Txukun Cultural Durangoren aurka

Cultural Durango 1
Anaitasuna CD 0

Atzokoan ere itxura ona erakutsi zuen taldeak, eta aukera sorta ederra izan zuen Tabira zelaian denboraldi-aurreko lehen garaipena lortzeko

Anaitasunak proba ona egin zuen atzo ere, eta aurpegia eman zuen Cultural Durango taldearen aurka. Aukera asko izan zituzten Igor Quindosen mutilek lehen zatian, baina asko barkatu ondoren, bigarren zatiko 30. minutuan lagunartekoa irabazteko gola egin zuten bizkaitarrek. Joko ona erakutsi zuen baloiarekin taldeak, eta oldarkor agertu zen baloirik gabeko jokoan.

Durango-Anai

Ander Pastrianek laugarren minutuan zutoinera botatako jaurtiketan ezustekoan harrapatu zituen etxekoak. Hori izan zen gorrixek izan zuten lehen aukera. Abagune ugari sortu zituzten gure mutilek, baina zoritxarrez oraindik ez da denboraldi-aurreko lehen gola iritsi. Etxekoek izan zuten neurketaren kontrola une gehienetan, baina Anaitasunak Durangoko atzelarien bizkarrera egindako paseekin izutu zituen etxekoak. Arrisku handia sortu zuten gureek modu horretan.

Taldeak baloi gutxi izan zuen oinetan, baina erasokor eta gogor egin zuten oinetan izan ez dutenean. Baloia oinetan izan zutenean, aldiz, ongi mugitu zuten gureek baloia, zentzuz, eta Ander Pastrianek, Patxik eta Iriartek aukera onak izan zituzten Anaitasuna aurretik jartzeko. Garbiena Julen Iriartek 43. minutuan eduki zuena izan zen. Abiadura eta indar handiarekin etxeko atzelaria atzean utzi zuen, baina jaurtiketan baloiak zutoina jo nahi izan zuen beste behin. Aurrez, etxekoek, korner burukada batean eta langara egindako jaurtiketa batean gertu izan zuten gola.

Bigarren zatian erritmo baxuagoa izan zuen neurketak, eta horrenbestez aukera gutxiago izan ziren Tabiran. Lehena 59. minutuan izan zuen Anaitasunak. Julen Aramendi abiadura handiz irten zen kontraerasoan, eta atzelariak gaindituta Julen Iriarteri pase bikaina egin zion area ertzean. Aurrelariak, ordea, behartuta egin zuen jaurtiketa eta atezainak baloia gelditzea lortu zuen.

75. minutuan egin zuen gola Cultural Durangok. Eskuin hegaletik erdiratu zuten baloia bizkaitarrek, eta gure mutilek ez zuten ondo urrundu baloia. Area ertzean harrapatu zuten baloia etxekoek, eta zutoinaren ondotik pasata, gola lortu zuten durangarrek. Jokoan nagusi izan ziren bizkaitarrak bigarren zatiko minutu gehienetan, baina Anaitasunak oinetan hartu zuen baloia golaren ostean, eta bere erara jardun behar izan zuten aurkariek. Ez zen gol aukerarik iritsi, eta ondorioz bat eta hutsekoarekin amaitu zen hirugarren lagunartekoa.

Cultural Durangoren aurkakoa ere neurketa ona izan zen. Gure mutilek liga txapelketara begira prestatzen jarraitzen dute. Datorren zapatuan, 18:00etan, Andra Mari Sariari dagokion neurketa jokatuko dute Beasain K.E. taldearen aurka. Orain arte erakutsitako itxura onari helduz, denboraldi-aurreko lehen garaipenaren bila zelairatuko dira mutilak larunbatean Txerloian.

Ikusi neurketako argazkiak, hemen