Kostata, baina hiru puntuak etxean gelditu ziren

Anaitasuna CD 2
Real Union 1

Atsedenaldira atzetik joan ziren gureak, baina Ander Arabaolazak egindako bi golek hiru puntuak etxean gelditzeko balio izan zuten

Aurkari arriskutsu baten aurka neurtu zituen indarrak Anaitasunako Ohorezko Mailako taldeak larunbat arratsaldean. Orain arteko aurkari gehienak ez bezala, ez zieten baloia lasaitasunez jokatzen utzi eta goitik hasten zuten presioak estu hartu zuen Anaitasuna.

Hortik irundarren hasiera indartsua. 7. minutuan lehen abisua emana baitzuten bisitariek, area ertzeko jaurtiketak Astiren ateko zutoinean jo zuelako. Hurrengo jokaldian, ordea, ez zuten barkatu. Gizonik aurreratuenek zuten abiadura baliatuz, azkar irten ziren kontraerasora eta eskuin hegaletik barnekaldera egindako pase batetik etorri zen huts eta batekoa. 10. minutua zen, eta beste behin Anaitasuna atzetik jardun beharrean aurkitu zen neurketako hiru puntuak eskuratzeko.

Patxadaz aritu ziren gureak, presarik gabe, eta berriz ere fruituak eman zituen. Taldeko jokaldi polit batean gertu izan zuten berdinketa. Unaik bikain zabaldu zuen jokoa Aramendirenganaino eta hark egindako erdiraketa, aurrez jokaldian bertan parte hartu zuen Izagirreri irtsi zitzaion, baina honek buruz egindako errematea atezainak urruntzea lortu zuen.

Lehen zatia grisa izan zen oro har, eta irundarrek Txerloiako berdegunean erakutsi eta emandako irudia hobea izan zen neurri handi batean. Grisa izanagatik berdinektako lortzeko adinako aukerak sortu zituen taldeak, eta 21. minutuan neurketako protagonista bihurtuko zen Ander Arabaolazak bere oinetan izan zuen lehena. Landak eskuin hegalean ondo borrokatutako baloiak saria izan zuen, honek Iñigo Arzalluzekin jokatu baitzuen. Iñigok jokoa erdira eraman zuen eta Unai Aranbarrik Ander Arabaolazaren mugimendua bikain ikusiz atzelarien artetik egin zion pasea aurrelariari, baina azken jaurtiketak atezainaren gorputzerako bidea hartu zuen. Ordura arte taldeak izan zuen aukerarik garbiena izan zen azken hau.

Atsedenaldira bitartean ez zen bestelako aukera nabarmenik izan. Real Unionek geldikako jokaldien bitartez estuasun batean edo bestean hartu zuen Asti, baina garrantzia handiegirik gabe pasa ziren, eta aldageletarako bidea huts eta batekoarekin hartu zuten gureek.

Bigarren zatiari, ordea, beste modu batean heldu zioten Qundosen mutilek eta hasiera-hasieratik berdinketaren bila zelairatu ziren. Lehena 48. minutuan Aramendik izan zuen. Taldeak eskuin hegalean landu zuen jokaldia eta baloia area barruraino eramatea lortu zuen, erdiraketa egitera iritsiz. Aramendiren oinetara iritsi zen baloia, eta bere eskuinkada gutxigatik zutoinaren ondotik kanpora joan zen.

Hiru minutu geroago, 51. minutuan, ez zuen barkatu Ander Arabaolazak. Berriz ere eskuin hegala baliatu zuen Anaitasunak min egiteko, eta oraingoan bai, saria jaso zuen. Iñigo Arzalluzek irundarren atzelariak atzean uztea lortu zuen eta behin area ertzera iritsi zenean azpitik egindako erdiraketa Ander Arabaolazari pasatzea lortu zuen, honek atzetik aurrera eginez, baloia sareetara bidaltzeko.

65. minutuan, berriz, aurrea hartzear izan ziren gureak. Aurrez Aramendik izan zuen aukeraren oso antzekoa izan zen honakoa. Oraingoan Elorza bera izan zen area barruan atzelariak atzean uzten joan zena, baina azken jaurtiketa atzelariek kornerrera urruntzea lortu zuten. Bigarren golaren aurretik azken aukera garbia izan zen Anaitasunarentzat.

81. minutuan iritsiko baitzen taldearen bigarren gola. Atzelarien bizkarra bilatu zuen taldeak, eta bai aurkitu ere. Ander Arabaolaza azken atzelariarekin batera zen eta baloi luzea baliatzeko gai izan zen aurrelaria, abiaduraz irundarrei ihes egin, baloia kontrolatu eta nahi bezala area barruan jaurtiketa egitea lortuz. Amaitzeko minutu gutxiren faltan, buelta eman zion markagailuari taldeak.

Ondorengo minutuetan, azkenik, ez zen apartekorik gertatu, baina bai luzapenean. Hirugarren gola egitear izan zirelako gureak epaileak amaierako txistua jo aurretik. Anderren bigarren golaren antzeko jokalditik sortu zuen arriskua berriz ere taldeak. Atzelarien bizkarrera luze jokatu zuten gureek, Ander Pastrianek abiaduraz atzelariak atzean utzi zituen, baina jaurtiketa gehiegi gurutzatu zuen eta zutoinaren albotik kanpora joan zen jaurtiketa.

Jokaldi hau amaitu bezain laster jo zuen epaileak amaierako txistua, eta beraz, ez zen gehiagorako astirik izan Txerloian. Beste hiru puntu garrantzitsu batu zituen Igor Quindosen taldeak etxean, eta orain bi aste zuen bolada txarra iraultzea lortu du berriz ere bi garaipeneko boladara itzulita.

Datorren asteburuan Martutenera egingo du bidaia taldeak. Martutene sailkapeneko azken hirugarren posizioan dago, bi garaipenekin. Azken garaipena, hain zuzen, asteburu honetan lortu du Errenteriako Touringen etxean, huts eta bat irabazita. Orain arte batu duen beste garaipena, berriz, etxean lortu zuen Oiartzunen aurka. Gureak bolada ona luzatzeko asmoz joango dira Martutenera.