Lehen proban, porrota (2-0)

Real Sociedad C 2
Anaitasuna CD 0

Beroak eta nekeak markatutako partida izan da gaur Zubietan jokatutakoa, eta mutilek ezin izan dute gehiago landutako Real Sociedad C taldearen aurka

Reala gehiago izan da gaur goizean Zubietan jokatutako lagunartekoan, eta lehen zatian lortu dituzten bi golek erabaki dute gorrixek jokatu duten lehen lagunartekoa. Bigarren zatian hobeto moldatu dira defentsan gureak lehen zatian baino, eta gutxiago sufritu dute.

Reala-Anai 

17. minutuan lortu dute txuriurdinek bat eta hutsekoaren gola. Korner aldaratze bat baliatu dute etxekoek lehen gola egiteko. Baloia areatik urruntzen ez dute asmatu gureek, eta etxekoek atea zulatu dute. Reala erraz iritsi da gureen areara eta aukera garbiak izan dituzte abantaila handitzeko, baina Arrutiren pare bat geldituk eta ate aurrean egindako hutsek 32. minutura arte bat eta hutsekoari eusteko moduan izan dira gureak.

30. minutuan, Mikel Arzalluzek jaurtiketa bat zutoinera bidali du atezainak ukitu ondoren, baina segituan, donostiarren gola iritsi da. 32. minutuan, area ertzeko jaurtiketa batekin Arruti gainditzea lortu dute etxekoek. Anaitasunak aukerak batzuk izan ditu bi eta hutsekoaren ondoren. 34. minutuan, Iriartek ondo amaitu du Julen Aramendi eta Diezen arteko jokaldia, eta 38. minutuan Markelek gertu izan du bi eta batekoa hegaleko falta bat buruz errematatu ostean.

Bigarren zatian, hobeto moldatu da Anaitasuna baloirik gabe, eta Realaren erasoei eusteko moduan izan da. 58. minutuan taldea kontraerasoan irten da eta orduan izan du aukerarik garbiena. Ander Pastrianek gola egitea lortu du Xabi Soraluceren pasea eta gero, baina epaileak jokoz kanpokoa adierazi du. Harmailetan zalantza sortu du epailearen erabakiak.

Azken minutuetan ez da aukera berezirik izan. Gureek behera egin dute azken minutuetan eta aukerarik onenak etxekoenak izan dira. Bi eta hutsekoarekin amaitu da denboraldi-aurreko lehen proba. Datorren zapatuan, 11:00etan, etxean aurkeztuko da Anaitasuna Bigarren B mailara igo berri den Vitoria taldearen aurka.

Ikusi neurketako argazki guztiak, hemen