Erabakia bi pausora

Amaikak Bat 1
Anaitasuna CD 3

Neurketa lasaia izan zen, oro har, Quindosen mutilentzat. Amaikak Batek errenta txikitu zuenean estutu zen partida, baina taldearen erantzuna aparta izan zen

Taldeak sendotasun zantzuak erakutsi zituen Debako Errotazar zelaian, eta Txerloian Oiartzunen aurka jasotako kolpetik ezinhobeto altxatu dela erakutsi die aurkariei. Hasieratik erakutsi zuten gorrixek etxeko taldea baino gehiago zirela jokoan, eta aukera asko sortu zituzten. Garaipen honekin, berdin jarraitzen dute sailkapenean bi jardunaldiren faltan.

AmaikakAnai1

Ioannes Garatek horrela ospatu zuen berak egindako bat eta hirukoaren gola. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Aukerak garbi batzuk huts egin, eta ordu laurdena bete zenean iritsi zen huts eta batekoa. 16. minutuan, area ertzean Anaitasunaren aldeko falta adierazi zuen epaileak. Iñigo Arzalluz izan zen jaurtiketa egiteko ardura hartu zuena. Zuzenean atera jaurti zuen hegaleko jokalariak baloia, eta zutoinaren ondotik ate barruan amaitu zuen bere jaurtiketak. Herritik zale ugari joan ziren gure mutilak animatzera, 100 jarraitzaile baino gehiago, eta indar handiz ospatu zuten taldeak egindako lehen gola.

Taldeak berdin-berdin jarraitu zuen gola eginda ere, aukera gutxiago sortu zituen. Aurkariaren aldetik ere ez zuten gehiegi sufritu beharrik izan, eta uneoro neurketa kontrolpean izan zuten gureek. Atsedenaldira iritsi aurreko jokaldian, Iñigo Arzalluz berriz ere protagonista izan zen Errotazar zelaian. Eskuin hegaletik aurrera egin zuen, eta areako azken lerroa zapaltzear egindako erdiraketan, borrokaren saria lortu zuen Anaitasunak. Eskuinez baloia erdiratzea lortu zuen Iñigok, eta baloiak Amaikak Bateko atzelari baten soinean jo ondoren, huts eta bikoa iritsi zen. Zinez gol garrantzitsua lortu zuten mutilek, atsedenaldira lasaitasun apur bat gehiagorekin joateko gola egin baitzuen taldeak.

Beste patxada batekin zelairatu zen Anaitasuna bigarren erdira. Atzean ondo jarri ziren mutilak lehen minututik, eta aurrean izan zituen aukerak aldea handitzeko. 48. minutuan, Mikel Arzalluzek gertu izan zuen neurketa erabakita uzteko gola. Area barruan atzelari bati iskin egin eta gero, jaurtiketa gehiegi gurutzatu zuen. Amorru handia erakutsi zuen aurrelariak, gola egitea merezi baitzuen jokaldiak.

Taldea ez zen lehen zatian adina gerturatu etxekoen areara, baina urrunetik gola egitear izan zen Anaitasuna. Horren adibide garbia izan zen Iker Pastrianek 54. minutuan zelai erditik egindako jaurtiketa. Atezaina metro batzuk aurreratuta zegoela ikusi, eta indar handiz altxatu zuen baloia. Harmailetan batutako zaleek gola gertu ikusi zuten jokaldi hartan, baina zoritxarrez langak ekidin zuen gorrixen hirugarren gola. 

Azken orduerdian, neurketari erritmoa eta kontrola falta izan zitzaion. Amaikak Bat azken ahaleginetan murgildu zen, eta 65. minutuan gertu izan zuten gola etxekoek. Eskuin hegaleko falta bat bakarrik errematatu zuten area barruan debarrek, baina zorionez, zutoinaren ondotik kanpora joan zen baloia.

Itxuraz, bazirudien Anaitasunak ez zuela neurketa sufritzen amaituko, baina 86. minutuan egindako oker txiki baten ondoren, Amaikak Batek bat eta bikoaren gola egitea lortu zuen. Eskuin hegaletik bakarrik agertu zen etxeko jokalari bat, eta jaurtiketa gurutzatuz, aldea murrizteko gola egin zuten etxekoek.

Oier Elorza zelairatu berriak, ondoren, aukera bikoitza izan zuen etxekoen oldarraldia hotz-hotzean mozteko, baina lehen ahaleginean atezainarekin topo egin, eta bigarrengoan baloia gehiegi loratuta, ez zituen baliatu izan zituen bi aukerak. Minutu bat geroago, Iñigo Arzalluzek ere gertu izan zuen gola, baina jokaldia nahastu eta gero, atezainak bereganatu zuen baloia.

Luzapeneko azken minutura arte sufritu beharrean izan ziren gure mutilak. Amaikak Batek ez zuen asko estutu amaieran, baina neurketa itxi eta erabaki arte, mamuak ikusi zituzten jarraitzaileek. Ioannes Garate aurrelariak ezarri zuen azkenean, bat eta hirukoa. Xabi Soralucek egindako aldaratze luze batean, Ioannesek bikain borrokatu zuen baloia, eta etxekoen azken atzelariari baloia ostu ondoren, atezainaren aurrean gola egitea lortu zuen. Zaleek eta ordezko jokalariek pozarren ospatu zuten Ioannesen gola. Jokalariak eta zaleak bateratu zituen gola izan zen Ioannesena.

Debako neurketa pasata, orain bi jardunaldi gelditzen dira txapelketa amaitzeko. Erabakia euren eskuetan dute mutilek. Asteburuan Beti Gazte talde nafarra jasoko dute Txerloian, eta etxeko azken neurketa izanda, herri guztiak bultzatu behar du taldea. Hiru pauso behar zituen taldeak, orain bi pausora dute nahi dutena. Biak zuzenak izan daitezen, nafarren aurka lehena ematea egokitzen zaie mutilei. Zaleak izan daitezela bidelagun eta bultzatzaile.