Proba serioa Vitoriaren aurka

Anaitasuna CD 0
C.D. Vitoria 2

Anaitasunak neurketa serioa burutu du Bigarren B Mailako C. D. Vitoriaren aurka, eta itxura ona eman du zaleen aurrean

Gorrixek lehen orduerdian maila handia erakutsi dute, eta Vitoria estuasunetan jartzeko moduan izan badira ere, zelai erdian galdutako baloi batetik egin dute lehen gola bisitariek. Bigarren zatian, goitik behera menderatu du neurketa Vitoriak, baina ondo ordenatu den Anaitasunak zail jarri dizkio gauzak. Gureek beren atean egindako gol bati esker egin dute kanpokoek huts eta bikoa.

Erritmo handiarekin ekin diote Anaitasunak eta Vitoriak gaur goizean jokatutako lagunartekoari. Indarrak parean zituztela, gureek izan dute neurketako lehen aukera Gaizka San Miguelen bitartez. Erdilari zarauztarrak ondo borrokatu du baloia, eta bere jaurtiketa gurutzatuegi joan da. Vitoriak ere segituan izan du bere lehen abagunea area ertzeko falta bat jokoan azkar jarri ondoren. Aukera gutxi izan dira lehen zatian. Anaitasunak 18. minutuan izan du lehen zatiko azkena Mikel Aramendiren jaurtiketarekin, eta 38. minutuan Vitoriak lortutako golak abantaila eman dio Gasteizko taldeari. Ez da beste arriskurik izan Txerloian.

AnaiVitoriaargazkia

Gure mutilek gogor jokatu dute arerio handiago baten aurka. (Argazkia: Joakin Sudupe)

Bigarren zatian, beste neurketa bat ikusi da. Vitoriak hasieratik lortu du neurketaren kontrola, eta gure mutilei gehiago kostatu zaie aurrera egitea. Gorrixek aukera bakarra izan dute bigarren zatian. Xabi Soralucek 82. minutuan izandakoa, hain zuzen; gainerakoak, Vitoriak sortutakoak izan dira. Atea aurrean egindako hutsek, eta Arrutik aurkarien erremateei emandako erantzunek ekidin dute gasteiztarren bigarren gola. 62. minutuan, baina huts eta bikoa egin dute bisitariek. Lehen zutoinera erdiratu dute baloia, eta Josu Godoyk, airetik zetorren baloia urruntzen hasi denean, ate barrura bidali du baloia Arruti atezainaren gainetik. Azken minutuetan zutoinera egindako errematean ere gertu izan dute hirugarrena kanpokoek.

Nahiz eta neurketa galdu, itxura ona eman dute gure mutilek aurkezpen partidan. Datorren astean bi lagunarteko jokatuko ditu Anaitasunak. Lehena, asteazkenean, Durangoko Tabira zelaian jokatuko du Cultural Durango taldearen aurka, 19:30ean. Datorren asteko bigarren lagunartekoa, berriz, abuztuaren 12an, 18:00etan jokatuko du Beasain taldearen aurka.