gola ere. Baloira bigarren zutoinera erdiratu, eta buruz errematatu zuten hirugarren gola lortzeko.

Etxekoek aukera gehiago ere izan zituzten abantaila handitzeko. Anaitasunak, bere aldetik, baloi gehiago izan zuen oinetan partidako erritmoak behera egin zuenean. 73. minutuan, Mikel Arzalluzek ate aurrean utzi zuen Ander Arabaolaza atzelarien artetik pasea eginda, baina atezainaren aurrean loratzen hasita, motz gelditu zitzaion jaurtiketa.

Porrotaz gain, sentsazio kaskarra eman zuen taldeak. Beasainen aurkakoa alde batera utzi, ahaztu, eta igandeko partidan pentsatzea besterik ez zaio gelditzen taldeari. 17:00etan, Portugalete jasoko du Igor Quindosen taldeak. Hirugarren Mailak ez du etenik, eta mutilek orain behar dute babesik handiena.


 

Fitxa teknikoa:

Beasain: Iturbe, Balerdi, Josetxo, Julen, Aritz Imaz, Aiert (73. min, Ordoñez), Ivan Claver (89. min, Zubeldia), Pablo, Kaxe (78. min, Aizpurua), Orue, Jonma.

Anaitasuna: Arruti, Godoy, Sergio, Markel, Moya, Susaeta, Unai, Diez (61. min, Iñigo Arzalluz), Mikel Arzalluz, Beitia (61. min, Aramendi), Ander (77. min,  Ander Pastrian).

Golak: 1-0 (44. min, Balerdi), 2-0 (47. min, Kaxe), 3-0 (62. min, Kaxe).

Epailea: Palet. Mikel eta Aritz marrazainak. Txartel horia erakutsi die, Beasaindik Kaxeri, eta Anaitasunatik, Godoyri eta Markeli.

? Ikusi bideo laburpena, hemen