Egia bihur daitekeen ametsa, gertuago

Anaitasuna CD 2
Beti Gazte 1

Beti Gaztek behin baino gehiagotan estutu zuen taldea, eta sufritzen jakin ondoren, berebiziko garrantzia zuen neurketa aurrera atera zuten mutilek

Elgoibarren jakingo da ebatzia. Mintxetak epaituko du Anaitasunaren denboraldia. Beti Gazteren aurka egin beharreko lanak ondo egin zituzten gorrixek, eta Hernanik ere hiru puntu batuta, puntu baten aldearekin jarraitzen du Anaitasunak lehen postuan. Lesakarren aurkako partida gogorra izan zen. Sufritu egin zuten une askotan, baina taldeak eta zaleek bat eginda, lehen postuan jarraitzeko baimenarekin jarraitzen dute.

BeitiaGola

Oier Beitiak egindako bi eta batekoa gogotik ospatu zuten jokalariek. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Txukun hasi zuten partida gureek, aukerak eginez. Mikel Aramendiren oinetan izan zuen gertuen gola taldeak hasieran. Seigarren minutuan falta jaurtiketa zentimetro gutxigatik joan zen kanpora, hamargarrenean Iñigoren erdiraketan oina sartzea falta izan zitzaion, eta 18. minutuan area barrutik egindako jauritiketan ere aukera ona izan zuten gureek. Oro har, neurketa irekia izan zen lehen hogei minutuetan. Anaitasuna zuzenegi aritu zen momentu askoan.

Espazio horiek baliatzen lehena Anaitasuna izan zen. 22. minutuan ezker hegaletik landu zuen jokaldia taldeak, baina zelai erdian baloia Zulaikak berreskuratu ondoren, Unaik oinaren kanpoaldearekin atzelarien bizkarrean zen Mikel Arzalluzi egin zion pasea. Aurrelariak, gorputzarekin kontrola egin eta baloia zuen bezala jaurti zuen atera. Zelaian batutako ehundaka zalek eztanda egin zuten. Poza eta oihuak ez ziren falta izan.

31. minutuan iritsi zen Beti Gazteren berdinketako gola. Zelai erdian bi baloi arriskutsu galdu zituzten, eta arriskuan erre ziren gureak. Area ertzean bat-biko on bat egin eta gero, area barruan sartu ziren lesakarrak, eta area barruan pasea aurrera egin eta jokoz kanpoko posizioa gertu zuten arren, aurrelariak atea hutsik zuela neurketa berdintzea lortu zuen.

Beti Gazte gehiago ari zen izaten, sentsazioak ez ziren onenak, baina atsedenaldira iritsi aurreko azken hiru minutuetan bi abagune garbi egin zituzten gorrixek. Lehena falta azkar atera eta gero iritsi zen, eta bigarrena Iñigoren oinetan izan zen. Aramendik erdiratu zuen baloia ezker hegaletik, eta Iñigok bigarren zutoinean gutxigatik ez zuen gola egin.

Bigarren zatiko lehen minutuak garrantzitsuak ziren, eta gureak gogotsu zelairatu ziren mutilak. Ezker hegaleko falta erdiraketa baten ondoren iritsi zen bi eta batekoa. Iñigok jarri zuen baloia jokoan, eta erdiraketa luzea, bigarren zutoinera egin zuen. Oier Beitiak ondo jarraitu zion jokaldiari, eta buruz baloia ukitu ondoren, baloia ate barrura sartu zen atzelari baten laguntzarekin. Jarraitzaileek, beste behin, zutik ospatu zuten Anaitasunaren gola.

Beste gol bat beharrezkoa ikusten zen neurketa lasai amaitzeko, baina ez zen iritsi horrenbeste desiotako gola. Iñigok 57. minutuan gertu izan zuen hirugarrena. Jokaldi pertsonal bikain bat burutu zuen Lesakako hainbat jokalari atzean utziz, baina ez zuen atezainaren aurrean amaitzen asmatu. Atepeko gizonak bereganatu zuen baloia.

Azkeneko minutuetan ez zuen gehiegi sufritu taldeak, baina beldurra nabari zen harmailetan. 89. minutuan, Ander Arabaolazak bere oinetan izan zuen atezainaren aurrean geldituta neurketa erabakiko zuen gola egitea, baina beste behin bisitarien atezainak ondo bete zuen bere papera. Nafarrek ez zuten estuasunetan jarri taldea.

Ondo landuta, neurketa gogor bat aurrera atera zuten gure mutilek. Berriz ere Elgoibar izango dute gureek Hirugarren Mailara igo aurreko azken aurkaria. 2011-12 denboraldian, Anaitasuna Hirugarren Mailari azkenekoz igo zen denboraldian, elgoibartarrak izan zituzten aurkari denboraldiko azken jardunaldian. Ordukoan, berdinketa nahikoa izan zuten gorrixek mailaz igotzeko. Neurketa 17:30ean hasiko da. Elgoibarrek baino gol bat gehiago baldin badu markagailuan Anaitasunak, zapatuan 19:15ean, Hirugarren mailako taldea izango gara. Klubetik zaleei Elgoibarko Mintxetara joateko deia egiten diegu. Iaz Hondarribian bizitako momentu atseginak gogoan, errepika dezatela zaleek zelaitik kanpoko festa Elgoibarren, eta borobildu dezatela mutilek zelaian.